Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Denborak ez du infekzioa sendatu

28 YEARS LATER: THE BONE TEMPLE
Britainia Handia, 2026. 109’. Zuzend.: Nia DaCosta. Gidoia: Alex Garland. Akt.: Ralph Fiennes, Emma Laird, Alfie Williams, Jack O'Connell. Musika: Hildur Guðnadóttir. Argaz.: Sean Bobbitt.

‘28 Years Later: The Bone Temple’ filmeko eszena bat.
‘28 Years Later: The Bone Temple’ filmeko eszena bat. ( Sony Pictures)

Beldurrezko eta zonbien generoan mugarri izan den saga britainiarra da ‘28 ... Later’. Lehenengo filma 2002an estreinatu zen, ‘28 Days Later’ izenburupean, eta Danny Boylek zuzendu zuen. 

Lehen zatiko arrakastaren ondorioz, 2007an sekuela bat estreinatu zen, ‘28 Weeks Later’ izenekoa, eta iaz, 18 urte geroago, ‘28 Years Later’ iritsi zen. Azken estreinalditik urtebete igaro ere egin ez denean, hona hemen saga honen atal berria: ‘28 Years Later: The Bone Temple’. Kasu honetan, Nia DaCosta arduratu da zuzendaritzaz, Alex Garlanden gidoiarekin. 

Sagak zonbien apokalipsiari buruzko ikuspegi fresko eta beldurgarria eskaintzen du. Biziraupena eta desesperazioa aztertzen ditu, beldur gore hutsetik harago, eta giza drama da foku nagusia. 

Filmean, Kelson doktorea (Ralph Fiennes) mundua alda dezakeen harreman berri eta harrigarri batean murgilduko da; aldi berean, Spikek (Alfie Williams) Jimmy Crystalekin (Jack O’Connell) izango duen topaketa amesgaizto bihurtuko da. ‘The Bone Temple’ munduan, kutsatuak jada ez dira biziraupenerako mehatxurik handiena: bizirik atera direnen gizagabetasuna are arrotzagoa eta beldurgarriagoa izan daiteke. 

Grabaketa lanak eta estreinaldi estrategia

‘28 Years Later’ 2025eko ekainaren 20an estreinatu zen, eta 30 milioi dolar bildu zituen AEBtako zinema-aretoetan, beste horrenbeste nazioartean, beldurrezko generoaren barruan urteko estreinaldirik arrakastatsuena bihurtu zen. Azkenean, 151,3 milioi dolar bildu zituen mundu osoan, frankizia osoaren markarik onenak ezarriz. 

Sonyk 2022an trilogiaren eskubideak eskuratu zituenean, hirugarren filma segidan grabatzeko aukera izan zuen, baina nahiago izan zuen itxaron: estreinaldiaren ondoren argi berdea piztu, eta emaitzek zer zioten ikusi. Horren ordez, lehen bi atalak jarraian filmatzea erabaki zuen; bigarrenaren filmaketa lehenengoa oraindik postprodukzio fasean zegoela abiatu zen, beste hainbat saga milioidunek erabilitako estrategiari jarraituz.