Opariak erosteko gida: sormen jolasak kontsumismoaren ordez
Kontsumismotik aldenduz sormenezko jolasak lehenesten dituen ‘Opariak erosteko gida’ plazaratu du Agoizko Aranea haur eskolak. Garazi Labiano eskolako zuzendari eta sortzaileak azaldu duenez, urteetan jaso dituzten balore eta ikasketa horiek izan dituzte oinarri.

Eguberri garaiak urtero dakarren albo ondorioetako bat telebistan eta sare sozialetan ugaritzen diren iragarkiak dira, edota oraindik ere etxe askotako buzoietan jasotzen diren jostailu katalogoak. Gehienak, hori bai, enpresa eta marka handietako katalogoak dira, jostailu eta jolas gehienak kontsumo eredu jakin bati lotuta daudelako.
Testuinguru horretan, ‘Opariak erosteko gida’ argitaratu du Agoizko Aranea haur eskolak, bere hezkuntza komunitateko gurasoei, edo behar duten guztiei, oparitu dezaketenari buruzko aholku sorta bat eskaintzeko, merkatuko interesetatik at. «Jostailua edozein material izaten ahal da txikiari esperientzia bat eskainiko diona», adierazi du Garazi Labiano Burgetek, gidaren sortzaile eta Aranea haur eskolako zuzendarietako batek.
Urteak daramatza Labianok bere eskolako gurasoei aholkuak ematen, baina eskolak izan duen hazkundearekin batera (56 haur dituzte momentu honetan) erabaki du gida pertsonalizatuak ziren horiek bilduma bakar batean publiko egitea. Edozein kasutan, ez du ezer asmatu Labianok, bere inspirazioa aurreko belaunaldiak izan direla azaldu baitu, «urteetan jaso ditugun balore eta ikasketa horiek eta gizarte eredu honetan galtzen ari direnak», hain zuzen.
Gida bereziki 0 eta 3 urte bitarteko haurren garapenaren bueltan osatu dute, haien behar eta interesetatik sortu dute. Honela agertu du Agoizko Aranea haur eskolako zuzendariak gidaren beharra: «Jostailuen gidak jasotzen ditugu buzoietan, gure ustez behintzat aproposak ez diren materialekin. Kontsumismoa izugarrizkoa da opariak erosten diren aldi oro eta familiak askotan oso galduta sentitzen dira, bai publizitateak eraginda, bai eta gizarte presioak eraginda ere. Askotan ez dakite zer erosi eta ‘zer nahi duzu?’ galdetzen diote haurrari. Aukeratzen dituen materialak desegokiak suertatzen ahal dira, edota askotan arriskutsuak garapen faseari dagokionez».
Interesgarria iruditu zaie gida hau mahai gainean jartzea, material egokiak zeintzuk izan daitezkeen adierazteko, haurraren garapen fasearen arabera eta hark diten nahi eta beharren arabera. Orientazio txiki bat izatea nahi dute opari bat egitera goazenean txikien errealitatetik ahalik eta gertuen egoteko.
KUTXAREKIN JOLASEAN
Jostailu egokia zein den galdetuta, honela erantzun du Labianok: «Guk beti materialen bueltan hitz egiten dugu, jostailua edozein material izaten ahal delako txikiari esperientzia eta ikasketa bat eskainiko diona. Askotan gertatzen da opari bat egitean haurrak bost ordu ematea kutxarekin jolasean eta barruan zeraman jolasa edo materiala ukitu ere ez egitea. Materialaz hitz egitea gustatzen zaigu, edozein material izaten ahal delako jostagarria eta errealitatetik eta mundu honetatik ikasteko baliagarria. Jolasa ekintza da eta jostailua, berriz, baliabidea edo materiala».
Gidaren hasieran jolasaren garrantzia azpimarratzen dute. Azken urte hauetan, bereziki pantailek eraginda, jolas mota aktiboa ez da hainbeste sustatzen eta askoz gehiago jolasten dira txikiak pantaila baten aurrean edo lau pareten barnean. Jolas aktiboaren garrantzia defendatzeaz gain, dekalogo bat osatu dute. Bertan, jasangarritasuna aipatzen dute, baina ez hori bakarrik. ‘Gutxiago gehiago da’ esaldia ere agertzen da. «Famatua bada ere, askotan aplikatzeko zailtasunak ditugu», adierazi du. Gehiegizko estimulazioak sortzen dituen zailtasunen inguruan ere hitz egiten dute. «Oso ohikoa da, bereziki Gabon garaian, zaratadun, koloredun eta argidun opariak jartzea zuhaitz azpian. Izugarrizko zarata egiten duen jostailu ero batekin ibiltzeak kalte egiten dio bai txikiari eta bai inguruko jendeari».
Balioez ere mintzatzen dira. «Gaur egun baloreak ahantzita ditugu. Bada denon ahotan dabilen esaldi bat baloreetan hezten dugula, baina errealitatean balore horiek ahanzten ditugu», ohartarazi du.

Denuncian que Soto Ivars presentará en Bilbo su libro «que niega la violencia machista»

Muere Robe Iniesta, cantante de Extremoduro muy ligado a Bizkaia, a los 63 años

El Gobierno navarro reconoce a otros siete torturados por la Policía y la Guardia Civil

Robe Iniesta, el poder del arte

