
Milan-Cortinako 2026ko Neguko Olinpiar Jokoetako zuzia ostegun honetan iritsi da Erromara Atenastik eta, ondorioz, su olinpikoa Italiara itzuli da 20 urte eta gero.
Zuzia Turingo 2006ko Neguko Olinpiar Jokoen harira egon zen azkenekoz Italiako lurretan.
Italiako kirolariei zuzia emateko ekitaldia Atenasen egin da ordu batzuk lehenago. Zuzia jaso dutenak izan dira Jasmine Paolini tenislaria (urrezko domina Parisen 2024an) eta Filippo Ganna txirrindularia (urrezko domina pistako taldekako jazarpenean Tokion 2020an, eta bi dominaren irabazlea Parisen 2024an, bat zilarrezkoa errepideko erlojupekoan eta bestea brontzezkoa taldekako jazarpenean).
Erromako Fiumicino aireportura Euskal Herrian 17.00ak zirela iritsi da zuzia, eta lehen aipatutako Paolini eta Giovanni Malagò, Milan-Cortina 2026 Fundazioko presidentea, izan dira su olinpikoa eskuetan Italiako lurra zapaldu duten lehenak.
Zuzia Erroman egongo da ostiral honetan, hilak 5, eta Sergio Mattarella Errepublikako presidenteak eta Giorgia Meloni lehen ministroak ekitaldi bat egingo dute Italiako Gobernuaren egoitzan; bihar larunbata ere, hilak 6, Erroman emango du eguna zuziak, Milanera iritsi arteko Italia osoan zeharreko ibilbidea ofizialki hasi aurretik.
Zuziaren errelebokako ibilbidea larunbatean hasiko da Erroman, Stadio dei Marmi estadioan, Estadio Olinpikoaren oinetan. Lehen etapak Italiako hiriburuko leku ospetsuenak zeharkatuko ditu: San Pedro plaza, Panteoia, Foro Inperialak eta Koliseoa.
Guztira 10.001 eramaileren eskuetatik pasako den zuzi olinpikoak 12.000 kilometro egingo ditu 63 egunetan, herrialde osoko 300 hiri baino gehiagotan zehar, Siena, Agrigento, Ponpeia, Florentzia, Venezia eta Como barne. Otsailaren 5ean iritsiko da Milanera, San Siroko futbol zelaian inaugurazio ekitaldia egin baino egun bat lehenago. Irekiera ekitaldia otsailaren 6an egingo da, Milango Giuseppe Meazza estadioan (San Siro).
«Une magikoa»
Zuzia eraman dutenen artean, mahuka laranjadun osoko jantzi zuriak soinean, herritar arruntak zein Italiako egungo zein iraganeko kirolari entzutetsuak egon dira, hala nola Giacomo Agostini motoziklismoaren mitoa eta Cristiana Girelli futbolaria. Arte munduko ordezkariak ere izan dira, hala nola Achille Lauro abeslaria eta Giuseppe Tornatore zine zuzendaria.
Suzia Atenas erdialdeko Estadio Panatenaikoan egindako ekitaldi ofizial batean jaso dute 2026ko Olinpiar Jokoetako antolatzaileek. Hain justu, aipatu estadioan egin ziren 1896an lehen Olinpiar Joko modernoak.
«Gaur une magikoa da gu guztiontzat», adierazi du Giovanni Malagòk.
Tradizio olinpikoa betez, suak azaroaren 26an hasi zuen ibilbidea Olinpian, Jokoen sorlekua K.a. 776. urtean. Baldintza meteorologiko gogorren ondorioz, ordezko zuzi bat erabili behar izan zuten.
Neguko kiroletan tradizio sendorik gabeko herrialdeetan parentesi luze eta polemikoa egin ondoren, 2026an, Neguko Jokoen jatorrizko egoitza izandako Alpeetara itzuliko da hitzordua. Italiako iparraldean eta ipar-ekialdean egingo dira Jokoak, Lombardia, Veneto eta Trentino-Adige Garaia eskualdeen artean banatutako zazpi egoitzatan.

Osakidetza anuncia un paquete de medidas para agilizar la Atención Primaria

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Muguruza, Rosalía, Guardiola, Amaia, Llach... en un gran festival por Palestina en Barcelona

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu
