NAIZ

Gizonezkoen belar hockey-ko euskal selekzioa gailendu da Vienan egin duen biran

Austriako selekzioaren aurka bi partida jokatu ditu euskal taldeak asteburuan, aurrenekoa 1-2 irabazi du eta bina berdindu du bigarrena. Neurketa hauen bidez, «euskal selekzioak bere presentzia sendotu du Europan zehar eta lurraldeko kluben oinarrizko lana» aldarrikatu du Hockey Federazioak.

Belar hockeyko euskal selekzioa Austrian.
Belar hockeyko euskal selekzioa Austrian. (@euskalhockey)

Gizonezkoen belar hockeyko euskal selekzioak lagunarteko bi partida jokatu ditu joan den asteburuan Austriako selekzioaren aurka Vienan. Euskal taldeak 1-2 irabazi zuen ostiraleko neurketa eta 2-2 amaitu zen larunbateko dema. Ondorioz, euskal selekzioaren nazioarteko bisitan 3-4ko aldeko emaitza orokorra utziz.

Euskal hockey Federazioaren oharrean adierazten denez, asteburuan euskal selekzioak jokaturiko partida horiek «ez dira salbuespen bat, lan ildo jarraitu baten zati bat baizik. Azken urteetan, euskal taldeak behin baino sarriago jokatu du Portugalen aurka: 2023an Donostian eta Getxon, eta 2024an Porton».

Topaketa horiek, maila gorenean lehiatzeko ez ezik, «euskal hockeyak bere mugetatik haratago duen ahalmena erakusteko aukera bat dira», gaineratu dute Federaziotik.

«Emaitza horiek gure lurraldeko klubetan egiten ari den oinarrizko lan handiaren isla dira», adierazi du Xabi Lopez Euskadiko Hockey Federazioko lehendakariordeak. «Gure nazioarteko proiekzioa sendotzen eta gure selekzioen ofizialtasuna lortzeko helburu partekaturantz aurrera egiten laguntzen digute», azpimarratu du, bestalde.

Euskal Selekzioa bost klubetako jokalariek osatu dute: Kale Lagunak, Club Atetico San Sebastian, Pasaiko Trintxerer Hockey Kirol Elkartea, Club Hockey Getxo eta Ganbegi Hockey Taldea.nazioartean proiektatzeko.

Euskadiko Hockey Federazioak «epe ertainera nazioarteko partiden kopurua handitzea eta euskal selekzioaren presentzia sendotzea Europako goi mailako partidetan» jarri du helburutzat.