
Ostegun honetan zortzi urte bete dira pentsiodunek manifestazioei ekin ziotenetik. 2011ko eta 2013ko erreformen murrizketen eta pentsioen izoztearen ostean, 2018rako %0,25eko igoera eskasa izan zen urak gainezka egiteko falta zen tanta. Urte horretako urtarrilaren 15ean, milaka pentsiodunen haserreak Hego Euskal Herriko eta Estatuko hiri askotako kaleak bete zituen.
Mobilizazio hauek PPko Gobernuaren pentsio politikak geldiarazi zituen eta, lehen helburuak lortuta, pentsiodunek aurrera jarraitu zuten pentsio duinak bermatzeko aldarrikapenekin: Pentsioen zenbatekoa soldataren %60ra murriztu nahi zuten erreformak indargabetzea; gaur egungo eta etorkizuneko belaunaldiarentzat Pentsio Sistema Publikoa bermatzea; eta pentsioetan dagoen genero arrakalarekin amaitzea, besteak beste.
Elkarretaratzeak, manifestazioak, ibilaldiak, itxialdiak, sinadura bilketak... zortzi urte hauetan Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) ez du etsi, eta borrokan jarraituko duela argi utzi du ostegun honetan Bilboko Bira Kulturgunean egindako agerraldian.

«Zerbait aurreratu da, baina bidea dago egiteko pentsioak gehiago duintzeko eta lortutakoa atzeraezina izan dadin: Pentsioen erosahalmena murrizten ari dira, erretiro-adina handitzen, 40 urte kotizatuta dituzten erretiro aurreratuaren koefiziente murriztaileak ez dira indargabetu eta gutxieneko pentsioak miserableak dira oraindik», adierazi du Ana Mezo EHPMko kideak.
Gutxieneko pentsio duina, helburu «ukaezina»
Izan ere, gutxieneko pentsio duinen aldeko borrokak helburu «ukaezina» izaten jarraitzen duela argi utzi dute pentsiodunek. Haien datuen arabera, gaur egun, Nafarroako pentsiodunen %37,8k (51.103) eta EAEko %31,9k (168.966) Lanbidearteko Gutxieneko Soldatatik (LGS) beherako pentsioak dituzte. Horietatik, %65a emakumeak dira.
«2026rako alargun-pentsioa 936 eurokoa izango da 14 ordainsaritan, eta kotizazio gabekoak, 621 eta eurokoa; 220.000 pentsiodunek gero eta zailtasun handiagoak dituzte bizi-baldintza duinak lortzeko, eta gezurtatu egiten dituzte pentsioen nahikotasunari buruzko diskurtso interesatuak. Egungo KPIak ere ez du islatzen pentsiodun askorentzat bizitzaren kostuaren igoera», salatu dute.
Nafarroako Parlamentuak gutxieneko pentsioaren osagarria igo du 2026rako, 1.100 euroraino, hamalau ordainsaritan. EHPMarentzat «positiboa» den arren, igoera hori nahikoa ez dela adierazi du, «bereziki eskatutako baldintzengatik».
EAEn, Legebiltzarrean aurkeztutako legegintzako herri-ekimena ekarri dute gogora. 145.142 pertsonek sinatu zuten gutxieneko pentsioak LGSarekin berdintzeko eskaera, baina EAJk eta PSEk Parlamentuan eztabaidatzea eragotzi zuten.
«Inork ez digu ezer oparituko, eta borroka da aurrera egiteko gure bermea»
Baina pentsiodunek argi utzi dute ez dutela amore emango. «Urte asko ditugu eta esperientziak erakutsi digu inork ez digula ezer oparituko eta borroka dela aurrera egiteko gure bermea», adierazi du Jon Fanok.
Hurrengo astelehenean, urtarrilaren 19an, zortzi urteko borroka ospatuko dute Euskal Herriko plazetan.
Era berean, euskal gehiengo sindikalak martxoaren 17rako deitutako Greba Orokorra babestuko duela adierazi du EHPMak.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Muguruza, Rosalía, Guardiola, Amaia, Llach... en un gran festival por Palestina en Barcelona

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu

Desconocidos roban la ikurriña de Ayuntamiento de Ondarroa y realizan pintadas

