NAIZ

Hilaren 27ari begira, memoria eta aitortza aldarrikatu dituzte senideek Sorturekin batera

Irailaren 27an, larunbatarekin, Iruñeko Anaitasuna polikiroldegian egingo den ekitaldirako deia luzatu du Sortuk, Txiki eta Otaegiren senideekin batera. Oztopoak oztopo, memoria eta aitortzaren beharra nabarmendu dute.

Otaegi eta Txikiren senideak, Sortuko kideekin batera Zarautzen.
Otaegi eta Txikiren senideak, Sortuko kideekin batera Zarautzen. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bi aste barru 50 urte beteko dira Francoren aginduz Anjel Otaegi eta Jon Paredes ‘Txiki’ fusilatu zituztenetik. Eta egun horretantxe, irailaren 27an, ekitaldia deitu du Sortuk Iruñean, Anaitasuna kiroldegian. Milaka lagun espero dituzte bertan, asteazken honetan Sortuko ordezkariek Txiki eta Otaegiren senideekin batera Zarautzen aipatu dutenez.

Heriotz zigorra ezarri zieten bi borrokalarien hurrengo belaunaldiko senideek hartu dute hitza agerraldian. «Diktadura frankistaren eta injustizien aurka, eta Euskal Herri hobe baten alde egin zuten bi gazte idealista ziren», laburbildu dute Anie Paredesek, Txikiren ilobak, eta Irati Urtuzagak, Anjelen lehengusu baten alabak.

Bigarren belaunaldi honen senideez gain, lehenengokoak ere izan dira: Mikel Paredes anaia, eta Mertxe Urtuzaga, Anjel Otaegiren lehengusina. «Duela mende erditik gure familiek orbain bana daramate. Orbain gordinak, bortizki fusilatuak izan baitziren biak. Hori, ordea, ez zen irailaren 27. hartan amaitu: bost hamarkadaz fusilamenduek eragindako sufrimenduaz gain, askotariko jazarpenak eta urte luzetako ahanztura jasan behar izan ditugu senideok», oroitarazi dute.

Orbainak ez ezik, memoria eta transmisioa ere izan dituzte mintzagai kazetarien aurrean: «Gu jaiotzeko ginen arren, guganaino iritsi dira Jon eta Anjel. Gure familiek, ahanztura horri aurre eginez, nortzuk ziren azaldu izan digute beti: nolakoak ziren, zein ziren beraien ametsak, zeren alde egin zuten borroka… Eta transmisio horrek aurrera jarraituko du».
 
Udan zehar nabariak izan dira oroimenak eta aitortzak herritarren partetik, «baina baita haien aurkako ekintza eta adierazpenak ere –aipatu du Urtuzagak–. Harrabotsa sortu du gaiak, eta senideongan ere sentimendu eta oroitzapen ugari piztu dira. Pozak eta minak sentitu ditugu», aitortu du.

«Orbainak osatzeko beharrezkoa da aitortza; baina ez aitortza herritarra bakarrik, baita aitortza instituzionala, erreparazioa eta justizia ere», adierazi dute senideek. 2012an Lakuak indarkeria politikoaren biktima gisa aitortu zituen Txiki eta Otaegi, Iñigo Urkullu lehendakari zelarik. Urrats hori, berandu iritsiagatik, familiek esker onez jaso zutela azaldu dute, baina oraindik bide luzea dagoela egiteko zehaztuz.

«Korapiloa askatzeko garaia» Sorturen ustez

Bi euskal borrokalariak gogoratu bakarrik ez; zergatik hil zituzten salatuko da Anaitasunako nazio ekitaldia. Sorturen partetik Lur Albizu Nazio Kontseiluko kideak nabarmendu duenez, Euskal Herria itotzea zutela xede fusilamendu haiek eta ondorengo gertakariek: «Bi hilabete eskasera, berriro berretsi zen hori, Franco hil eta Juan Carlos I Borboikoa Estatuburu izendatu zutenean, ‘guztia lotuta, eta ondo lotuta’ uzteko xedez». esan du.

Orduko hartatik dator egungo errealitatea, erantsi du. «Gure herriaren nazio izaera eta autodeterminazio eskubidea ukatuak dira. Herri hau altxarazi eta itxaropena ekarri zuen belaunaldi haren askatasun egarria ere iritsi da guganaino. Euskal Herria askatzera lotu gara ordutik milaka herritar, eskuz esku herri hobe bat eraikitzeko ametsera batu», ekarri du gogora Albizuk.

Senideek egin duten bezala, berak ere azken asteotan azaleratutako kontrako jarrerarei erreparatu die Sortuko ordezkariak: «Biktima aitortuagatik, orain haien oroimenak mina eragiten duela adierazi dute zenbaitzuek, beste behin lehen mailako eta bigarren mailako biktimak daudela argi utziz». Sorturen iritziz ere, «frankismoari aurre egin zieten euskal herritar guztiek beharko lukete aitortza instituzionala».

Hortik haratago, «50 urte geroago, bada garaia behingoz ondo lotuta utzi zuten korapilo hura askatzeko, hau da, gure herriari dagozkion eskubideak aitortzeko», azpimarratu du Lur Albizuk.

Ekitaldira sartzeko ez dela sarrerarik edo izena eman beharrik egongo argitu du Sortuko ordezkariak: «Euskal Herriaren independentziara bidean, askatzera lotu garenon garaia da!», amaitu du.