
Gu ere bai!, Gure Esku eta Gernika-Palestina plataformek agerraldi bateratua egin dute Donostian, Anoetako estadioaren aurrean, ‘Herri Libreak. Euskal Herria-Palestina. Genozidioa STOP’ adierazpenaren lehendabiziko atxikimenduak ezagutzera emateko.
Agerraldian parte hartu dute, besteak beste, sinatzaileen izenean, Ainhoa Tirapu, Jesus Mari Zamora, Xabier Usabiaga, Joxe Mari Mitxelena, Mireia Epelde, Aritz Erkiaga, Arritxu Iribar, Igor Eskudero, Mikel Astarloza, Aiur Illarreta, Xabier Mikel Errekondo, Kike Zurutuza, Igor Arenaza eta Martxel Toledok.
Haietaz gain, Gaizka Garitano, Oier Sanjurjo, Eva Ferreira, Helene Alberdi, Xabier Peritz Euzkitze, Inaxio Kortabarria, Mikel Etxarri eta kirol munduko beste hamarnaka lagunek sinatu dute jada adierazpena.
Arritxu Iribarrek eta Jesus Mari Zamorak adierazpena irakurri dute. Bertan «Palestinan milaka pertsonen heriotza, herritarren desplazamendua eta lurralde oso baten suntsiketa ekarri duen genozidioa eta bidegabekeria behin betiko amaitu behar dela» nabarmendu dute.
Bestalde, munduan herri libreak nahi dituztela adierazi dute: «Euskal herritarrek eta palestinarrek bakean eta askatasunez bizitzeko eta beren etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea dute».
Kirola elkartasuna sustatzeko tresna gisa aldarrikatu dute adierazpenean: «Kirolaren berezko eta jatorrizko balioak nabarmendu nahi ditugu, topagune delako eta bizipenak elkarrekin partekatzeko eremua. Horregatik, Euskal Selekzioaren eta Palestinaren arteko partida mundu osoari elkartasun eta bakearen alde bidalitako mezu erraldoia izatea nahi dugu.
Era berean, Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatu dute. Exijitu dutenez, Euskal Herriak, Palestinak bezala, eskubidea du bere selekzioa nazioarteko txapelketetan modu ofizialean lehiatzen ikusteko.
Adierazpeneko puntuekin atxikimendua erakusteaz gain, sinatzaileek dei berezia egiten dute azaroaren 15ean, larunbatean, Euskal Selekzioa eta Palestinaren arteko partida dela-eta, Bilbon egingo den elkartasun martxan parte hartzeko, arratsaldeko 17:30ean Arriaga plazatik San Mamesera joango dena.
Iribar eta Zamoraren aurretik, Ibon Meñikak ere hitza hartu du eta gogora ekarri du kirola, herri libreak eta genozidioaren aurkako borroka batu daitezkeela eta «halaxe» izango dela azaroaren 15ean San Mamesen.
Manifestua sinatu dutenei eskertu egin die beren konpromisoa, «guztiek baitakite kirolak duen indarra herriak batzeko orduan», eta horri esker Europan lehenengo aldiz Palestinako selekzioak jokatuko duelako.

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik
