Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Gauak errekuperatuko ditu inoiz baino indartsuago datorren Durangoko Azokak

Ate joka datorren 60. edizioan zabalduko diren bi gune berrietako batean, alegia, Durangoko Museoan, aurkeztu da abenduaren 5etik 8ra egingo den Azoka. Sekula baino erakusmahai, nobedade eta ekitaldi gehiagorekin, nostalgiarentzat betarik gabe, gauak errekuperatu ditu ‘gaztetxo’ honek.

Beñat Gaztelurrutia eta Azokako gune desberdinetako arduradunak, aurkezpenean.
Beñat Gaztelurrutia eta Azokako gune desberdinetako arduradunak, aurkezpenean. (Jon URBE | FOKU)

60 urte betetzen direnean atzera begiratzeko tentazioari iskin egitea zaila egiten da, are gehiago gure historia hurbilean erabateko garrantzia izan duen ekitaldi edo hitzordu bati buruz ari garenean. Durangoko Museoan egin den aurtengo egitarauaren aurkezpenean, hasiera-hasieratik heldu nahi izan dio horri Beñat Gaztelurrutiak, Azokako koordinatzaileak: «Nostalgian erori gabe, harro aldarrikatu nahi du Durangoko Azokak izandako bilakaera eta pozik heltzen diogu aurrean dugun erronkari. Baliatu nahi izan dugu urteurrena aurrera egiteko». 

Beraz, data borobil hau ez da islatuko egitarauan; Azoka bera izango da 60. zenbaki honen ospakizuna.

1965eko Domu Santuko egunean, frankismo bete-betean, Santa Maria elizaren aterpean elkartu ziren 19 erakusmahai prekario eta ausart haiek. Sei hamarkadaren buruan, orduan amestu ezinezko zenbakietan iritsi dira: 285 erakusmahai ipiniko dituzte 175 partaideen artean (argitaletxe, herri elkarte, erakunde...) eta 1.026 kultur nobedade egongo dira kulturzaleen esku, horietatik 694 liburuak, 163 musika ekoizpenak, 30 aldizkariak eta 139 bestelako ekoizpen (fanzineak, audioliburuak, podcastak, hedabideak...). 

Bi gune berri-berri 

Gaztelurrutia ez da zenbakiak ‘goraipatzearen’ zale, baina aitortu behar izan du «aurten inoizko kopururik handienak» dituela Azokak. «Pandemiaz geroztik erakusmahaiak gehitzen joan dira eta esan daiteke Azoka indartzen ari dela. Gorakada sumatzen ari gara azken urteetan», ziurtatu du.

Zenbaki gehiago: 293 aurkezpen eta emanaldi egingo dira, iaz baino 70 gehiago. Horren arrazoia, gune batzuek espazio propioa izango dutela eta bi gune berri atondu direla. Bat, Atartea deituko dena, edo Arte Ederren Plaza, Durangoko Museoan kokatuta; eta bestea, Berbagailua edo Postcasten Plaza.

Berbagailua Madalenako ermitan ezarriko den plato batean kokatuko da. Han grabatuko dira 12 podcast –egunean hiru–, egunero zabalduko direnak. Mota eta jatorri desberdineko egileek Azokan aurkeztuko den nobedade baten harira osatuko dituzte podcastak. Museoari dagokionez, urtetik urtera garrantzia hartzen joan denez –Landakon sartzen ez ziren formatu bereziko aurkezpenak egin ohi dira hemen–, Arte Ederren gunea bihurtzeko asmoa dute. Aurten ilustratzaileei egingo zaie tokia: 20 ilustratzaileren erakusketa ikusgai jarriko da 5etik 8ra, eta 6rako aurkezpenak eta solasaldiak programatu dituzte. 

Beste berrikuntza bat: faltan sumatzen ziren azken urteetan, Plateruena antzokiak izan dituen gorabeherengatik, iluntze-gauetako kontzertuak. Abenduaren 5ean Lukiek eta Ezezez eta 6an Mirua eta Naxker izango dira. Edizio honetan ez dira, dena den, kontzertuak soilik berreskuratuko, azoka itxi eta gero egitarauak jarraipena izango baitu beste gune batzuetan, esaterako Formol Laborategiaren ikuskizun batekin, edo Irudienean (11.00tatik 21.00ak arte, etengabe, Zugaza zinemetan egiten diren proiekzio eta aurkezpenak), non Paul Urkijok ‘Gaua’ aurkeztuko duen. 

Izen propioak eta Palestina

Beti legez, baina agian aurten gehiago –egitaraua ekitaldiz lepo dator–, zaila da oso laburbiltzea Azokak dakarrena. Batzuk aipatzearren, bakoitzak bere gustukoa aukeratuko duelako, aurten zendu den Joxe Azurmendi filosofo handiak protagonismo berezia izango du (7an eta 8an eskainiko zaizkio ekitaldi batzuk). Beste izen propio batzuk: Jon Mirande, Gabriel Aresti, Marina Garces edo William Douglas antropologoa. Douglasen diasporari buruzko ‘Amerikanuak’ liburu aitzindariaren 50. urteurrena betetzen denez, abenduaren 8an protagonismo berezia izango du. 

Aipagarria hau ere. Palestinaren aurkako genozidioa salatuko da Azokan zehar, ‘Genozidioa ez!’ leloa daramaten pegatinekin. Egunik potenteena abenduak 7a izango da, 14.00etan geldialdia egingo baitu, ordu erdiz, Azokak, Palestinaren alde. 

Ahotseneak, 18

Ahotsenearentzat urte berezia da aurtengoa, «helduarora» iritsiko delako: 18 urte bete ditu sortzaileen guneak. Badu zerbait adierazgarria edizio honek, Gotzon Barandiaranek aitortu duenez, Ahotsenea belaunaldi desberdinen topagune bihurtu delako, eta «hori bereziki pozgarria da». Edizio berberan, Laura Mintegi bezalako ‘beterano’ batek bere azken liburua eta Sara Uribe-Etxeberria hasi berriak bere lehen liburua aurkeztuko dituzte.

Eskaera asko kanpoan gelditu dira, «ez dugu izan lekurik denentzat –gehitu du–, eta horrek esan nahi du asko produzitzen dela Euskal Herrian eta falta zaiguna agian irakurleak dira». «Zoaz eta ea zer entzuten duzun, entzun zer duten esateko hain ezagunak ez diren musikariek», izan daiteke Ahotsenearen leloa. 

Garraioetan, nobedadeak

Beste jakin beharreko batzuk, laburrean: egunero, 10.30etan zabaldu eta 20.00etan itxiko ditu ateak Landakok, azken egunean izan ezik (18.00etan itxiko da). Gune batzuek ordutegia luzatuko dute egitarauaren arabera. 

Irekiera ekitaldian, hilaren 5ean, Izaskun Ellakuriaga omenduko da. Abenduaren 6an egingo den Gazte Eztanda egunerako, aurrenekoz autobusak antolatu dira Baiona, Iruñea, Gasteiz eta Bermeotik.

Eta Euskotrenek tren gehiago jarriko ditu. Gaueko zerbitzua aktibatuko du Azoka egunetan eta, autoa Zornotza, Zaldibar eta Berrizen utzi ahal izango da, tren gehiago jarriko dituztelako herri horietatik Durangorantz.