Hizkuntza gutxituen erronkak «mundu-berrigintzan»

READ Jaialdian «Hizkuntza gutxituak inperioen aurka» mahai-ingurua egin zuten. Hizkuntza, «ondare» gisa baino, «era bizi eta emantzipatzailean» ulertuz, dinamika politiko, sozial eta kulturaletan txertatzeko apustua egin zuten. Nola egin, ordea? Askotariko gako eta ñabardurak plazaratu zituzten.

Joan Ferrarons, Ane Eslava, Nerea Fillat, Alexandre Sanchez eta Simon Vazquez moderatzailea, hurrenez hurren.
Joan Ferrarons, Ane Eslava, Nerea Fillat, Alexandre Sanchez eta Simon Vazquez moderatzailea, hurrenez hurren. (Oriol CLAVERA)

Irailaren 17tik 19ra, GARA/NAIZ eta mundu osoko beste 240 argitaletxe, aldizkari eta hedabide inguru elkartu dira Bartzelonan, nazioarteko READ Jaialdian. Hitzaldiak, bilerak, mahai-inguruak... «liburuen eta ideien konbentzio» inspiratzailea izan da, zalantzarik gabe. Horko zenbait pilula eskainiko ditugu datozen hiru egunetan.

La Model eraikin historikoan izan da bilkura. 2017ra arte espetxe izan zena kultur eraikin gisa birgaitu dute, baina errespetua ematen jarraitzen du: panoptiko erraldoia, galeria sakonak, zelda hitsak, “metadona” banatzeko gelaxka, hormigoiz hesitutako patioak... Hormatzar horien artean milaka «alfer», «maleante», «maritxu», «emagaldu», «jonki» eta preso politiko pilatuta irudikatu eta hozkirri batek zeharkatzen du gorputza. Gatibu horietako batzuk aski ezagunak dira, gainera: Luis Companys Kataluniako presidenta, Juan Paredes “Txiki” euskal militantea... 1974an hantxe hil zuten Salvador Puig anarkista. Lehen garrotea zegoen lekuan Puigen oroigarri bat dago orain, lorez, argazkiz eta garaiko albiste txatalez apainduta. Bertara inguratu eta azala berriz tenk jartzen da.

Bada, Puig garrotearekin hil zuten gelatik dozena bat metro eskasera izan zen jaialdiko lehen mahai-ingurua. Hizkuntza gutxituen erronkez, aukerez eta mehatxuez aritu ziren. Horretarako, Lux Editeurreko Alexandre Sanchez (Quebec), Txalapartako Ane Eslava (Euskal Herria), PEN katalaneko Joan Ferrarons (Herrialde Katalanak) eta Katakrakeko Nerea Fillat (Euskal Herria) elkartu zituzten.

Babesteaz harago

Tesi batetik abiatu zuten solasaldia: «Hizkuntzen hegemonizazioa» gertatzen ari da. Hau da, batzuen nagusitzea eta besteen gutxitzea. Moderatzaileak azaldu zuenez, prozesu horrek ez die hizkuntza gutxituei soilik eragiten, alemanak eta beste hizkuntza handiek ere jasaten baitute. Hala ere, bereziki hizkuntza gutxituak erasaten ditu.

Ez nolanahi, gainera. Ferraronsen hitzetan, XXI. mendean zehar «extintzio masiboa» gauzatzen ari da, «ekosistemena ez ezik, kultural, linguistiko eta espirituala» ere badena.

Horren aurrean, nola babestu hizkuntza horiek? Nola uztartu hizkuntza minorizatu baten defentsa eta diskurtso kontra-hegemonikoen sorkuntza zein zabalpena?, bota zuen moderatzaileak.

Galderari erantzunez, Ferraronsek «babestu» kontzeptuari heldu zion: «Hori da aurrena egin behar dena, extintzio hori gelditu». Alabaina, auzitan jarri zuen «hizkuntza babestu behar den herentzia gisa ulertzen duen nozioa». Harago jota, «hizkuntza gauza bizi bat bezala» pentsatzearen alde egin zuen: «Hizkuntza komunitate ororen ezaugarri esentziala da. Hizkuntza aldatzen baduzu, komunitatea ez da berdina, existitzeari uzten dio. Elkartasunezko lotura bat da».

Eslavak hari-mutur horri heldu zion: «Ezin gara ondare linguistikoa babestera mugatu, era horretan hizkuntza gutxituak museora murriztuta geratzeko arriskua dago eta». Horri lotuta, «paradigma ekologista gainditu eta marko politiko, emantzipatzaile eta are iraultzaile batera joateko» apustua egin zuen Fillatek.

Borroketan txertatuta

Horretarako, Fillaten iritziz, hizkuntza gutxituak «gure gizartean gauzatzen ari diren aldaketa sakonetan txertatzea» da gakoa. Ildo horretan, Katakrakentzat, euskarazko kultur eskaintza bere horretan zabaltzea baino, «publikatzen duten horrek irakurleen komunitatea interpelatzea da erronka». Azken urteetako zenbait adibide eman zituen: «Ziklo feministak euskaraz aurrez ezagutu ez den bezalako produkzioa izan du: lexiko feminista euskalduna biderkatu egin da... Editorial askok jo dugu horra eta funtzionatu egin du. Bazegoen komunitate bat eduki batzuk nahi zituena eta hor klik egin dugu». Testu marxista klasikoekin eta Palestinarekin ere antzeko joera sumatzen du.

