
Bilboko La Fundición antzokiak urtarrila Palestinan oinarritutako arte eszenikoen ziklo bati eskainita hasiko du 2026a. Ziklo hori datozen bi asteetan egingo da, eta bi ikuskizun izango ditu: ‘Foot’, futbolari palestinar bati buruzko benetako gertaeretan inspiratutako bakarrizketa poetikoa, eta ‘Vicini’, lau interpretez osaturiko lana, zeinean dantza eta hitza elkarrekin bizi diren palestinarraren erresistentzia-memoriak berreskuratzeko.
Bi piezak ziklo horri esker ikusi ahal izango dira lehen aldiz Euskal Herrian. Proposamen horrekin, Deustuko aretoaren asmoa da «elkargune bat sortzea, non sorkuntza garaikidea premiazko errealitate batekin, bertokoarekin eta orainarekin, mintzo den», laburbildu dute aretoko arduradunek. «Arte biziei buruz ari bagara, ezinbestekoa da gure eszenatokiak oraina zeharkatzen duten gatazka, memoria eta erresistentzietara irekitzea. Gai horiek oholtzaratzea apustu artistiko bat ez ezik, ekintza etikoa, soziala, politikoa eta, azken batean, bihozbera ere bada», jarraitu dute.
Zikloa ‘Foot’ ikuskizunaren bi emanaldirekin hasiko da: urtarrilaren 17an (20.00etan) eta 18an (19.00etan). Ismail Khalidi antzerkigile palestinar-libanoarrak idatzitako antzezlan hori Madrilgo Rida konpainiak muntatu du (Samy Khalilek zuzendua) eta Nourdin Batan aktorea du protagonista, zeinak ‘30 monedas’ telesailean (Álex de la Iglesia) edo ‘El buen patrón’ filmean (Fernando León de Aranoa) parte hartu duen, eta udaberrian estreinatuko den Pedro Almodovarren film berriaren ‘Amarga Navidad’ lanean parte hartuko duen.
‘Foot’ bakarrizketa poetiko bat da, futbolari palestinar bati eta bere herriko selekzioaren Munduko Koparako ezinezko bideari hitza ematen diona, bide hori kontrol militarrek, indarkeriak, erbesteak eta heriotzak markatzen baitute. Harresi bat eta baloi bat elementu eszeniko nagusitzat hartuta, piezak kontakizun intimo eta politikoa sortu du, hainbat hamarkadatako okupazioak harrapatutako gazteria palestinarraren irrika erakusten duena.
.jpg?1767878506)
Urtarrilaren 25ean, igandean (19.00etan), ‘Vicini’ lanaren txanda izango da. Federica Porello dantzari eta koreografo italiarrak bultzatutako lan kolektiboa (hainbat konpainiaren partaide da, esaterako, Kataluniako Mal Pelo konpainia ezaguna eta muntaia propioen sortzailea ere bada). Oholtza gainean, Porellorekin batera, piezaren beste hiru artista daude: Maria Mora, Xavi Moreno eta Majo Villafaina.
«2023ko urriaren 7tik, hots, palestinarrei eragindako basakerien gorakada eragin zuten eraso terroristak gertatu zirenetik, artea eta politika modu bereiziezinean uztartzen dira», dio Porellok. Hori dela bide, begirada palestinarren erresilientzia eta erresistentziako testigantza eta poemetara zuzentzeko ‘beharra’ izan du.
Hainbat egileren (besteak beste, Etel Adnan, Mahmoud Darwich, Mourid Barghouti edo Atef Abu Saif) testuak antzerti-oinarritzat hartuta, ‘Vicini’ piezan hitza, dantza, keinuak eta objektuak «elkarri lotuta, banakotasunaz eta kolektiboaz, poetikoaz eta politikoaz ari dira, bai eta partekatutako minaz hausnartzeko eta hura sentitzeko eta beste etorkizun posible batzuk irudikatzeko ere».
Bi ikuskizunetarako sarrerak eskuragarri daude jada La Fundición aretoaren webgunean eta Kutxabank sarean, aretoko txarteldegian ere (emanaldiak hasi baino ordu eta erdi lehenagotik aurrera). Prezioak, 8 eta 15 euro artean, eta hainbat beherapen dago, talde jakin batzuentzat.
Emanaldi guztien ondoren, solasaldiak egongo dira, ikusleak konpainiekin nahiz Palestinako kausaren aldeko aktibistekin mintzo daitezen; izan ere, alde artistikoaz gain, «arretaz entzutea sustatzeko, isiltasuna zalantzan jartzeko eta arte eszenikoak pentsamendu kritikoa, enpatia eta ekintza kolektiboa sortzeko gai diren lengoaia gisa aldarrikatzeko modu bat da zikloa», laburbildu dute La Fundición aretoko arduradunek.

La Audiencia Nacional ordena el ingreso en prisión de Arantza Zulueta y Jon Enparantza

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Dos años de prisión para el jefe de operaciones de la Ertzaintza en Durango por corrupción

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra
