
Astelehena da, baina Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Astea tartean egonik, asteko malda hasiera samurragoa egingo zaigu. Nazioarteko film laburren maratoia izango dugu, eta mundu osoko hamar izenburu ikusteko aukera: ‘Algues noires’, ‘Borbulha’, ‘The Brute / Das Untier’ , ‘Come Sit With Us / Ära ole uhke’, ‘Magai-gami’, ‘Em & Selma Go Griffin Hunting’, ‘El fantasma de la Quinta’, ‘Magai-gami’, ‘Magical Meat’, ‘Midday UFO’ eta ‘They Kill by Night’. Saioak bi ordu eta erdi inguruko iraupena izango du.
Steven Kostanski
‘Frankie Freako’ (2024) eta ‘The Void’ (2016) filmak zuzendu arren, Steven Kostanski bereziki ezaguna da makillajean, protesietan eta efektu praktikoetan duen trebetasunagatik. Alor horretan ‘The ABCs of Death 2’ (2014), ‘V/H/S/94’ (2021) eta ‘In a Violent Nature’ (2024) filmetan parte hartu du, besteak beste.
‘Deathstalker’ Kostanskiren bosgarren film luzea da. Filma ezpata eta sorginkeriaren azpigeneroan kokatzen da, eta 1983ko izen bereko lanaren berrinterpretazioa da.
Sinopsia azalduko dizuet, baina ziurrenik argitu baino gehiago nahasiko zaituztete: Dreaditarrak, Nekromemnon belagilearen heraldoak, Abraxeongo erreinua setiatzen ari dira. Bien bitartean, Deathstalkerrek hilotzez betetako borroka-eremu batean kutun madarikatu bat berreskuratuko du. Orain, era guztietako hiltzaile beldurgarriak bere atzetik dituela, bizirik irauteko madarikazioa hautsi eta sortu berri den gaitzari aurre egin beharko dio.
‘Deathstalker’ 80ko hamarkadako ezpata eta sorginkeria zinemari egindako omenaldia da: munstroak, magia, umore beltza, gorea eta izpiritu axolagabea topatuko dituzue bertan. Filmak genero horren oinarrizko elementuak ospatzen ditu, eta aldi berean, auto-ironiaz zipriztindutako izaera ludiko bat mantentzen du.
Narratiba, noski, ezin oinarrizkoagoa da: onak txarren aurka, misio zentzugabeak, eta sakontasun-geruza edo biraketa konplexurik gabe. Baina, hain zuzen ere, hor dago bere xarma: filma ez da serioa izateko sortua, baizik eta bere izaera pulp eta dibertigarriari eusteko. Dekapitazio eszenak, diseinu xelebreko munstroak eta umore absurdoa horren adierazgarri dira. Ikusleari barre egitea eta izu arinaren gozamena uztartzeko aukera eskaintzen diote.
Efektu praktikoen eta kreaturen diseinuaren aldeko apustua, eta 80ko hamarkadako esentzia gogora ekartzen dituen produkzioaren estiloa, nabarmenak dira filmaren lehen unetik. Horrek atmosfera nostalgikoa eta ukitu bereizgarria ematen dizkio, Steven Kostanskiren sinadura estilistikoa indartuz.
Pertsonaiak oso basikoak eta arketipoak dira –eta horrek ez du zertan txarra izan, tonua ikusita–, beraz zerbait sakonagoa bilatzen duten ikusleei filma nahiko kaskarra irudituko zaie.
Aitzitik, 80ko hamarkadako pulp dibertigarri baten espirituan murgiltzen bazara, filmak behar bezala asebeteko zaitu.

Hildakoak etxetresna elektrikoetan
Ongi irakurri duzu: hildakoak etxetresna elektrikoetan. Hori da Ratchapoom Boonbunchachoke zinegile thailandiarraren ‘A Useful Ghost’ filmaren abiapuntua. Canneseko Semaine de la Critique atalean AMI Paris Sari Nagusia irabazi zuen lan honek dolua, memoria eta Thailandiako gizarte, politika zein bizitzako tentsio garaikideak uztartzen ditu, komedia beltzaren eta fantastikoaren bitartez josiak.
Hautsak eragindako poluzioak Nat hil du, eta March senarra lur jota geratuko da. Baina eguneroko bizitza erabat irauliko zaio, emaztearen espiritua xurgagailu batean haragitu dela jakiten duenean. Absurdoa dirudien arren, egoera bitxi horrek bien arteko lotura berpiztu eta inoiz baino indartsuago bihurtuko du.
Thailandiak zinema komertzial aberatsa izan badu ere, zinema independentea kontzeptu nahiko berria da, XX. mendearen amaieran sortua. Ratchapoom Boonbunchachoke-ren lana 2000ko hamarkadaren hasierako Thailandiako zinema independentearen mugimenduaren ildotik dator, esperimentazioa eta ausardia narrazioaren muinarekin uztartuz.
Zinegileak berak adierazi du: «Thailandiako kulturan hazitakoa naiz eta thailandiar zinemagile gisa identifikatzen naiz; uste dut thailandiar publikoak nire lana sakonago ulertuko duela. Nire lana lotuta dago bai ohiko melodrama thailandiarrarekin –bere elkarrizketa leherkor eta gehiegizkoekin–, bai oraindik izenik ez duen mugimendu batekin, batzuetan errealismo fantastiko edo alegia deitzen zaionarekin. Nire eragin nagusiak Jacques Rivette, Manoel de Oliveira, João César Monteiro, Eugène Green, Raoul Ruiz, Otar Iosseliani, Werner Schroeter eta Marco Ferreri dira».

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

