Joan den 15ean, urrezko pasarte bat idatzi zen zortzimilakoen historian. Zehazki esanda, Jim Morrisonek idatzi zuen. 50 urteko alpinista eta eskiatzaile estatubatuarrak Everesteko iparraldeko aurpegia eskiekin jaitsi zuen. Hori egiten lehen kirolaria izan da. Hortaz, izenburuan aipatu dugun bezala, Morrisonek historia egin du.
Munduko mendi garaienean igoera oso gogorra egin ondoren, eskiak jarri eta jaitsiera ikaragarria sinatu zuen. Aukeratutako ibilbidea amets izan da espezialista askorentzat; batzuk-batzuk saiatu dira, baina ekinaldi guztiek ez dute arrakastarik izan. Eskiatzaile estatubatuarrak Everesteko bide zuzenena aukeratu zuen. Lehen aldatsak, mendiaren goi aldekoak, Hornbein korridorekoak izan ziren. Sekzio zorabiagarri hori amaitu eta japoniarren korridorera lotu zen Rongbuk glaziarrera heldu arte.
Espezialista gehienek diote Morrisonen jarduera gogoangarri hori zortzimilako batean inoiz egin den kementsuena izan dela. Beste ‘ameslari’ batzuek bezala, protagonista honek hainbat saialdi behar izan ditu Everesteko iparraldeko horma luze eta erraldoi hori lehen aldiz eskiekin jaisteko. Ibilbide beretik egin zuen igoera, eta onartu behar da lan ederra egin behar izan zuela. Eta hori diogu, denera, mendian sei aste eta erdi egin zituelako.
Lantalde sendo baten babesarekin, Morrisonek arratsaldeko ia ordu batean gailurra zapaldu zuen. Lehenik eta behin, duela hiru urte Manaslun zendu zen Hilaree Nelson bikotearen errautsak barreiatu zituen. Ondoren, igoeran lagundu zioten lagunak jaisten hasi ziren bitartean, alpinista hori eskiak jarri eta aurrean zuen helburuan kontzentratu zen. Oro har aurreratu daiteke estatubatuarrak ez zuela ia gorabeherarik izan jaitsiera historiko horretan. Eta harrigarria da, besteak beste, 45º eta 60º arteko aldapak eskiatu zituelako. Harrigarria ere, aipatu ditugun bi korridore horiek jaisteko erabilitako denbora: lau ordu eta bost minutu.
Morrisonek hiru ekinaldi behar izan ditu arrakasta handi hori erdiesteko. Duela pare bat urte arazoak izan zituen baimenarekin. Txinatarrek eragozpenak jarri zizkioten, eta oso berandu iritsi zen mendira ekinaldi sendo bat egin ahal izateko. Hurrengo urtean, berriz, aurrerapen batzuk egin zituen, baina, zoritxarrez, soka finkatzen ari zirela langile batek istripua izan zuen eta espedizioa bertan behera geratu zen. Eta hirugarrenean eta azkenean historia egin du.
Ibilbide pikoena
Igoerari dagokionez, hilabete honen bigarren asterako leiho txiki bat iragarri zuten. Tontor eguna nahiko egonkorra zen, eta laugarren kanpalekutik Morrison eta bere laguntzaileak goizeko 6etan irten ziren. Haizea bare zegoen, baina tenperatura oso hotzari (-27º) egin behar izan zioten aurre. Ordura arte, soilik bost alpinistak lortu zuten japoniarren eta Hornbein korridoreak lotzea Everesteko gailurra igotzeko. Iragan 15ean berriz, tontor preziatu horretan hamabi lagun ziren.
Ondoren, jaitsiera hasi zuen Everesteko ‘direttisima’-tik. Ordu biak ziren. Aurreko egunetan izan ziren haizeteengatik baldintza nahiko kaskarrak aurkitu zituen. Arreta handiz jardun zuen Hornbein-en. Une jakin batean harkaitz handi batek gelditzea behartu zuen. Eskiak kendu eta 200 metroko tarte bat rappelatu zuen. Hirugarren kanpalekura heldu aurretik, gogor borrokatu behar izan zuen sekzio piko, tekniko eta arriskutsu ezberdinetan. Morrisonek dio zortzi mila metroko garaieran biraketak egitea oso gogorra izan zela. Beste une batzuetan olatu moduko metro eta erdiko bide zulo batzuetan sartu zen.
Hirugarren kanpalekuan atseden pixka bat hartu eta elurrezko zelai batzuek bigarrenera eraman zuten. Azken tartea, lehen kanpalekura eramaten zuena, zain zuen. Kosta egin zitzaion baikortasunari eustea. Burua jira eta bueltaka zuen. Jaitsiera bertan behera uzteko mamua indarra hartzen joan zen, baina motibazioan oinarrituta aurrera jarraitu zuen. Errimaia zeharkatu eta Rongbuk glaziarrean ‘helmuga’ izan zuen. Morrisonek dio negar egin zuela eta jarduera hori bere bikote zenaren omenaldi bezala sentitu zuela.
Alpinista estatubatuarrak eskiak kendu zituen. Diogun bezala historia idatzi du Everesteko iparraldeko isurian. 3.500 metroko desnibela eta aldats oso pikoak eskiatzeko lau ordu eta bost minutu behar izan zituen. Harrigarria alde guztietatik begiratuta.
Everesteko jarduera hori sinatzeko, Morrisonek oinarri sendo bat landu behar izan du. 2018an, adibidez, Nelson bikotearekin batera Lhotseko lehen jaitsiera egin zuen. Elkarrekin ere, Cho Oyu eta Denali eskatu zituzten. Baina aurreratu dugun bezala, 2022ko Manasluko jaitsieran murgilduta zeudenean, Nelson zendu zen istripu baten ondorioz. Galera hori atzean utzi eta estatubatuarrak beste helburu batzuekin aurrera jarraitu zuen. Azpimarratzeko da iaz Christina Lustenbergerrekin eta Chantel Astorgarekin Trangoko Dorre Nagusiaren sinatutako lehen jaitsiera.
Azkena eta bere ibilbideko garrantzitsuena Everestekoa izan da. Mito bat eskiatzaile guztientzat. Gogoratu behar dugu 23 urte lehenago Marco Siffredi snowboarder frantziarra Hornbein korridorean saiatu zenetik (han bertan hil zen), inor ez zela ausartu jarduera horretan ekinaldi bat egitea.

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena
