Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Sara Alonso bigarrena izan da Golden Trail Series zirkuitu entzutetsuan

Euskal korrikalarien emaitzei dagokienez, donostiarrak lortutako zilarrari Malen Osaren laugarren postua gehitu behar zaio. Skyrunner World Series-eko Mourne Skyline lasterketan, berriz, Naiara Irigoyenek irabazi zuen nagusien mailan eta Ibai Larreak 23 urtez azpikoen kategorian.

Sara Alonsok zilarra eskuratu du Golden Trail Series-eko behin betiko sailkapenean.
Sara Alonsok zilarra eskuratu du Golden Trail Series-eko behin betiko sailkapenean. (GTS)

Joan den asteburuko nazioarteko hitzordu ezberdinetan maila ederra ematen ikusi ditugu euskal lasterkariak. Batez ere, bi zirkuitutan: Golden Trail Series-en eta Skyrunner World Series-en. Lehenbizikoan, adibidez, bi emaitza azpimarragarri izan dira. Behin betiko sailkapenari begiratzen badiogu Sara Alonsok zilarra erdietsi du eta Malen Osak laugarren postua. Bigarrenean, Naiara Irigoyenek irabazi zuen Mourne Skyline lasterketa nagusien mailan eta Ibai Larreak 23 urtez azpikoen kategorian. Oier Zubeldia bigarrena izan zen senior mutiletan.

Golden Trail Series-i dagokionez, aurreratu behar dugu zirkuitu horrek eliteko korrikalari asko jasotzen dituela, besteak beste, proba erakargarriak antolatzeaz gain, sari oso garrantzitsuak banatzen dituelako. Egutegiko lasterketa guztiak jokatu eta gero, zirkuitu pribatu horrek bazuen lehen postuen bila ari zirenentzat hitzordu garrantzitsu bat: Final Handia.

Antolatzaileek Garda Trentinon kokatu zuten behin betiko hitzordua. Bitan banatu zuten. Lehenbiziko deialdiak ibilbide laburra izan zuen: 6.9 kilometro eta 500 metroko goranzko desnibela. Madalina Floreak erritmo oso altua markatu zuen ibilbide guztian, eta lehena izan zen helmugan. Sara Alonso oso ondo aritu zen, baina donostiarrak laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen; irabazlearengandik minutu bat eta 24 segundora heldu zen. Malen Osak seigarren postua sinatu zuen.

Festa horretako lasterketa nagusia jokatu zen biharamunean. Ledro Sky Trentino: 21 kilometro eta 1.600 metro positibo. Proba horrek puntu gehien pilatu zituen. Bezperako lasterketa laburrean bezala, Floreak erritmo oso altua markatu zuen. Joyce Njeru eta Alonso zituen atzetik. Amaierako sekzioan, berriz, Lauren Gregoryk erasora jo zuen. Errumaniarra harrapatu eta jaitsiera tekniko batean alde ederra atera zion. Estatubatuarraren denbora: 2:22:51. Bigarren postuan Florea helmugaratu zen ia hiru minutura. Alonsok errumaniarra gertu izan zuen, baina hirugarrena izan zen 2:25:54 kronoarekin. Osak bere aldetik bosgarren postua egin zuen 2:27:45 denborarekin.

Puntu guztiak batu eta gero, Floreak irabazi du Golden Trail Series zirkuitua. Bigarren postua oso erregularra izan den Alonsok eskuratu du: «Oso pozik nago egin dudan denboraldiarekin. Lasterketa ezberdinetan asko ikasi eta gozatu dut. Munduko onenen artean neure burua kokatzea handia da; oso harro nago». Beste euskal ordezkaria, Osa, 29 puntura geratu da hirugarren postutik. Alabaina, oñatiarra laugarren postu handi batekin egin da.

Bi garaipen

Skyrunner World Series izan da asteburuko nazioarteko bigarren hitzordu handia. Aurreratu dugun bezala, zirkuitu ofizial horretako azken proban euskal ordezkaritza egon zen. Azpimarratzekoa da Mourne Skyline lasterketan (Ipar Irlanda) Naiara Irigoyenek seniorren kategorian erdietsi zuen garaipena.

Hogeigarren etapa zuen zirkuitu horrek, eta lasterkariak 35 kilometro eta 2.700 metroko desnibel positiboa zituen ibilbidean lehiatu ziren. Ipar Irlandak mendi garaiak ez dituztenez, mendixka batzuetan gora eta behera ibili ziren. Hain zuzen ere, Mourneko Murrua deitzen duten ingurumarian. Oro har, Mourne Skylinek igoera gogorrak eta jaitsiera teknikoak ditu. Udazkeneko giroak lagunduta, Irigoyenek lasterketa borobila egin zuen. Korrikalari burlatarrak egundoko nagusitasuna erakutsi zuen, eta helmuga puntuan lehena izan zen 4:13:15 denborarekin. Irabazteaz gain, Irigoyenek lasterketaren errekor berria ezarri zuen. Bigarren sailkatuari, Natalie Beadleri, sei minutuko aldea atera zion. Ainhoa Garikanok seigarren postuan amaitu zuen.

Lasterketaren amaieran, nafarrak adierazi zuen markatutako ibilbidean oso gustura jardun zuela: «Nahiz eta irabazi dudan, ez da garaipen samurra izan eta sufritu dut. Asko gustatu zait Ipar Irlandako lasterketa hori. Makina bat igoera eta jaitsiera ditu, eta onartu behar dut ezaugarri horiekin ez nagoela ohituta. Eskuarki, lasterketa gehienek igoera gogor eta luze bat izaten dute, eta ezaugarri bereko jaitsiera bat. Baina ondo egokitu naiz, eta pozarren nago zirkuitu horretan lortutako hirugarren garaipenarekin. Heldu den hilabetean izango den SkyMasters finalarekin oso gogotsu nago. Ea aukera dudan lehen postu horietan neure burua kokatzeko».

Gizonezkoen mailan, Manuel Merillas jaun eta jabe izan zen. Espainiarrak 3:23:36 kronoa markatu zuen. Ia hamahiru minutura euskal selekzioaren elastikoarekin lehiatu zen Oier Zubeldia helmugaratu zen. Lehen hamar sailkatuen artean beste bi euskal korrikalari egon ziren: Gontzal Murgoitio bosgarrena izan zen eta Hodei Samaniego seigarrena.

Azkenik, bigarren euskal garaipena 23 urtez azpikoen mailan heldu zen. Ibai Larrea izan zen protagonista. Lasterketari dagokionez, aurreratu behar dugu oso ikusgarria izan zela batez ere azken metroetan. Tom Spencer oso indartsu irten zen eta lasterketa ia osoa menderatu zuen. Nahiz eta nagusitasun handia erakutsi zuen, atzetik Larrea handi bat gerturatu zitzaion. Bi ala biak lasterketaren azken ehun metroetan zeuden. Eta esprint ikusgarri batean antzuolarrak helmuga puntua lehen postuan zeharkatu zuen. Spencer hiru segundora heldu zen.