Nafarroa Oinez gorputz osoarekin bizitzeko gonbidapena
Buruarekin, gauzak ondo pentsatuz eta arrazoia erabiliz, baina baita bihotzarekin ere, maitasun handiz, prestatu du Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolak igandean ospatuko den Nafarroa Oinez festa. Oinak ere, noski, erabiliko ditugu prestatu duten ibilbidea egiteko, eta ekintzetan parte hartzeko.

Ikastola nafarren festaren 44. edizioa ospatuko dute igandean Atarrabian. Paz de Ziganda ikastolari egokitu zaio Nafarroa Oinez antolatzea; bere hirugarren aldia da eta badu eskarmentua, baina horrek ez dio ilusiorik kendu.
Hautatu duten leloa benetan ederra da, antolakuntzan aritu direnen sentimenduei erreferentzia egiten diena eta euskara gorputz osoarekin bizitzeko gonbidapena egiten duena: “Buruz, bihotzez, oinez!”.
«Nafarroa Oinez aipatzen dugunean, sentimendu zurrunbilo bat sentitzen dugu. Ez da euskara bultzatzeko ekimen bat soilik, ez da gure hezkuntza proiektuaren aldeko bultzada bat soilik, Nafarroa Oinez milaka familiaren lana, boluntarioa eta parte-hartzailea da. Komunitatea eginez, sinisten dugun proiektu bat sortu eta aurrera atera nahi dugunaren isla da. Buru pentsalariak dituen proiektua, baina, batez ere, bihotzak dituena eta pausoz pauso aurrera jarraitzen duena: Buruz, bihotzez, oinez», azaldu zuten antolatzaileek aurkezpen egunean.
2025eko Nafarroa Oinezeko helburuak dira kooperatibismoan eta autonomian oinarritutako hezkuntza-eredu propioa duen ikastola indartzea (Nafarroan 15 ikastola daude, eta Euskal Herrian 100 baino gehiago); gizarte-ekimen irekiko proiektua izatea inguruneari laguntzeko; euskaraz eta euskal kulturaz gozatzea eta horiek mundura zabaltzea; irakaskuntza prozesu «integral eta integratzailea» bermatzea; inguruko proiektu sozialetan inbertitzea; eta baliabide propioak zein ingurukoak modu eraginkor eta jasangarrian kudeatzea.
Horiek lortzen saiatuko dira burua erabiliz, arrazoiari kasu eginez eta helburuak argi izanda, baina ikastolaren nortasunaren ezaugarriak ahaztu gabe. Baita bihotzarekin ere, sentimenduz eta emozioz, pertsonak erdigunean jarriz euren proiektua garatzerakoan, eta euskara eta euskal kulturaren maitasunari helduz. Eta oinekin mugituz, aurrera eginez, Nafarroako ikastolak «herritar mugimendu arduratsua direlako eta izaten jarraitu nahi dutelako: pluralak, modernoak, ekologikoak eta osasuntsuak».
Logoak ere leloaren irudia indartzen du, koloretako aurpegi deseraiki bat irudikatzen baitu, sudurra, bihotza eta ahoa lotzen dituen marra bat duena. Bihotzak eta begiak goialdean duten presentziak adierazten du nola sustatzen duten pertsonen zaintza eta hazkundea, besteak beste, ikastolako familietatik harago gure gizarte-ingurunean eragina duten gizarte-proiektuen bidez. Era berean, «bihotzak gure hizkuntzarekiko eta gure kulturarekiko maitasuna irudikatzen du, irudiaren erdigunean, dena abiatzen den jatorri gisa», azaldu zuten.
Azpiko trazadurak, irribarre bidez irudikatutako ahoarenak, une horren ilusioa erakusten du. Eta, aldi berean, oin batean amaitzen den eta mugitzen ari den hanka gisa interpreta daiteke. «Mugimendu horrek aurrera eginarazten digu eta ikastolen eredua etorkizuneko eredua dela aldarrikatzen du, baita etengabeko hobekuntzan murgilduta gaudela ere, gure hezkuntza-prozesua gizarteak eskatzen dituen benetako beharretara egokituz». Azkenik, “Oinez” hitza nabarmendu dute: «Hitz horrek ikastolen sarea indartzea, ikastolako kide sentitzea, eta bere ordezkaritza aldarrikatzea du helburu».
Paz de Zigandako zuzendari Iñaki Errozek Atarrabiara gerturatzera deia egin die herritar guztiei, festa hau «euskararen normalizazioaren aldeko aldarrikapen eguna ere badelako eta guztiok batera indartsuagoak garelako». Era berean, Nafarroa Oinez «zubiak eraikitzeko eta euskara herrira eta ingurura ateratzeko aukera» gisa ikusten du Errozek.
Herriari kanta bat
Paz de Zigandako ikasle ohi Igor Martinezek sortu du kantaren musika, eta Estitxu Arozena bertsolari lesakarrak jarri ditu hitzak. Horiei ahotsa jarriz, hainbat ikasle, ikasle ohi, irakasle eta gurasok parte hartu dute. Horien artean daude Anne Lukin, Maite Txurruka, Motxila 21eko kide diren Ainhoa Lizarraga eta Andoni Zilbeti, Ionan Peñalver, Julen Leuza, Hutsun Txalaparta taldeko Mikel Urrutia eta Anai Gambra, eta Paz de Ziganda Ikastolako abesbatza eta Helduen Abesbatza.
Horiekin batera, beste kolaboratzaile batzuk izan dituzte: Eñaut Elorrieta, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Claudia Rodriguez (Goxua'n Salsa), Imanol Viñaras (Raimundo el Canastero) eta Oihana Fernandez (Afu), esaterako. Gainontzeko musikariei dagokienez, Goxua'n Salsa taldeko haizeak, Jorge Sanchez gitarrista eta Xanti Etxeberria baxu-jotzailea izan dituzte lagun.
Ikastolako zuzendariak hau esan du kantaz: «Alaia eta dantzagarria da, euskararen erabilera aldarrikatzen du eta ikastolaren ibilbidea gogoratzen du». Bideoklipak ere, kantaren ildoei jarraitzen die. Ikastolako ikasle ohi Diego Azanzak egin du elkartasun eta auzolanaren ideia islatu nahian. Hor ere, ikasleak, ikasle ohiak, irakasleak, gurasoak eta Atarrabia bera dira protagonistak. Herriko txoko esanguratsuetan grabatu dute bideoklipa.
Musikaren erritmo biziari jarraituz, hainbat pertsonaren zatiekin osatutako aurpegiak ageri dira lehenik. Gero, Atarrabiako hainabt txoko erakusten dituzte, baita herriaren folklorearen parte diren pertsonaiak ere.
Arozenak historia eta kondaira, mundua eta ingurua, etorkizunaren ziurgabetasuna eta festa uztartu ditu kantaren letran. Paz de Zigandan ospatu diren Oinez festetako kantuen zatitxoak eta leloak ere txertatu ditu, eta Atarrabiaren mitoa, geografia, Paz de Ziganda pertsona eta ikastolaren ekarpen historikoa esplizituki azpimarratzen ditu.
Atarrabiari eskainitako kanta honen bideoklipa borobiltzeko, azken irudi gisa, ikastolako patioan pertsonez osatutako mosaiko baten bidez, aurtengo Oinezen logoa irudikatzen da, eta drone batekin goitik ikusiko litzatekeen irudia erakusten digu.

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena


