
Hilabete eta erdiz etxean egon diren funtzionario federalak lanera itzuli dira, parke nazionalak atzera ere zabaltzen ari dira, eta aireportuek ohiko erritmoa berreskuratuko dute datozen egun edo asteotan. Trumpek «oso garaipen handia» zela aldarrikatuz ospatu zuen itxialdiaren amaiera.
Demokrata gehienak, berriz, oso haserre daude lerroa hautsi eta beste aldera pasatu direnekin.
Nork bere motiboak izan ditu; urduri zeuden gehienak; beste batzuek, Virginian kasu, funtzionario federal askoren presioa zutela zioten. Kontuak kontu, demokraten estrategia zapuztu dute, eta urte amaieran osasun-asegururako bermea galtzeko arriskuan diren milioika estatubatuar behartsu bazterrean utzi dituzte.
Duela astebete New Yorkeko udalean eta beste erakunde batzuetan lortutako garaipen handiak ospatzen ari ziren AEBko ezkertiar eta progresistak. Estatu kontserbadoreetan ere lehian zeuden kargu ugari demokraten esku geratu ziren azaroaren 4an, eta Donald Trumpi eta errepublikanoei 2026ko agintaldi erdiko hauteskundeei begirako oharra bidali zieten.
Handik egun gutxira, baina, presidentea eta Gobernua kolokan jarri zituen defentsa-lerroa pitzatu diete demokratei zortzi senatari zentristak.
Urte amaieran errenta baxuko milioika laguni osasun-asegururako amaituko zaizkien laguntzak berritzea eskatzen zuten demokratek. Gobernua irekitzea ahalbidetu duten senatariek lortu duten gauza bakarra da abenduan gaia aztertzeko akordioa; proposamenak aurrera egiteko bermerik gabe. John Fetterman Pennsylvaniako senataria izan da zortzietako bat; aitortu du ez dutela ia kontzesiorik, baina Gobernuak finantzaketarik gabe jarraitzeak milioika laguni kalte egiten ziela argudiatu zuen. Bernie Sanders Vermonteko senatariak kapitulatu izana egotzi die.
Alderdi barruan haserrea handia da; ezkerrean hasi zen baina gainerakoengana heldu da. Ez da kasualitatea zortzi senatarietako bat ere ez dela lehiatuko datorren urtean, primarioetan hautagai progresistago batek kanporatzeko arriskua luketelako.
Schummer jomugan
Zortzien artean ez dagoen arren, begirada eta kritika gehienak Chuck Schummer Senatuko demokraten buruarengana doaz. Udaberrian, bera izan zen Gobernua irekita egotea ahalbidetu zuena ezeren truke. Orain, errepublikanoekin batera bozkatu gabe ere, ez da gai izan bere kideen diziplinari eusteko. «Alderdi errepublikanoa hautsiko zuela uste zuen, eta errepublikanoek hautsi dute bera», trufatu zen Trump.
Presidentearen etsai nagusi bihurtu den Gavin Newsom Kaliforniako gobernadoreak ere, gertatutakoa «patetikoa» dela salatu du, eta errenditu izana egotzi die alderdiko senatariei. «Ez diot inori muturrekorik emango, baina ez dut gustuko, joko-arauak erabat aldatu dituen Donald Trump bezalako espezie inbaditzaileen aurrean, gu oraindik joko-arau zaharrekin ibiltzea».
Epstein Trumpekin lotzen duten dokumentuak, argitara
Estatu Batuetako kongresukide demokratek Jeffrey Epstein magnate eta sexu-delitugilearen 20.000 e-mail eta bestelako dokumentu argitaratu dituzte, eta oraindik ezkutuan dauden gainerakoak ere plazaratzeko eskatu dute.
«Badakit Donald zeinen zikina den», dio Epsteinek mezuetako batean; beste batean, Donald Trump presidentea kargutik bota dezakeela adierazten du.
New Yorkeko finantza-gizon pederasta izan zen Jeffrey Epstein, eta gizon boteretsu asko zituen sarea antolatu zuen. Donald Trump gertuko lagun izan zuen. Espetxean hil zen 2019an.
Kongresua berriz irekita, Adelita Grijalva Ordezkarien Ganberako kide demokrata berriak kargua hartu du eta, ondorioz, litekeena da datorren astean bertan bozkatzea ezkutuan dauden dokumentuak argitaratzeko.U.U.

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

Llaman a celebrar el 7 de febrero en Gernika la victoria popular frente al Guggenheim Urdaibai

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

85 urte dituen Juaristi enpresaren egoera larriaz ohartarazi dute berriz langileek
