Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Ochi, unibertso paraleloak eta Dracularen ikuspegi berezia

Jaialdiaren hirugarrena egunean ere menua askotarikoa izan zen: ‘E. T.’ filmaren esentzia daraman ‘The Legend of Ochi’, Luc Besson-en begiradatik kontatutako ‘Dracula’, eta unibertso paraleloen mundu zirraragarrian barneratuko gaituen ‘Redux Redux’. 

‘The Legend of Ochi’ filmaren fotograma.
‘The Legend of Ochi’ filmaren fotograma. (NAIZ)

Donostiako Beldurrezko eta Fantasiazko Zinemaren Astea gustuko ez duela dioenak, ziurrenik probatu ez duelako izango da; izan ere, urtez urte, jaialdiak eskaintzen dituen izenburu anitz eta originalek publiko mota guztietako ikusleak liluratzeko gaitasuna dute. Horren adibide dira atzo eskaini zituzten pelikulak.

Antzekoa, baina (zertxobait) desberdina

A24 ekoiztetxe ezagunaren zigilu bereizgarriarekin, Sail Ofizialean estreinatu zen ‘The Legend of Ochi’. Fantasia, abentura eta ipuin klasikoko elementuak uztartzen dituen Isaiah Saxonen debut zinematografikoa da. Transilvaniako paraje misteriotsuetan girotuta, istorioaren ardatza Yuri da, Ochi izeneko izaki fantastiko baten kumetxoa ustekabean aurkitzen duen gaztea. Jakin-minak eta errukiak bultzatuta, babestea eta bere habitat naturalera itzultzea erabakiko du. Fantasiaz jantzitako bidaia honek hazkunde pertsonalaren alegia bihurtzen du kontakizuna, gizakiaren eta naturaren arteko oreka hauskorra eta adiskidetasunaren benetako esanahia azaleratuz.

Bai, baditu jada ezagunak zaizkigun elementu batzuk: ume bakarti bat, izaki fantastiko baten aurkikuntza eta bien arteko harreman berezi eta magikoa. Akaso burura etorriko zaizkizu  ‘Lilo & Stitch’,  ‘Gremlins’ edo ‘E.T.’. Oinarria antzekoa den arren, ‘The Legend of Ochi’ zertxobait desberdina da.

Filmaren alderdi bisuala deigarria da, eta bereziki eskertzekoa efektu praktikoen alde egindako apustua. Gaur egun, CGI eta efektu digitalen menpe bizi den zinemagintzan, balio berezia du maketekin, txotxongiloekin eta paisaia errealekin sortutako fantasiazko mundu honek.  Emaitza, ia ipuin klasiko baten testura duen fantasia bat da, ukigarria, beroa eta magiaz zipriztindua. Presentzia magikoaren eta fantasiaren lurrina etengabe arnasten da, baina errealitatean ainguratuta mantentzen da.

Iruditeria berezi horri lotuta, zuzendariak honela azaldu zuen: «Asko marrazten nuen haurtzaroan. Marrazten eta marrazten jarraitu nuen, eta unibertsitatera joan nintzenean ilustratzaile izango nintzela pentsatu nuen. Gero epifania moduko bat izan nuen, nire espezialitatea zinemara aldatu nuen, eta berehala konturatu nintzen nire marrazki eta eskultura guztiak filmetara eraman nitzakeela». Artistaren ibilbide plastiko horren arrastoak nabarmenak dira filmean.

Gidoia ere Saxonen beraren lana da, baina, tamalez, hau ez da filmaren alderdirik sendoena: azken txanpan, batez ere, klixe eta ebazpen presatietan amiltzen da. Hala ere, proposamen berezia eta nahiko pertsonala da, eta agerian uzten du egilearen ahots berezia.

‘Dracula’ filmaren fotograma.

‘Dracula’ Luc Besson-en iragazkitik

Luc Besson zinegilearen filmografia izenburu ezagunez josia dago. 1988ko ‘Le Grand Bleu’ izan zen bere ibilbidearen metxa piztu zuena, baina Jean Reno, Natalie Portman eta Gary Oldman protagonista dituen ‘Léon’ filmak eman zion nazioarteko aitortza. Ordutik,  ‘Jeanne d'Arc’, ‘The Fifth Element’ edota ‘Lucy’ izan dira bere lanik esanguratsuenetako batzuk.

