
Prentsaurrekoa izan da ostiral honetan Gipuzkoa Basketen etorkizunaren inguruan, eta, bada, antza denez, 2030era arte Josean Gascan izango du ostera ere gotorlekua Donostiako taldeak, Illunbe atontze lanetan jarriko delako.
Hala, otsailaren 1ean Estudiantesen aurkako partidan itzuliko dira Atano III.a pilotalekuari itsatsita dagoen pabiloira GBCko jokalariak beren neurketak jokatzen, Nacho Nuñez klubeko presidenteak eta Jose Luis 'Xubi' Zubizarreta kirol zuzendariak adierazi dutenez.
Jakina da ACB Ligak gutxienez 5.000 ikusle eskatzen dituela mailarik goreneko ikuskizuna ikusteko. Illunbek 11.000 inguru jasotzen ditu, baina ACB Ligatik at –baita ACB Ligan ere, egiari zor– Illunbe –Amenabar Arena– handiegi geratzen dela talde donostiarrarentzat, are gehiago bertara iristeko dauden zailtasunak aintzat hartuz gero. Josean Gasca, berriz, Anoetako kirol konplexuari itsatsita dago –Atano III.a pilotalekuari lotua, Yoldi kiroldegia eta Carmelo Balda pilotalekuarekiko aurrez aurre ia, Reale Arena futbol zelaiaren ondoan eta Antonio Elorza eta atletismoko «mini estadioaren» inguruan ere–, baina 2.000 ikusle baino askoz gehiago hartzea ezinezkoa zaio eta azken urteotan bistakoa izan da euria egin duen bakoitzean itoginak nonahi sortu zaizkiola. Ondorioz, eskubaloiko emakumeen Kopa ere Illunbera joan izan da azken fasea jokatu asmotan –saskibaloiak baino jendetza handiagoa erakarriz, gainera–.
Bada, esan gabe doa GBC Gascara itzultzea, nostalgiak nostalgia eta oroimenak oroimen, behin behineko konponbidea baizik ez dela, Illunbeko pabiloia behin eta betiko atontzen den bitartean; hau da, «Illunbe Berria» eratzen den arte. Duela sei urte jokatu zuen Gipuzkoa Basketek azkeneko aldiz Gascan erabaki hau hartu behar izan duen arte.
«Aukera ezberdinak izan ditugu mahai gainean, baina Gascara itzultzea hobetsi dugu», adierazi du Nacho Nuñez presidenteak. «2030ean 25 urte beteko dira kluba sortu zela eta bitartean instituzioekin bermatu dugu ‘Illunbe Berria’ eratzen den artean Gascan jokatuko dugula eta hantxe berregokituko ditugula gure bazkide guztiak», nabarmendu du Nuñezek, «bitartean ACB Ligara igoko bagina zer egin, orduan ikusiko» luketela argituz. Antza, ez dute, hurrengo bost denboraldiotan mailarik gorenera itzultzeko itxaropen larregirik Donostia aldean. «Egoera ekonomikoa sendotu eta kirol arloa indartzea» ei dira klubaren zereginik premiazkoenak «Illunbe Berri» honek forma hartzen duelarik.
«Dena ematera»
«Dena ematera joan behar dugu Gascara», nabarmendu du Zubizarretak, bere aldetik. «Essie Hollis lehenengoz Gascan ikusi genuenean sentitu genuen zirrara hura berreskuratzea nahiko genuke. Esteban Martinezen ACB Ligara 2005/06 denboraldi bukaeran eraman gintuen hartara, hain zuzen. Jendea jokalariengandik hurbilago izan dadin nahi dugu eta jendeak hurbildu ahal izate horren ilusioa sentitu dezan ere», nabarmendu du ‘Xubik’.
Bazkideek posta elektroniko pertsonalizatua jasoko dute urtarrilaren 19ko astean, beren kokaleku berria ezagutzeko.
Horretarako, klubak Gascako kokaleku berriari buruzko informazioa duten pegatinak jarriko ditu bazkideen eskura, txarteletara atxiki ahal izateko. Hilaren 19ko astean erretiratu ahal izango dira klubeko bulegoetan, eta otsailaren 1ean, partida egunean, Gascan entregatuko dira azkenik, neurketa hasi baina ordubete lehenago.
Txartel fisikoak eta Passbook-a (abonu elektronikoa) Illunbera sartzeko erabiltzen ziren berberak dira oraindik ere.
Gipuzkoa Basketek eskerrak eman nahi dizkie bere abonatuei aldaketa honen aurrean erakutsitako ulermenagatik. Klubaren ustez, «Josean Gascara itzultzeak bazkidearen esperientzia hobetzen lagunduko du, giro hurbila eta berezia berreskuratuz. Era berean, prozesu horrek ahalik eta eragozpen gutxien sor ditzan lan egin dugu eta egiten jarraitzen dugu. Datorren denboraldian bazkide bakoitzak bere kokalekua aukeratu eta aldatu ahal izango duela bermatzen» du Gipuzkoa Basketek, halaber.
Lazarevic gabe eta ordezkorik gabe
Surne Bilbao taldeari buruz, berriz, zapatu honetan UCAM Murtzia jasoko du 19.00etan Miribillan eta Stefan Lazarevic hegaleko serbiarra gabe jokatu beharko du. Ezker belaunean bihurritua eta haustura txiki bat nozitu zituen hegalekoak joan zen igandena Gironaren aurkako deman.
Bada, Bilboko taldeak ez dio ordezkorik bilatuko, Jaume Ponsarnau entrenatzaileak ostiral honetako prentsaurrekoan aditzera eman duenez. «Orotara hamabi jokalari ditugu eta bi falta zaizkigu –Lazarevic eta Amar Sylla–, baina beste hamar jokmalariek behar dugun guztia emango digutelakoan gaude».
Valentzia Basketen aurka, Bilbao Arenan jokaturiko azken norgehiagokan, 72-116 galdu zuten bizkaitarrek, atsedenaldiaren ostean 37-79ko partziala jasan eta gero. «UCAM Murtzia talde gogorra da, lehiakorra, baina gogortasun horri gogortasuna jarri behar diogu ere parean eta ahal dela, apur bat gehiago korrika egiteko gaiu izan behar dugu», gaineratu du Ponsarnauk.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu

Desconocidos roban la ikurriña de Ayuntamiento de Ondarroa y realizan pintadas

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
