
Nahia Zudaire bigarrenez igo da podiumeko hirugarren tokira Singapurren jokatzen ari den igeriketa egokituko Munduko Txapelketan. Igerilari gipuzkoarrak hirugarren denborarik onena egin du SB7 kategoriako bular erako 100 metroko finalean, eta brontzezko domina lortu du, S8 kategorian estilo libreko 400 metroetan bereganatutakoari gehituta. Bular estiloko 100 metroko proba da Zubietako igerilariari hobekien ematen zaionetako bat; horren erakusgarri da Parisko Paralinpiar Jokoetan diploma eman zion laugarren postua.
Final handia arratsaldeko saioan jokatu da zuzenean, goizeko sailkatze-proba jokatu gabe. Zudaire, 3. kaletik igerian, hirugarren jarri da probaren hasieratik eta ez du postua galdu. Lehen 50 metroen ostean, horma ukitu du 44.26ko denborarekin, eta bigarren zatian postuari eustea lortu du, Yan NG Cheuk Hong Kongeko igerilariaren zelatan eta aurrean zihoazen bi igerilariek ezarritako abiadura azkarrean.
Mariia Pavlova errusiarrak erritmo bizia ezarri du urrea lortzeko eta poltsikoratu du, 1:24.51ko denbora eginda, munduko errekor berria ezarriz gainera. Zilarra Iona Winnifrith britainiarrak kolkoratu du, 1:26.57ko markarekin, eta brontzea Nahia Zudaireren eskuetara joan da, kronoa 1:33.87an geldituz.
Gipuzkoarrak aipatutako diploma paralinpikoa eta beste bi brontze lortu ditu bere ibilbidean bular erako 100 metroko proban, Manchesterreko Munduko txapelketan irabazitakoa 2023an eta Funchaleko Europako txapelketan lortutakoa 2024an.
Llopis, zortzigarren tximeleta estiloko 100 metroetan
Bestalde, Iñigo Llopisek, astelehenean bizkar estiloko 100 metroetan Munduko txapeldun izan zenak, tximeleta estiloko 100 metroko proba jokatu du gaur S8 kategorian. Laugarren postuan amaitu du goizeko sailkapen saioa, 1:06.23 denborarekin, eta horri esker finalean sartu da.
Bertan donostiarrak zortzigarren bukatu du, 1:07.43ko markarekin, Ting Li txinatarrak (1:02.12), Alberto Amodeo italiarrak (1:02.87) eta Eduard Horodianyn ukrainarrak (1:03.36) osatu duten podiumeko postuetatik urrun.

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon
