NAIZ

Tolosako Asuncion klinika publifikatzea eta bertako 350 langileak subrogatzea eskatu dute

LABek eta ELAk, Tolosako ehunka herritarrek babestuta, Asuncion klinika publifikatzea eta bertako 350 langileak subrogatzea eskatu dute larunbat honetan. «Onkologikoan egindako bidea hartzeko» eskatu diote Osasun Sailari.

Manifestazioa egin da larunbat honetan Tolosan.
Manifestazioa egin da larunbat honetan Tolosan. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

LABek eta ELAk deitutako manifestazio batek Tolosako kaleak zeharkatu ditu larunbat honetan, Asuncion klinikaren publifikazioa eta bertan lan egiten duten 350 pertsonen subrogazioa eskatzeko.

Ohar batean ohartarazi dutenez, «sailburuak ospitale berriari buruz emandako xehetasunak aintzat hartuta, ez da bermatzen Tolosaldeko herritarrentzat ehuneko ehunean publikoa izango denik, osasun arreta zerbitzu guztiekin eskainiko denik, eta Asuncioneko langileek ospitale berrian lanean jarraitu ahal izango dutenik».

«Izatez, kontuan hartuta Osasun sailburuak –Alberto Martinez– enpresa-batzordeari eman dizkion albisteak eta publiko egin dituenak, egun Asuncionen lan egiten duten 350 langileek ez dute lanean jarraitzea bermatuta», adierazi dute. Are, azpimarratu dutenez, «langile horietako asko urteetan aritu dira eskualdeko herritarrei zerbitzu publikoa ematen, pribatizatuta eta egoera prekarioan».

Salatu dutenez, Osasun Sailak «konponbide partziala eta mugatua eskaintzen du eta ez dugu ontzat ematen»; eta, gogorarazi dutenez, «duela hilabete gutxi Donostiako Onkologikoko langileak subrogatu egin dituzte eta gaur egun Osakidetzako langileak dira. Beraz, eskatzen dugu ahoz egindako proposamen horretan atzera egitea eta Onkologikoan egindako bidea hartzea».

Ospitaleak izango dituen zerbitzuak aztertzean, honako hau nabarmendu dute LABek eta ELAk: «Ez dugu plan funtzionalik, eta, beraz, xehetasunak falta zaizkigu, baina aurreratutako zenbait datu aztertuta, ez dugu bermerik ehuneko ehun publikoa izango denik, ezta aldarrikatzen ditugun zerbitzu guztiak izango dituen eskualdeko ospitalea izango denik ere, besteak beste, Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuaren adar bat izango den anbulatorio handi baten itxura duelako».

Publifikazioaren aldeko apustua berretsi dute, Asuncion klinikako langileak ere barne hartuta, «eman nahi den zerbitzua emateko moduko eraikina egon badagoelako. Bestela, eskatzen dugu bermatzea langileak Tolosan eraikiko den ospitale berrian subrogatuak izango direla».

«Langileen lan eskubideen alde eta Tolosaldeak behar duen osasun publikoaren alde borrokatzen jarraituko dugu», nabarmendu dute amaitzeko.