
Gipuzkoako Urrezko Domina Lurdes Iriondo Mujikari (Donostia, 1937 – Urnieta, 2005) emango dio aurten Gipuzkoako Aldundiak, haren heriotzaren 20. urteurrenean. Ekitaldia abenduan egingo da, eta omenaldi «hunkigarria eta berezia» izango dela aurreratu dute, omenduaren familiarekin eta gertukoekin elkarlanean prestatzen ari direna. Erakundeak ematen duen hilondoko bigarren Urrezko Domina izango da hau, 2008an Mikel Laboari eman ostean.
Irune Berasaluze bozeramaileak nabarmendu du errekonozimendu honen bidez Iriondok euskal kantagintzan eta haur literaturan egindako «ekarpen aitzindaria» aitortuko dela, eta baita «garaiko estereotipoak eta oztopoak gaindituz emakume sortzaileak euskal kulturaren erdigunean kokatzeko izan zuen adorea ere».
Urrezko Dominaren asmoa euskararen biziberritzean eta euskal kulturaren suspertzean egindako «lan mamitsu eta berritzailea gaurkotzea, justizia egin, eta behar duen lekuan kokatzea» dela ere nabarmendu du, «gure Herriaren eta lurraldearen historian merezi duen tokia izan dezan».
Lurdes Iriondo kantagile, idazle eta irakaslea izan zen, eta Ez dok amairu mugimendu abangoardistaren sortzaile eta kideetako bat. Mugimendu horrek euskal kantagintza eraldatu eta euskal kulturaren susperraldian eragin handia izan zuen. Bere ahotsak eta irudiak –plazaren erdian emakume kantari bat, gitarra lagun zuela– arrasto sakona utzi zuen belaunaldi askotan.
«Bere ibilbidea aitzindaria izan zen berdintasunaren ikuspegitik ere, emakume sortzaileak plazaren erdigunean kokatzeko ausardia eta gaitasuna izan baitzuen, gizarte hertsi batean», azpimarratu du Berasaluzek. «Bere abestietan euskaltzaletasuna, herrigintza, kritika soziala eta politikoa, nahiz espiritualtasuna uztartu zituen eta, horrela, ondoren etorri diren emakume musikari eta kulturgileentzat bidea urratu zuen».
Gogora ekarri duenez, Iriondok ekarpen oparo eta aitzindaria egin zuen haur literaturan ere, eta hainbat aditu eta jakitunen esanetan, mugarri izan zen euskararen transmisioa belaunaldi berrietara zabaltzeko ahaleginean.
«Gipuzkoak omenaldia egiten dio Lurdes Iriondori zor diogun guztiagatik, emakume sortzaile gisa urratutako bideagatik, eta justiziaz haren izena eta ondarea gure lurraldearen historian idatzita gera daitezen», amaitu du.
Lordes Iriondori abenduan egingo den ekitaldi batean egingo zaio aitortza baina, aldez aurretik, ostiral honetan, irailak 19, abiatuko den Donostiako Zinemaldian ere egingo zaio omenaldia, ‘Lurdes Iriondo. Ez gera alferrik pasako’ dokumentalarekin. Inge Mendiorozek zuzendutako lan hau jaialdian estreinatuko da eta hala aurkeztu dute lana sinopsian: «Garai bateko zuri-beltzezko argazkietan izoztua gelditu den abeslari gaztea. Kapsulatua. Enkuadre baten barruan harrapatua, haren ahotsa diskoetan bezala. Ahaztuta, nonbait, ikuspuntua hautatu egiten dela. Ahaztuta, abeslaria izateaz gain, euskal kulturaren transmisioan ezinbesteko erreferentea ere badela Lurdes Iriondo. Transmisioarentzat haurrak ezinbesteko zirela ulertu zuen, eta haientzat idatzi zituen liburuak eta antzerkiak».

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu

Desconocidos roban la ikurriña de Ayuntamiento de Ondarroa y realizan pintadas

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