Txalapartaren kasuan ere «literatura borroka emantzipatzaile zabalago baten zerbitzura jartzen saiatzen gara. Gure ustez, zeregin horretan hizkuntzaren ardatza garrantzitsuenetako bat da», esan zuen Eslavak. Hori kontuan izanik, hasieran dena gazteleraz argitaratzen bazuten ere, «egun ia kopuru bera argitaratzen dugu gazteleraz eta euskaraz. Baina irizpideak ez dira berdinak, ez aukeratzerakoan, ez baliabideak jartzerakoan. Erantzukizun gehigarri bat dugu euskararekin, hizkuntza minorizatu bat baita».

Ekoizpen horien bidez «errelato, ahots eta estetika berriak sortzea» izan da Txalapartaren erronka nagusietako bat. Adibidez, argitaletxea «aitzindari izan zen euskaraz oso gutxi zeuden gaiak lantzen: literatura erotikoa, nobela beltza, haur eta nerabeen literatura, komikia... Irudi lezake ez dutela zentzu politikorik, baina hizkuntza gutxitu batean existitzen ez den zerbait eskaintzean beste balio bat hartzen dute».

Jasangarritasuna

«Jokoa ez da errenta», dio atsotitzak; alegia, jokoan ez dagoela irabazi ziurrik. Editoreen hitzetan antzeman zitekeenez, hizkuntza gutxituei lotutako argitalpenetan ere ez da halakorik izaten: «Liburu ugari argitaratzen ditugu, nahiz eta errentagarri ez izan», argitu zuen Sanchezek. Ferraronsek sakondu zuenez, ahalegin horrek «konplexutasun ekonomiko izugarria» dakar: «Presio bat eragiten du produkzio editorialean» eta aktibismo puntu bat eskatzen du. Hori gutxi ez, «batzuetan prekaritate, esplotazio eta are auto-esplotazio egoerak areagotzen ditu».

Fillatentzat, Euskal Herriko egoerak zenbait ñabardura galdegiten ditu: «Diglosia egoeran egonagatik, euskal industria editoriala industria editorial espainiarraren logikak blaituta dago. Nahiz eta editorial askoz txikiagoak garen, nahiz eta irakurleen kopurua askoz ere urriagoa den, testuen publikaziorako logika kapitalista eta burugabe berdinean sartuta gaude». Bestalde, «gardentasun oso gutxirekin eztabaidatzen da jasangarritasun ekonomikoaz, oso subentzionatutako sektorea baita. Ez naiz hori baloratzen ari, baina hala da», gehitu zuen.

Horren aurrean, «produktua salbuespenekoa izatea» da Katakraken irizpidea: «Ulertzen diren itzulpenekin, oso ondo eginak eta erakargarriak izatea...». Halaber, horren bitartez «komunitate bat eraikitzen» saiatzen dira, liburu-kate osoko kideak horren parte izan daitezen.

Ferraronsek ere partekatzen du dirulaguntzekiko errezeloa; «baina bestetik pentsatzen dut: estatu handiek bultzatzen duten ideologia monolinguearekin alderatuta, zer da ba hori? Subentzioa erabat desorekatutako balantza horren aurrean ematen den konpentsazio txiki bat da. Eta, hala ere, asko betetzen du».

Ez guztia, ordea. Hori kontuan izanik, arrisku horiei aurre egiteko komunitatearen beharra nabarmendu zuen Eslavak: «Txalapartan Irakurle Kritikoen Kluba dugu, proiektua merkatuaz harago sostengatzen dutenak. Historikoki jende konprometitu eta militanteen masa bat izan da, liburuek, eta bereziki Euskal Herritik edota euskaraz egindako liburuek, funtzio politiko eta sozial bat ere izan dezaketela ulertzen duena».

Gaineratu zuenez, «komunitate txiki bat izateak sektore gertuagoko eta leialagoak izatea ahalbidetzen digu. Hedabideak ere gertuagokoak dira eta hedabide handiek sekula emango ez liguketen espazioa ematen digute». Horri lotuta, beste eragile politiko, sozial eta kulturalekin -tartean editorialekin- jositako aliantzen balioa nabarmendu zuen: «Horri esker gure baliabideekin soilik argitaratu ezingo genituzkeen liburuak egin ditzakegu».

Itzulpengintza

Itzultzeaz eta horrek dakartzan aukera eta arriskuez ere aritu ziren solasean. Ferraronsen irudiko, hizkuntza gutxituetan «funtsezkoa da itzulpengintza, beste ekosistema literario batzuetara heltzeko. Eta bereziki hizkuntza gutxituen arteko itzulpen zuzena. Adibidez, katalanetik euskarara. Hizkuntza hegemonikoen dinamiketatik ihes egiteko modu bat da». Alde horretatik, oharpena egin zuen: edizio guztiz elebidunek «berdintasunaren fikzioa sortzen dute».

Garazi Arrula lankidearen doktore tesia aipatuz, Eslavak honela osatu zuen: «Hark azaltzen du sistema literario espainiarrak indar zentripetu bat duela: Estatu espainiarreko hizkuntza gutxituetan argitaratutako obrak gaztelerara itzultzea bilatzen du, baina itzulpena autoreak berak egin dezan bultzatzen dute, era horretan obra berri bezala saltzeko. Asimilazio forma bat da. Garrantzitsua da hizkuntza gutxituetan ekoitzitako obrak itzuliak izatea, baita hizkuntza hegemonikoetara ere, baina garrantzitsua da asimilazio horretan ez erortzea. Eta horretarako formetako bat hizkuntza gutxituen artean itzultzea da».