Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva
Entrevista
Intza Egiguren
Realeko jokalaria

«Giro onak askoz errazagoa egiten du egunerokotasuna»

Bere bizitzako taldean jokatzen du, urrezko domina bat dauka etxean, Bartzelonaren aurka egin zuen debuta Lehen Mailan 19 urte bete berri zituela, baina Intza Egigurenek (Anoeta, 2005) oraindik ametsak ditu betetzeko. Gaur egia bihur daiteke potoloetako bat: Anoetan debuta egitea, euskal derbian.

Intza Egiguren, Zubietan.
Intza Egiguren, Zubietan. (Jon URBE | FOKU)

Anoetak Realaren eta Athleticen arteko derbia hartuko du gaur (12.00). Bi klub, bi hiri, bi kamiseta izango dira aurrez aurre, bai eta agorrezinak diruditen bi harrobi ere.
Elitera jauzia egin duten azkenetariko birekin hitz egiteko aukera izan du Garak. Elkar ondo ezagutzen dute, iaz 19 urtez azpiko Europako txapelketa elkarrekin irabazi baitzuten, besteak beste. Final hartan garaipenaren gola Intza Egigurenek sartu zuen, eta orain «umetatik izan dudan ametsa» betetzea espero du.

Anoetan lehen aldiz jokatzeko aukera duzu. Athleticen aurkako derbian, gainera.

San Mameskoa jokatzeko aukera izan nuen baina hau beste gauza bat da. Oso sentsazio berezia da, txikitan gurasoekin etortzen bainintzen bazkide bezala eta orain lehen pertsonan bizitzeko aukera izan dezakedala ikusten dut. Egia esateko, guztiz asimilatuta ez daukat eta ez dakit jokatuko dudan ere, baina sekulako ilusioa daukat. Familiakoak eta lagunak han egongo dira, giro oso ona egongo dela uste dut...

Eta gainera Reala une gozoan. Proiektu berriek zalantzak sortzen dituzte beti, baina aurreikuspen baikorrenak gainditzen ari zarete.

Pozik gaude. Hasiera besterik ez da, baina gauzak ondo ari gara egiten. Lortzen ari gara entrenamenduetan lantzen duguna partidatara eramaten. Taldea nahiko berria da, jokalari dezente, entrenatzailea eta staffeko zati bat aurten etorri dira, baina guztion lanari eta ahaleginari esker, gauzak ondo irteten ari zaizkigu.

Lana da, beraz, hasiera arrakastatsu honen gakoa?

Lana ezinbestekoa da beti. Gainera, esango nuke dagoen giro onak asko egiten duela, taldekideekin eta inguratzen gaituztenekin dugun giroak egunerokotasuna askoz errazagoa egiten du. Eta harreman hori zelaian nabaritzen da.

Emaitzak hasieratik onak izateak ere lagunduko du.

Dudarik ez, astea errazagoa da garaipen baten ondoren. Betiere lasaitasunez hartzen baduzu, une txarrak heltzen direnean egin behar duzun bezala.

Giro ona aipatu duzu. Denboraldi konplikatu batetik etorrita, gehiago eskertuko dira harmonia, garaipenak...

Bai. Azkenean futbolak hori dauka, ezta? Gauzak irteten hasten dira eta dena ondo doa eta alderantzizkoa etortzen denean, dena aurka. Horregatik ere, orain ezin dugu pentsatu munduko onenak garela, iaz txarrenak ez ginen bezala.

Aurreko denboraldiari taldearen ikuspuntutik begira diezaiokezu, baina, finean, zure debutarena ere izan zen.

Egia da amets bat bete nuela: Lehen Mailan nire bizitzako taldearekin debutatzea askotan amestutako zerbait zen. Agian, egia da beste era batera bizi izan nuela, nahiz eta emaitzak onak ez izan.

Hamar hilabete baino ez dira igaro, gainera uda tartean, baina debuta egin zuen Intza orain Ruizekin jokatzen duen Intza bera da?

Ez dakit zer esan. ¿Bai eta ez? Oso denbora gutxi da baina moldatzen joan naiz, adibidez erritmoaren aldetik. Eta hartzen zoazen esperientzia. Partida guztiak desberdinak dira eta bakoitzak esperientzia desberdin bat ematen dizu, hurrengorako prestatuago egoteko. Etengabeko prozesua da.

«Dinamikak eta sailkapena alde batera geratzen dira derbietan. Gainera, eurak animatuta etorriko dira lehen garaipena lortu ondoren»

Arturo Ruizekin ez da etenik izan zure kasuan. Klubaren konfiantza argi geratu zen berritu eta lehen taldera igo zintuenean, baina entrenatzaile berriaren etorrerak kezkatu zintuen? Denek ez dute berdin onartzen gaztetasuna edo esperientzia falta.

Beti dituzu zalantzak baina konfiantza dut neure buruan eta nire esku dagoen guztia egiten saiatzen naiz: ahal den lan handiena egiten, entrenamenduetan nire onena ematen eta lehiaketan aukera guztiak aprobetxatzen saiatzen. Eta egia da oso gustura sentitzen ari naizela, minutu aldetik, joko aldetik taldekideekin... Niretzat ere oso hasiera ona izaten ari da pertsonalki.

Derbia irabazteak hasiera on hori borobilduko luke. Eta sailkapenari begiratzen badiogu, Reala faborito argia da.

Partida hauetan dinamikak eta sailkapena alde batera geratzen dira. Gainera, animatuta etorriko dira. Guk iaz bizi izan genuen irabazi ezinaren bolada txar hori eta badakigu nola suspertzen zaituen lehen garaipen horrek.

Zein da talde bakoitzaren bertutea, besteak gehien errespetatu behar duena?

Eurak talentu askoko jokalariak dira. Indibidualki, oso talde ona da, emaitzak ondo atera ez arren. Gure kasuan, talde bat garela esango nuke; nolabait esateko, denok gaude taldearen barruan. Eta oso eroso sentitzen gara baloiarekin.

Besteak beste, Daniela Agote laguna izango duzu aurrean. Zertaz abisatu behar diezu taldekideei?

Aspalditik ezagutzen dugu elkar. Jokalari azkarra eta oso arriskutsua buruz burukoan. Hegalekoek eta defentsek kontu handiz ibili beharko dute.

Zein izango da emaitza? Ea bietako batek asmatzen duen.

Guk irabazi behintzat, bai! Ea 2-0 esanda asmatzen dudan.