
Aldez aurretik ere etxeko atxiloaldian zen Jair Bolsonaro presidente ohia atxilotu du prebentiboki Brasilgo Poliziak, bere mugimenduak fiskalizatzeko orkatilan jarrita zuen gailu elektronikoa apurtzen saiatu ostean; Gorte Gorenak ziurtatu duenez, bere semeetako batek etxe aurrean deitutako manifestazio bat baliatu nahi zuen Bolsonarok ihes egiteko.
Agente talde bat Bolsonaroren etxera joan da, Brasilian, eta buruzagi ultraeskuindarra atxilotu du. Jarraian, polizia-etxera eraman dute.
Globo taldearen arabera, Brasilgo Gorte Gorenak behin-behineko espetxealdia ezarri dio agintari ohiari, «ordena publikoa bermatzeko».
Espetxeratzeko aginduaren arabera, agintariek presidente ohiak jarrita zuen «monitorizazio elektronikoko ekipamenduaren urraketa» antzeman zuten larunbat honetako 00.08an, Brasiliako ordua (03.08 GMT).
«Informazioak berresten du, ihesaren arrakasta ziurtatzeko asmoz, kondenatua orkatilan jarritako gailu elektronikoa hausten saiatu dela. Semeak deitutako manifestazioak eragindako nahasmendua ihesa errazteko baliatzea zen xedea», dio prozesuaren errelatore Alexandre de Moraes epailearen autoak.
Brasilgo Polizia Federalak ohar labur batean jakinarazi duenez, larunbat honetan, «espetxeratze prebentiboko agindu bat bete du, Gorte Gorenaren erabakiz». Hori bai, ez du zehaztu noren aurkako agindua zen.
Etxeko atxiloaldian
Estatuburu ohiaren atxiloketa, osasun arrazoiak argudiatuta, abokatuek auzitegiari Bolsonarok estatu kolpe saiakeragatik jasotako 27 urteko kartzela zigorra etxeko atxiloaldian betetzea eskatu eta hurrengo egunean gertatu da.
Joan den irailaren 11n, Goreneko Lehen Salak Bolsonaro zigortu zuen, ministro eta agintari militar ohien babesarekin boterean «betikotzen» saiatzeagatik, 2022ko hauteskundeak Luiz Inazio da Silva Lula egungo agintari progresistaren aurka galdu ondoren.
Iragan abuztuaren 4tik, 70 urteko buruzagi ultraeskuindarra etxeko atxiloaldian zegoen Brasilian, auzi horrekin lotuta bere aurka jarritako kautelazko zenbait neurri ez betetzeagatik.
Tokiko hedabideen arabera, larunbat honetan ezarritako badaezpadako espetxealdia ez da zigorraren betearazpenaren hasiera, datozen asteetarako espero dena, Gorenak epaiaren aurkako lehen apelazio helegiteak atzera bota ondoren.
Kolpismoagatik abiatutako prozesuaren barruan, Gorenak Alexandre Ramagem diputatu eta Bolsonaroren aliatua behin-behinean espetxeratzeko agindua ere eman du. Ramagen presidente ohiaren epaiketa berean zigortu zuten, baina ordurako ihes eginda zegoen, antza Ameriketako Estatu Batuetara.
Ikerketen arabera, parlamentariak joan den irailean utzi zuen Brasil Roraima estatutik, Venezuelarekin mugan. Bertatik ezkutuan jarraitu zuen ihesa Venezuelara edo Guyana Frantsesera, ondoren AEBra joateko.
Ramagem Brasilgo Inteligentzia Agentziako zuzendari ohiak 16 urteko espetxe-zigorra jaso zuen, erregimen itxian, erakunde kriminaleko kide izatea, estatu kolpea ematea eta Zuzenbideko Estatu Demokratikoa indarkeria erabilita deuseztatzea egotzita.

El revuelo en la diócesis de Donostia por el veto a las cenas solidarias llega a Insausti

El relevo de Xabier Lapitz por Miriam Duque en ‘En Jake’ genera controversia en redes

Duelo por el niño vizcaino fallecido tras ser atropellado por un tractor en Burgos

Sabino Ormazabal, Euskal Herria maite zuen bakezale amorratua, zendu da
