George Ponsonbyk eta James Pricek jarduera ikusgarria sinatu dute Aikache Chhok mendian
Joan den urrian, George Ponsonbyk eta James Pricek, Young Alpinist Group-eko alpinistak biak, ibilbide luze eta teknikoki oso zaila sortu zuten estilo alpinoan. Seimilakoaren bigarren igoera izan da, eta jarduera hori biribildu ahal izateko bederatzi egun behar izan zituzten.

George Ponsonby irlandarra eta James Price ingelesa ez dira ezagunak. Horren ‘errua’ bi alpiniston gaztetasuna izango da, baina egin duten azken espedizioan erakutsi dute, oso-oso sasoiko egoteaz gain, badakitela eskalada zorrotz bat bikain kudeatzen.
Iragan urrian, Britainiar Handiko Young Alpinist Group-ek (YAG) Pakistanera eginiko espedizioko bi kide dira. Beste sei kide saiatu ziren pare bat mendi igotzen, baina ez zuten arrakastarik erdietsi.
Ponsonbyk eta Pricek, ordea, bai. Kanpaleku nagusian zirela, informaziorik ez zuten tontor baten inguruan azterketa sakona egin zuten. Tresneria guztia antolatu eta xede horretara abiatu ziren. Bederatzi eguneko joan-etorrian bi gazteok eskalada bikaina baino bikainagoa egin zuten seimilakoaren ipar-mendebalak duen ertz estetiko batean. Oso luzea eta teknikoki zaila izateaz gain, konpromisoak berezko lekua hartu zuen.

Bi gazteok Chalt izeneko haranean dagoen mendi horretan ‘Secrets, Shepherds, Sex and Serendipity’ bidea sortu zuten: M7, AI5, A2+, 3.000 metro. Jarduera ikusgarri hori egin eta gero, Ponsonbyri eta Priceri esan zieten eskalatutako mendiaren izena Aikache Chook (6.673) dela. Seimilakoaren bigarren igoera egin zuten; talde italiar bat izan zen lehenbizikoa.
Hurrengo lerrootan YAG-eko bi alpinistok GARAri luze eta zabal hitz egin diote seimilako horretan eginiko eskaladaren eta bizitako eskarmentuaren inguruan.
Aikache Chhok
«Astebete eta erdi itxaroten egon ginen kanpaleku nagusian eguraldia noiz atertu zain. Eskaladako helburu ezberdinak aztertzeaz gain, Young Alpinist Group-eko kideekin eta bertako eskalatzaile Hassan, Adnan eta Najeedekin eta artzainekin denbora partekatu genuen. Bi haran aztertu ondoren, gure dendaren atetik ikusgai genuen ibilbide bat aukeratu genuen: Haachindar mendiguneko tontor baten ipar-mendebaldeko aurpegitik zuzen igotzen zen ertz ikusgarria».
«Ez genekien mendi hori eskalatuta zegoen ala ez. Jarduera amaitu eta handik egun batzuetara esan ziguten talde italiar batek Shilling Bar glaziarretik altxatzen den hegoaldeko ertza jarraitu eta gailur hori zapaldu zuela. Aikache Chhok deitu zioten».
AIKACHE CHHOK
George Ponsonby irlandarrak eta James Price ingelesak igoera bikaina egin dute seimilakoaren ipar-mendebaldeko ertz batean.
«Iragarpenek zioten eguraldia erabat egonkortuko zela, eta oinarrizko kanpalekuan geunden hiru taldeak martxan jarri ginen. Gure helburuari dagokionez, esan behar dugu bost eta zazpi egun arteko igoera iragarri genuela. Bizkar-zakuak prestatzen ari ginela, artzainek esan ziguten gure mendia ‘oso arriskutsua’ zela. Egun batzuk lehenago, bertako imam batek ondoan genuen glaziar batek (eskuarki debekatuta dago seracen arriskuengatik) igarobide seguru bat eskaintzen zigula esan zigun. Nahiz eta gizon santu baten iragarpena zen, gu beste ibilbide batetik abiatu ginen».
Bai ala bai
«Irten aurretik egoera kaotikoa bizi izan genuen gure ondoan zeuden artzainekin. Ohiko agurren ostean, biok ala biok sentitu genuen egoera lerrokatu zela eta bai ala bai aukeratutako bidea eskalatu behar genuela. Glaziarra gau horretan zeharkatu eta paretaren oinarrian bibaka prestatzen hasi ginen».
«Lehen eskalada eguna oso indartsu hasi genuen. Korridore nagusian sartu eta, ondoren, beste batera heldu ginen mistoko (M5/6) sei luze egin baino lehen. Ertz horretara heltzeko hainbat elurtegi lotzen jardun genuen. Luze gogoangarri bat aipatuko dugu. Sokaburua izotzezko korridore batera jaitsi zen bitartean, bigarrenak tentsio handiko jauzi bat egin behar izan zuen tarte horretan sartzeko. Beste hiru luze igo eta gero, ertzaren azpian, egun hori amaitu zen. Bost eguneko eskaladaren asmoak indartuta jarraitzen zuen».
SASOIKO
Young Alpinist Group-eko bi alpinistok ‘Secrets, Shepherds, Sex and Serendipity’ bidea sortu zuten: M7, AI5, A2+, 3000 metro.
«Bigarren egunean, berriz, lezio ederra jaso genuen. Jamesek egun osoa behar izan zuen mistoko eta artifizialeko M7/A2+ mailako hiru luze gainditzeko. Bigarren luzea, adibidez, eroria duen artesi bat da; arrokaren kalitatea txarra zen oso. Mistoan oso tentea zen azken luze bat eskalatu eta aukeratutako ertzera heldu ginen. Leher eginda geunden, eta ertzaren hegoaldeko isurira abiatu ginen denda altxatu ahal izateko. Zorionez, lehen eguzki-printzak ikusi genituen. Horretaz gain, ikuspegi ederra genuen iparraldeko hormarekin; Grandes Jorasses zirudien».

