Zuri beltzezko argazkietan izoztuta gelditu den neska
‘LURDES IRIONDO, EZ GERA ALFERRIK PASAKO’
Euskal Herria, 2025. 72'. Zuzendaria: Inge Mendioroz Ibañez Gidoia: Idoia Garzes Aldazabal. Argazkia: Haritz Arrizabalaga Musika: Maite Arroitajauregi, Mursego. Soinua: Koldo Corella. Muntaketa: Inge Mendioroz Ibañez.

Oraindik iltzatuta daramat, bai garunean eta bai bihotzean, ‘20.000 especies de abejas’ film zoragarriaren azken sekuentzia, Lourdes Iriondoren ‘Gaua’ kantua lagun. Irudiek bazuten indar nahikoa, baina Iriondoren ahotsak eta melodiaren uhinek emozioaren geruza berri bat ehundu zuten.
«Garai bateko zuri beltzezko argazkietan izoztuta gelditu den neska gaztea. Kapsulatua, enkoadraketa baten barruan atxikia eta harrapatua, haren ahotsa diskoetan bezala». Hitz horiek dira abiapuntua eta giltza, ‘Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako’ dokumental ederraren mezu nagusia ulertzeko.
Ikus-entzunezkoak Lurdes Iriondo ezagutarazi eta bere lana agerian jartzea du helburu, baina, aldi berean, Inge Mendioroz Ibañez egileari hainbat gai jorratzeko aukera ere ireki dio: Ez Dok Amairu Euskal Herriko kultura mugimendu abangoardistaren garrantzia, emakumearen papera artean eta hari ematen zaion balio eta ikusgarritasun eskasa, patriarkatuaren eragina, erreferenteen beharra, eta abar. «Abeslaria, sortzailea, antzerkigilea...»; halako lerroburuak oso gutxitan lotu dira Iriondorekin, eta hori bera da Agurtzane Intxaurraga Etxebarriak dokumentalean salatzen duena.
Berarekin batera, Mariasun Landa Etxebeste, Patxika Erramuzpe Alfaro, Koro Berasategi Iriondo, Maite Idirin Solatxi, Amagoia Mujika Tolaretxipi, Jule Goikoetxea Mentxaka eta Ana Guadalupe Fernandez Bilbao elkarrizketatu ditu zuzendariak. Bakoitzak bere alorretik, bere ezagutzatik eta bizipen pertsonaletatik abiatuta, Iriondoren inguruko pasadizoak eta datuak eskaintzen ditu, betiere garaia eta testuingurua oso presente izanik.
Elkarrizketatuekin batera, egunkari zaharretako zatiak, animaziozko pieza laburrak, argazkiak eta harribitxiak diren artxibo irudiak tartekatzen dira; irudi eta ahots horien bidez, 75 minutuko ibilbidean, ezin hobeto biltzen dira euskal artista honen izena eta izana.
Alor teknikoa xumea da, handikeriarik gabea, baina kontakizunak eskatzen duen neurrira egokitua: arina eta ikuserraza. Maite Arroitajauregi-ren melodiek irudiak lagundu eta aberastuz, baina sekula ez hauen gainetik jarriaz. Nagore Llorens Garcia zein Idoia Garzes Aldazabalen off-ahots gozo eta samurrak, xuxurlaren antzera, narrazioari ñabardura eta edertasun berezia eransten diote.
«Euskal artista guztiak, doan eta ofizioz lan egitera kondenatuta egon behar al dugu? Horrela jarraitzen badugu, euskara laster hil egingo da. Gezurrezko Kixote ergel batzuk garela hilko da».
Gaur egun idatziak diruditen hitz horiek, Lurdes Iriondok 1977an ‘Garaia’ aldizkarian idatzitako artikulu batetik aterata dira. Lerro horiek, egindako eta lortutako beste aurrerapen askoren antzera, artistak utzitako arrasto ezabaezinaren adibide dira.

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

