Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Alexander Odintsovek eta Benjamin Vedrinesek ere Urrezko Pioletetan protagonismoa izango dute

Odintsov errusiarrak ibilbidearen aitortza jasoko duen bitartean, Vedrines frantziarra aipamen bereziarekin egingo da bere jarduera berritzaileengatik eta mendietan ematen ari den goi-mailarengatik. Urrezko Pioleten ekitaldia heldu den abenduan egingo da San Martino di Castrozzan.

Alexander Odintsov errusiarrak ibilbidearen saria jasoko du Urrezko Pioleten ekitaldian.
Alexander Odintsov errusiarrak ibilbidearen saria jasoko du Urrezko Pioleten ekitaldian. (Alexander Odintsov)

Estatu frantziarreko Urrezko Pioleten ekimenak dagoeneko aurreratu ditu nortzuk jasoko dituzten aurtengo edizioko sari eta aitortza guztiak. Azken bi protagonisten berri eman digute antolatzaileek ohar baten bitartez. Alexander Odintsov errusiarra eta Benjamin Vedrines frantziarra dira horiek. Gogoratu behar da abenduaren 9tik 12ra ekitaldi nagusia egingo dela Dolomitetako San Martino di Castrozza herrian. Oholtzara igoko direnen gidoia erabat beteta du alpinismoko ekimen horrek.

Aurreko kronika batean aurreratu genuen hiru jarduera alpinok saria jasoko dutela, baita emakumezko talde batek aipamen berezia ere. Odintsov eta Vedrines dira azken protagonistak. Errusiarrak ibilbidearen saria jasoko du; frantziarrak, berriz, aipamen berezia.

Odintsovi dagokionez, erreferente bat izan da Errusiako alpinismoan. Oso gaztetik erakutsi zuen gaitasun handia zuela eskaladan zein alpinismoan. Baina batez ere, alpinista horren izenak indar handia hartu zuen ‘The Russian Way-Big Walls of the World’ proiektuarekin. Odintsovek eta bere taldekideek mundu mailan sona handia duten hormatzarretan ibilbide handiak zabaldu zituzten: Troll Wallen (Norvegia), Baghirathi III (India), Trangoko Dorre Nagusian (Pakistan), Jannun (Nepal)… 1995etik 2011ra arte iraun zuen proiektu horrek, eta hamar helburuetatik soilik bat zintzilik geratu zitzaien: Masherbrum III mendiaren ipar-ekialdeko murrua. Eskalada horiek guztiak kapsula eta alpinoan egin zituen. Jannukoa, berriz, «himalaiar» eran.

Eskalada alpinoetan curriculum itzela izateaz gain, Odintsovek lan eskerga egin zuen gazteak trebatzen. Ikasle horien artean daude Dmitry Golovchenko eta Sergey Nilov; hots, Urrezko Pioleten ekimenean bitan sariak jaso dituzten alpinistak. Hitz gutxitan esanda, gazte errusiar asko inspiratu ditu.

Vedrines

Bien bitartean, alpinista frantziar horrek aipamen berezia jasoko du Dolomitetako ekitaldian. Vedrinesi buruz ere luze eta zabal hitz egin daiteke. Zalantzarik gabe, egiten ari den ibilbidearengatik modan dagoen alpinista dugu. Antolatzaileek adierazi digute egungo alpinismoaren ordezkari garrantzitsuenetakoa dela: «Aipamen berezi hori jasoko du arrakastarekin amaitu diren jarduera berritzaile asko egin dituelako azken urteotan. Horiek guztiak, gainera, disziplina anitzetan oinarrituta daude. Testuinguru horri begiratzen badiogu, Alpeetan, adibidez, aitzindariak diren jarduera bikain asko egin ditu. Guztiak ala guztiak errendimendu oso altuan oinarrituta daude. Laburbilduta, alpinismo modernoaren etorkizuna bideratzen ari da».

Aurreratu dugun bezala, Vedrinesen zerrenda alpinistikoa oso luzea eta zabala da. Jarduera horien artean aipatu behar ditugu duela hiru urte Leo Billonekin eta Seb Ratelekin batera Alpeetako iparraldeko hormen trilogia ibilbide zuzenetik eta Broad Peak-en (8.051 m) eginiko abiadura errekorra. Zortzimilako hori 7 ordu eta 28 minutuan igo zuen. Jaitsi, berriz, parapentean.

Bestalde, 2023an, Barre de Ecrinsen eta Meijen marra gogorrak zabaldu zituen; Grandes Jorassesen, Peutereyko Integralean eta Dibonan abiadura errekorrak ezarri zituen; eta Chamonix-Zermatt zeharkaldian ere denbora ikusgarria egin zuen.

Ezin ditugu aipatu gabe utzi iaz Leo Billonekin Mont Blanc-en igotako iparraldeko hiru horma handiak edo K2 mendian (8.611 m) sinatutako kronoa: 11 ordu. Eta, jakina, aurten Nicolas Jeanekin Ekialdeko Jannun lortutako lehen igoera.