Hirugarren eskalada egunean, berriz, murru tente batek ertz hori alde batera uztera behartu gintuen. Tarte horretan zegoen harkaitza oso trinkoa zen eta ezin genuen katu-oinik gabe eskalatu. Horren ordez, glaziar piko bat eta elurrezko zenbait erlaitz gainditu genituen. Ondoren, ertz horretara lotu ginen. Bigarren arrokazko koskara iritsi baino lehen, gaua igarotzeko denda altxatu genuen».
«Biharamunean, aipatu dugun sekzio hori zeharkatu behar genuen. Aukera bakarra zen iparraldeko isurian dauden izotzezko aldatsetan sartzea. Rappelatu eta zeharkaldian luze batzuk egin eta gero, kale itsu batean sartu ginen. Iragarritako ertz horretara heltzea oso zaila zen. Halere, hiruzpalau luze egin eta ohartu ginen ezin izango genuela aurreikusitako leku horretara heldu. Bibakera itzuli eta biharamunerako utzi genuen erronka hori».
Taktika berria
«Taktikaz aldatzea erabaki genuen. Sokaburua motxila arin batekin torloju batzuk hartu eta izotzezko aldats batzuetan sartu zen ahalik eta azkarren jarraitzeko. Oso gogorra izan zen bosgarren eguna. Luzea ere bai. AI5 mailako zortzi luze egin genituen izotzean; ia gehienak 60 metrokoak izotz gogorrean eta beste luze bat elur bertikalean ertzera iritsi baino lehen. Nekearengatik akatsak egiten hasi ginen. Eskuak eta hatzak minduta genituen. Gainera, elurrezko tarte piko bat babesik gabe eskalatu genuen. Arrokazko bigarren koska (5.700 m) hori gainditzea egundoko lasaitua izan zen. Egun horretan bi torloju eta piolet bat hondatu genituen».
ARRAKASTA
Protagonistok ipar-mendebaldeko ertz batetik igo ondoren, seimilakoaren bigarren igoera lortu dute.
«Seigarren egunean elurrezko ertz samur bat jarraitu eta gailur txiki batera iritsi ginen. Burua altxatu eta egoera okertu zen. Ia negar egin genuen: aurretik mila metroko izotz beltza gure zain zegoen. Luze horietan azken iltzea oso urrun utzi eta geure buruak ia babestu gabe jarraitu genuen. Oinak eta zangosarrak minduta genituen. Hauek arintzeko pioleta elurrean ondo sendotu eta finkatzen ginen. Gaua gainean zegoen, eta 6.150 metrora zegoen artesi batean bibaka antolatu genuen».
«Zazpigarren eguna esnatu zen. Hainbat tarte tente gainditu eta gailur nagusira daraman ertza zain genuen. Oinetan min jasanezina genuen, baina, zorionez, eguzkia azaldu eta gure arazoak ‘samurtu’ ziren. Ilusio hori bat-batean desagertu zen. Eguzkia ezkutatu eta ekaitz bat lehertu zen. Haizeteek astinduta eta ikuspen gutxirekin, hala nola aurrera jarraitu genuen. Bazirudien tontorra 70 metrora genuela, baina puntu horretara heldu eta ohartu ginen ibilbidea ez zela amaitzen. Paranoia sentitu genuen. Arratsaldeko lauretan erlaitz piko batera iritsi eta bi luze gehiago eskalatu behar genituen. Une horretan ez geunden prest tarte horri ekiteko eta erlaitzaren azpian bibaka egin genuen. Jamesek egundoko energia erakutsi eta luze bat ekipatu zuen arratsalde horretan. Oso txarra izan zen gaua: hotza, ia janaririk gabe eta gorputz-adarrak berotzen saiatuz».
Berri pozgarri bat
«Zortzigarren eguneko eguraldiak oso itxura ona zuen. Bost egunetarako janaria eraman genuenez, gosarian barra energetiko bat partekatu genuen. Berri pozgarri batekin dendatik irten ginen; izan ere, erlaitz hori tontorra (6.673 m) zen. Puntu garaiena ukitu eta jaitsierari ekin genion. Gailurreria aztertu ondoren, rappelatzen hasi ginen. Hasieran arrokan iltzeak jartzen, eta ondoren, elurrean zein izotzean abalakovak antolatzen. Ilunabarrarekin batera bibak batera iritsi ginen».
«Jardueraren bederatzigarren eta azken egunean arrokazko ertza jaisten jarraitu genuen. Mendiaren oinarrian elkartzen diren bi glaziarretara heldu eta ez genuen igarobiderik aurkitu. Azken rappela egin eta glaziar batetik igo ginen. Hura rappelatu eta arrisku guztiak atzean utzi genituen. Izoztuta zegoen aintzira zeharkatu eta oinarrizko kanpalekura iritsi aurretik, bat-batean, egundoko ongietorria jaso genuen».

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik
