
Alpinistak zein eskalatzaileak maiz ikusten ditugu sortze prozesuetan murgilduta. Batzuek, bederen, horren aldeko apustua egiten dute. Esteban Daligault eta Baptiste Obino ditugu horietako batzuk. Mapari, bideei, estrategiari… begirada bat baino gehiago eman ondoren, «xisteratik» proiektu eder bati forma eman berri diote. Forma emateaz gain, berrikuntza eta sortze lan horretan arrakasta izan dute.
Bidaia oso erakargarria zuten aurretik. Hain zuzen ere, ondo ezagutzen duten Ecrinseko mendilerroan (Alpeak). Erronka berriak bete-beteko osagaiak zituen: zazpigarren mailako zazpi bide handi astebeteko jardunean biribildu. Guztiak ala guztiak, gainera, nortasun handiko mendietan: Olan, Dibona, Meije, Pavé, Pic Sans Nom, Sialouze eta Bans.
Obino izan zen helburu horri koloreak eskaini zizkionak. Alpinista frantziarrak aurreratu digu duela urte batzuk ohartu zela Ecrinseko mendilerroak zazpi tontor zituela zazpigarren mailako ibilbideekin. Guztiak ala guztiak eskalada tradizionalean oinarrituta: «Proiektu hori lantzen eta aztertzen hasi nintzenean, iruditu zitzaidan esku artean nituen asmoak oso egingarriak zirela. Zeharkaldi edo lotura hori oso agerikoa egin zitzaidan, eta banekin egin gabe zegoela. Zalantza batzuk nituen; izan ere, trantsizioak oso luzeak dira. Adibidez, aterpeetara garaiz heltzea ezinbestekoa da. Afaririk gabe, ezinezkoa da jarraitzea! Eta bagenekien lotura batzuetan justu-justu ibiliko ginela».
Bi protagonistok bazekiten ere esku artean zuten xedeak asko eskatuko ziela. Duela urte batzuk Obinok ekinaldi bat egin zuen Léo Cabrolekin, baina azken hori lehen egunetan gaixotu eta bertan behera utzi zuten lotura. Bigarren saialdirako Daligault «fitxatu» zuen. GEAN taldean ezagutu zuen, eta, adibidez, Pré de Bar mendian dagoen mistoko “Les babares” marra eskalatu dute elkarrekin. Hortaz gain, Obinok bazekien bere sokakideak maila eta sasoi bikaina dituela eskaladan: 9a zailtasuneko bide batzuk kateatu ditu.
Lotura
Udara ez da batere egonkorra izan Alpeetan, eta horregatik bi alpinistok zain egon ziren leiho egonkor bat noiz iritsiko ote zen. Azkenean, abuztuaren hasieran heldu zen, baina ez zen oso sendoa. Les Étages izan zen irteera puntua. Lehen gaua Font Turba aterpean egin zuten, eta biharamunean Olaneko ‘Chauve qui peut’ (7b, 1.030 m) eskalatu zuten. Bide normaletik jaitsi eta presaka Soreiller aterpera abiatu ziren.
Dibona izan zen bigarren eguneko geltokia. Izen bereko marra eta beste bide batzuetako luze gogorrenak lotu zituzten. Gehienez, 7b+ maila gainditu zuten. Promontoiren gaua igaro ondoren, frantziarrok Grand Pic de Meijen joan-etorria egin zuten. ‘Mitchka’ (7a, 800 m) izan zen aukeratuko bidea: «Egun hori ez zen gogorra izan, baina oraindik lau egun genituen aurretik. Loturaren egunik zorrotzena zain genuen: Pavé. Zalantza izpirik gabe, aitor dezaket egun gogorrena izan zela. Batetik, Pavé izeneko lepotik igarotzeko tresneria egokia ez generamalako. Horregatik, gauez ertz batetik igoera bat inprobisatu genuen. Zorionez, ‘La Pavé dans la marre’-ren (7b, 350 m) oinarrira iritsi ginen. Atzerapenarekin gindoazen, eta luizi batzuengatik suntsituta geratu zen Le Bérardetik korrika eta presaka joan ginen».
Gau horretako atsedena bikaina izan omen zen; izan ere, oinak oso nekatuta zituzten. Hurrengo helburua Obinok bikain ezagutzen zuen. Pic Sans Norm-eko ‘Makhnochthina’ ibilbideari buruz ari gara. Duela lau urte, marra hori (7b, 600 m) bakarka zabaldu zuen. Sélé aterpetik igaro eta gero, Sialouze gailurrera abiatu ziren ‘Unchi Maka’ (7c, 350 m) bidetik. Zazpigarren eta azken mendia Les Bans izan zen. Igotako marra, berriz, ‘Bans Bino’ (7a, 450 m). La Bérarde izan behar zen helmuga. Baina aurreratu dugunez, herrixka hori suntsituta dago. Gainera, Bans-eko glaziarra oso arriskutsua zegoen. Entrayguesetik jaistea erabaki zuten.
Zazpigarren mailako zazpi bide astebeteko jardunean, ibilbide alpinoak, 73 kilometro, 13.000 metroko desnibela… Horiek guztiak dira Daligaulten eta Obinoren proiektu berriak izan dituen osagai nagusiak. ‘Grand Sept’ deitu diote proiektuari. Amaitu bezain laster, protagonistok esan dute asko eskatu diela: «Fisikoki eta mentalki oso gogorra izan da, batez ere bigarren eite horri azpimarra jartzen diogu».

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena
