Joseba Salbador Goikoetxea

Petritegi baserriaren 500. urteurrena ospatuko dute aurten

Petritegin egin berri duten txotx denboraldiaren irekiera urteko lehen ospakizuna besterik ez da izan. Baserriak aurten 500 urte beteko ditu eta hori ospatzeko Otaño-Goikoetxea familiak hainbat ekitaldi antolatu ditu urte guztian zehar. Oroimenezko etiketa duen edizio berezi bat ere kaleratuko dute.

Petritegiko hiru belaunaldi -Otañotar Ainara, Joakin eta Argoitz-, 500 urte bete dituen baserri zaharraren aurrean.
Petritegiko hiru belaunaldi -Otañotar Ainara, Joakin eta Argoitz-, 500 urte bete dituen baserri zaharraren aurrean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Petritegi baserria XVI. mendean eraiki zuten, sagar dolare baten inguruan. Bere izenak Petriren etxea (Pedroren etxea) esan nahi du, izan ere, duela 500 urte Igeldoko Petri (Pedro) izeneko donostiar batek Gipuzkoako eraikin bereizgarri hau eraikitzeko agindua eman zuen, familia, nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategia eta sagardo fabrika unitate arkitektoniko berean integratzeko.

Baserria aipatzen duen lehen agiri historikoa Astigarragako parrokiara itsatsita dagoen Murgia jauregiaren artxibategi garrantzitsuan gordeta dago. 1526ko otsailaren 12ko data zehatzarekin, lur sail baten salmenta aipatzen da bertan: « confina con las tierras de Pedro de Ygueldo, solar de Petritegui, escribano de número de la dicha villa de San Sebastián». Izan ere, Pedro de Igueldok -garaiko beste agirietan Petri de Igueldo bezala aipatzen denak- Murgiako jauntxoei erosi zien lurra eta bertan, bere izena hartu zuen dolare baserria eraiki zuen.

Harrez geroztik, Petritegin ez diote sagardoa egiteari utzi, bertatik familia desberdinak pasa badira ere. Horrela, XX. mendearen hasieran, gaur egun sagardotegia zuzentzen duen familiaren birraitona eta birramona, Agapito Goikoetxea eta Catalina Iturralde, iritsi ziren bertara, lau mendetako sagardogintzari jarraipena emateko. Haien ondoren, Jose Joaquin Goikoetxea eta bere alaba Josefa Goikoetxea izan ziren lantegiari jarraipena eman ziotenak. Azken hau Pedro Otañorekin ezkondu zen eta biek lan handia egin zuten sagardoa ekoizteko eta botilatzeko instalazioak mekanizatzeko.

Josefa eta Pedrori Juan Luis eta Joakin semeek hartu zieten erreleboa, eta azken hori izan zen, 80ko hamarkadatik aurrera, Petritegi gaur egun ezagutzen dugun errealitatera iristeko aldaketak abian jarri zituena. Joakinen alaba Ainara Otaño eta honen ilobak -Argoitz eta Ioritz gazteak- dira orain sagardotegia zuzentzen dutenak, hau da, bosgarren eta seigarren belaunaldia.

500. urteurrena ospatzeko, urtean zehar hainbat ekitaldi antolatuko ditu Otaño-Goikoetxea familiak. Ekitaldi horietan sagardoak bat egingo du tokiko kulturarekin, gastronomiarekin, familiaren lanaren aitortzarekin eta elkartasunarekin. Oroimenezko etiketa duen sagardo edizio berezi bat ere iragarri dute.

BERRIKUNTZA

Otaño-Goikoetxea familiak, beraz, bizirik mantentzea lortu du 500 urteko sagardogintzaren tradizioa, azken urteetan berrikuntzarekin uztartuz. Horrela, aurten berrikuntza esanguratsua aurkeztu du Astigarragako sagardotegiak, alkoholik gabeko bi sagardo apardun merkaturatu baititu: Petri SIN eta Petri 0,0, gizartearen joera eta eskaera berriei erantzuteko. Bi produktu horiek alkoholik ere ez duen sagar zuku ekologikoari gehitu zaizkio.

Dibertsifikazioaren aldeko apustua Euskal Sagardora ere iristen da, %100 bertako sagarrekin egindako sagardoen sei erreferentzia baitituzte Petritegin, tartean ekologikoa eta sagar mota bakarrekin ekoitzitakoak.