Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Amatasuna eta lana

ELSKLING (ADORABLE)
Norvegia, 2024. 101’. Zuzen eta gidoia: Lilja Ingolfsdottir. Aktoreak: Helga Guren, Oddgeir Thune, Kyrre Haugen Sydness, Heidi Gjermundsen. Argazkia: Øystein Mamen.

‘Elskling’ filmeko pasarte bat.
‘Elskling’ filmeko pasarte bat. (Amarcord, Nordisk Film)

Lilja Ingolfsdottir zinemagileak amatasunari, bikote harremanei eta hausturei eskaini die tartea ‘Elskling’ bere lehen film luzean.

Pelikulak ibilbide arrakastatsua darama nazioartean: Karlovy Vary jaialdian bost sari jaso zituen, Pekingo zinemaldian lau sari, BCN Film Fest-en Gidoi Onenaren Saria irabazi zuen, eta duela gutxi, Norvegiako Zinema Akademiak lau sari eman dizkio: Film Onenari, Interpretazio Protagonista Onenari, Zuzendaritza Onenari eta Gidoi Onenari. 

Ingolfsdottir-ik berak idatzi duen gidoiaren erdigunean bikote bat kokatzen da. Maria lau seme-alabez osatutako familia baten ama da. Horrek ez dio eragotzi lan-ibilbide arrakastatsu eta emankorra izatea. Sigmund senarraren jarrera, aldiz, guztiz kontrakoa da, izan ere, Sigmundek egunak modu axolagabean bidaiatzen eta bizitzaz gozatzen igarotzen ditu. Halako batean, eztabaida itsusi bat izango dute, eta Sigmund-ek dibortzioa eskatuko dio.

Helga Guren du protagonista, Oddgeir Thune, Kyrre Haugen Sydness eta Maja Tothammer-Hruza gaztearekin batera, besteak beste. Gainera, ‘The Worst Person in the World’ Oscar sarietarako izendatuaren arduradunak ekoitzi du.

«Zineman gutxitan ikusten diren» emakumearen hainbat alderdi arakatzen dituela azaldu du zuzendariak, eta «ama izatearen eta aldi berean lan bizitzarekin uztartzearen» zailtasuna erretratatzen du. «Ideia oso pertsonal batetik sortu zen, duela urte batzuk senarrarekin izandako krisi batetik», azaldu du Ingolfsdottirrek. Hala ere, ziurtatu duenez, filma ez da gizon eta emakume baten arteko tentsioari buruzkoa, baizik eta harreman bati ematen zaion «materialik sakonenari» buruzkoa, «maitasunaren aurka» eraikitzen diren «gai psikologikoei» eta «oztopoei» buruzkoa.