Atzo Antzoki Zaharreko besaulki gorrietan eseri ziren ikusleek Besson-en unibertsoan murgiltzeko beste aukera bat izan zuten: ‘Dracula: A Love Tale’. Askok pentsatuko dute Dracularen inguruko beste bertsio bat besterik ez dela, baina egia esan, filmak badu ikuspegi berezi bat. Ez dugu hemen munstro beldurgarri soil bat aurkituko, baizik eta maitasunaren eta obsesioaren artean harrapatutako izaki tragiko bat: mendeetan zehar maitearekin elkartzeko zain dagoen maitale kondenatua. Eta hain zuzen ere desio hori bihurtzen da istorioaren motor nagusia.

Besson-ek Dracularen mitoaren «alde erromantikoa» esploratzea interesatzen zitzaiola aipatu du, ohiko izugarrikeria eta beldur klasikoaren ordez. «Sekula ez zait gustatu Dracularen istorioa eta gorroto ditut odola eta beldurrezko zinema», aitortu du Bessonek. «Baina liburua berrirakurri nuenean ulertu nuen mitoaren atzean maitasun kontakizun ikaragarria zegoela, maitearekin berriz elkartu eta agur esan ahal izateko 400 urte zain dagoen gizonarena. Hori izugarri erromantikoa da eta pelikula batean kontatzea erabaki nuen».

Dracularen bertsio emozionalago eta poetikoago baten bila dabilen ikuslearentzat, filmak ikuspegi interesgarria eta bisualki zaindua eskaintzen du: argiztapenaren eta kolorearen bidez, Bessonek beldurraren eta desioaren arteko muga lausoan dantzatzen den giro hipnotikoa eraikitzen du.

Dena den, erromantzean zentratzeak badu bere prezioa: pertsonaiaren itzal klasikoaren tentsio eta misterioaren zati bat bidean galtzen da, eta emaitza, polita eta dotorea izan arren, drama erromantikoaren aldera makurtzen da beldur klasikoaren kaltetan.

‘Redux redux’ filmaren fotograma.

Unibertso paraleloak

Egunari itxiera bortitza eta zirraragarria emateko, ‘Redux Redux’ filma izan zen ikusgai, eta kasu honetan zientzia fikzioaren eremuan murgilzen gara, izua bazterrean utzi gabe.  

Michaela McManus da protagonista, eta Irene Kelly izeneko ama baten azalean sartuko da. Ama honek, alaba hil ondoren, mendeku-misio bati ekingo dio, muturreko estilora: unibertso paraleloen artean bidaiatuko du, alabaren hiltzailea behin eta berriz hiltzeko.
Unibertso bakoitzak errealitatearen bertsio ezberdin bat eskaintzen du: hiltzaileak beste enplegu bat izan dezake, beste identitate bat, baina Ireneren helburua beti bera da.

Unibertsoaren ‘bertsio’ berri bakoitzarekin, bere mendeku oldarkorrak bere gizatasunetik urrunago eramango du.

Nahiz eta planteamendua originala iruditu, istorioak mendeku edo zientzia-fikziozko kontakizun ezagunak ekar ditzake gogora. Hori dela eta, ikusleak filma “jada ikusita” duenaren sentipena izan dezake.

Hala ere, ‘Redux Redux’ filmean unibertso paraleloen kontzeptua da oinarrizko ardatza. Premisa hori erabiltzen da giza erabakien ondorioak eta errealitate ezberdinetan izan ditzaketen aldaketak arakatzeko. Irenek unibertso horien artean bidaiatzeko duen gaitasunak aukera ematen dio patuari, hautamenari eta mendekuaren izaera ziklikoari buruzko galderak planteatzeko, eta horrek narrazioari sakontasun moral eta psikologiko bat ematen dio.

Zientzia-fikziozko thriller interesgarria da, muinean mendeku-istorio maltzurra daramana. 

Animedon

Japonian amaituko genuen ibilbidea eta Animedom sailean; ‘All You Need Is Kill’ animearekin. Hiroshi Sakurazakaren nobela homonimoaren moldaketa, lehendik ‘Edge of Tomorrow’ (2014) film estatubatuarra inspiratu zuena. Akzioa, zientzia fikzioa eta denbora-begiztaren kontzeptu interesgarria nahasten ditu istorioak.

Lurrean landare erraldoi espazial bat agertu da, eta hondamena eragiten ari da. Boluntario gazte talde bat, teknologia aurreratua erabiliz, espezie inbaditzaile hori desagerrarazten saiatsuko da, horien artean dago Rita gazte bakartia.  Halako batean, munstro-izakiak askatuko dira eta Rita hil egingo dute, behin eta berriz, eta denbora-begizta batean harrapatuta geratuko da. Ziklo berean harrapatuta dagoen Keiji gaztearekin batera, inguruko kaosari zentzua aurkitzeko borrokatuko dira.