Kazetaria / Periodista

Trump behin eta berriz ageri da irten berri diren Epsteinen paperetan

Jeffrey Epstein espetxean hildako sexu-erasotzailearen agiri gehiago argitaratu behar izan zituen joan den astean AEBko Justizia sailak. Horiek aztertuta, Kongresuak emandako legezko epean agiririk publiko ez egitearen zergatia suma daiteke: Donald Trumpen izena sarritan ageri da paperetan.

(CONTACTO | EUROPA PRESS)

Donald Trump Jeffrey Epsteinen lagun izan zela ez zen inongo sekretua: publikoki defendatu izan zuen bien arteko adiskidetasuna gerora presidente bihurtuko zen enpresariak.

Beste gai batzuetan egin ohi duen gisan, Trumpek gezurrak eta egia erdiak erabili izan ditu begi-bistan dagoena justu kontrakoa dela adierazteko: hala, Epstein demokratek babestu zutela esan izan du (haren agirietan alderdi demokratako izen ugari daude, ez derrigor Epsteinen bortxaketen taldekide izateagatik), eta Trump bera izan zela bizkarra eman zion lehena.

Duela urte bi, Trumpek hauteskundeetara berriz aurkeztuko zela baieztatu zuenean, Epstein izan zuen hizpide: sekula ez zela egon haren Boeing-727 “Lolita Express” hegazkin pribatuan, «ezta haren uharte ergelean ere». Jeffrey Epsteinek Kariben uharte bat zeukan, eta han antolatutako jaietara AEBko gizon boteretsuak eraman ohi zituen, baita bizitza zaila izan zuten neska adingabe zaurgarriak ere.

Egunotan agertutako datuetan, Trumpen izena dator Karibeko hegaldi pribatuetako bidaiarien zerrendan. Etxe Zuriak, ohi bezala, «oinarririk gabeko eta gezurrezko adierazpenak» zirela salatu zuen, «2020ko hauteskundeen aurretik Trump presidenteari kalte egiteko asmoz jaurtitako agiri faltsu eta sentsazionalistak dira».

Argitaratutako bi mezu FBIren Mehatxu Nazionalez ohartarazteko gunean 2020an jasotakoak dira, eta Trumpi bortxaketa eta sexuagatik ordaintzea egozten diote.

Beste dokumentuetako batek Epstein hil eta hiru egun beranduagoko zigilua dauka, eta bortxatzailearen suizidioa baieztatzen du (Trumpen jarraitzaileek zalantzan jarri dute hark bere buruaz beste egin izana 2020an). «Dagoeneko badakizuenez bide laburra hartu dut», diotso Epsteinek pederastiagatik preso dagoen Larry Nassar AEBko gimnasia taldeko mediku ohiari. Mezua idatzi ziola ezaguna zen lehendik, baina ez haren edukia: «Gauza bat partekatu genuen... neska gazteekiko maitasuna eta ardura, eta beren potentzial osoa lortzea espero genuen». Segidan irakur daitekeenez, «gure presidenteak ere neska gazte eta gazteekiko dugun maitasuna partekatzen du. Edertasun gazte bat pasatzen zenean ‘harrapatzea’ gustatzen zitzaion».

EPSTEINEN FITXATEGIEN GARDENTASUN LEGEA KONGRESUKO BI GANBEREK IA AHO BATEZ ONARTU ZUTEN;

Donald Trumpek legea eragozterik ez zuela ikusita -eta bere aginduen aurka matxinatuko ziren errepublikano kopurua ez nabarmentzeko-, alde bozkatzeko eskatu baitzien jarraitzaileei.

Legea arau labur eta sinplea da. Fiskal nagusiari 30 egun eman zizkioten Jeffrey Epsteinen aurkako ikerketa federaletan zeuden material guztiak «publikoki eskuragarri jartzeko, bilaketak egiteko eta deskargatzeko moduan». Salbuespen ia bakarra Epsteinen biktimei buruzko informazio pertsonala da, eta ezabatutako kasu horietan ere Kongresuari jakinarazi behar zaio, horretarako justifikazioarekin batera.

Alabaina, epea bete zen egunean argitaratutako dokumentu askok (tartean bideoak, argazkiak, mezu elektronikoak eta bestelako agiriak daude) beltzez ezabatuta dituzte izenak eta pasarteak. Horien artean, FBIk Epstein kasuan konspiratzaile posible gisa aipatzen dituen pertsonen izenak daude.

AGIRIAK ABENDUAREN 19RAKO ARGITARATU BEHAR ZIREN, ETA, ITXURA GUZTIEN ARABERA, BENETAN DAGOENAREN OSO ZATI TXIKIA DA PLAZARATUTAKOA.

Hau da, Trumpen Administrazioak legea nabarmen urratu zuen, Kongresuko bi ganberek ia aho batez bozkatu baitzuten Epsteinen fitxategiak osorik eta editatu gabe argitaratzea. Ez da Trumpek legea inolako ardurarik gabe urratzen duen lehen aldia; are gehiago, Auzitegi Gorenak berak aitortu zion iaz ezin dela auzipetu presidente karguan egindako ekintzengatik.

Baina Pam Bondi fiskal nagusiaren Saila ohartu zen Kongresuari muzin egiteak ondorioak izan ditzakeela; baliteke berehala ez izatea, baina garesti ere atera dakioke. Ro Khanna eta Thomas Massie kongresukideek (demokrata lehena, errepublikanoa bigarrena) ohartarazi zioten oso gutxitan erabilitako prozedura legal bat aktibatuko zutela Bondi zigortzeko, legea bete ezean. Epsteinen biktima izandako hemezortzi emakumek ere Justizia Sailaren aurkako neurriak eskatu zituzten.

Azkenean, eskandaluaren neurriaz jakitun, beste milioi bat agiri argitaratu zituzten joan den astean. Hizkera ofizialaren arabera, New Yorkeko fiskalek eta FBIk «aurkitu» dituzte dokumentuak. Epez kanpo eta gogoz kontra, baina argitaratu behar izan dituzte. «Aurkikuntzaren» neurriagatik, denak sailkatu eta ateratzeko hilabeteak beharko direla ohartarazi dute, hori bai. Amarru horien atzean dagoen motiboak argi samarra dirudi: Donald Trumpi buruzko aipamen ugari daude.