Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Naiara Irigoyen txapeldunorde izan da Skyrunner World Seriesean

Marato dels Dements lasterketan lortutako bigarren postuari esker, korrikalari burlatarrak zilarra erdietsi du nazioarteko zirkuituan. Ainara Alcuaz, berriz, zortzigarrena izan da behin betiko sailkapenean. A4xKm Beste Iruñak eta Hiru Herrik irabazi dute Nafarroako Taldekako Txapelketa.

Naiara Irigoyen atzoko Marato dels Dementsen; burlatarrak Skyrunner World Series bigarren postuan amaitu du.
Naiara Irigoyen atzoko Marato dels Dementsen; burlatarrak Skyrunner World Series bigarren postuan amaitu du. (SWS/@_guaresti)

Mendi lasterketen denboraldia azken hitzorduak izaten ari da. Joan den asteburuan, adibidez, Merrel Skyrunner World Seriesi amaiera eman zion Castellon jokatutako azken probak: Marato dels Dementsek. Harrigarria bada ere, nazioarteko zirkuitu horrek 24 proba izan ditu, eta azken hori final modura hartu zen. Euskal ordezkarien emaitzei dagokienez, Naiara Irigoyen eta Ainara Alcuaz nafarren protagonismoa aipatu behar dugu. Irigoyen burlatarrak bigarren postu handi batekin amaitu du zirkuitua; Alcuaz iruindarra, berriz, zortzigarrena izan da.

Korrikalariek baldintza egokiak izan zituzten 42,5 kilometro eta 3.800 metroko desnibela zituen ibilbidean. Emakumezkoen kategorian, Anastasia Rubtsovak goitik behera menderatu zuen maratoia. Alabaina, helmuga puntuan lasterkari errusiarrak onartu zuen arazo batzuk izan zituela: «Ibilbidearen lehen zatian oso ondo joan nintzen, baina bigarrenean karranpak izan nituen eta gorputz osoan min handia ere. Horrek gogor estutzeko mugatu ninduen, baina, zorionez, maratoia irabazi nuen».

Rubtsobak 4:55:25 denbora egin zuen. Atzean lehia polita ikusi zen Patricia Pinedoren eta Irigoyenen artean. 30. kilometrora arte, Pinedo bigarren postuan zegoen, baina burlatarrak beste martxa bat sartu, andaluziarra gainditu eta bigarren postuan bukatu zuen irabazlearengandik hamabi minutura. Pinedo hirugarrena izan zen. Top 10ean beste bi euskal ordezkari sailkatu ziren: Ainhoa Garikano (5:22:46) zazpigarrena izan zen eta Alcuaz (5:24:57) bederatzigarrena.

Bien bitartean, Manuel Merillasek lasterketa bikaina egin zuen mutilen mailan. Leondarrak irabazi zuen 4:02:08 kronoarekin. Bigarren postuan, berriz, Luca del Pero italiarra hiru minutura helmugaratu zen, eta hirugarrenean Frederic Tranchard frantziarra 4:06:21 denborarekin.

Irigoyen, zilarra

Puntu guztiak batu eta gero, behin betiko sailkapenean Rubtsova izan da Skyrunner World Serieseko erregularrena. 650 punturekin iazko garaipena berretsi du. Zalantzarik gabe, zirkuituaren aurtengo erregina izan da. Irigoyenek goi-mailako bigarren postua lortu du 613 punturekin. Eta hirugarrena Pinedo izan da 539 punturekin. Euskal Mendizale Federazioaren elastikoarekin lehiatu den Alcuazek zortzigarren postuan amaitu du nazioarteko zirkuitu horretan.

Iazko txapeldunordea, Del Pero, izan da aurtengo irabazlea 590 punturekin. Alain Santamaria (555) zilarrarekin egin da eta Merillas (551) brontzearekin.

Bestalde, Euskal Herrian Arroniz Trail lasterketak Nafarroako Taldekako Txapelketa jaso zuen. 23 kilometro eta 1.300 metroko desnibela dituen ibilbidean korrikalariek baldintza eskasak izan zituzten: lokatza, laino itxia, euri txikia, haizea… Virginia Quellca eta Beñat Albisu izan ziren irabazleak. Taldekako txapelketari dagokionez, emakumezkoen kategorian Hiru Herri gailendu zen, eta gizonezkoetan A4xKm Beste Iruña.