Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva
Entrevista
Iñaki Goikoetxea
Eibarko entrenatzailea

«Baloia lapurtzean bertikalagoak izatea gustatuko litzaidake»

Erronka gogorrari ekin zion udan Iñaki Goikoetxeak (Deba, 1982). Bere lehen esperientzia lehen entrenatzaile bezala, bere historiako sasoirik onena egitetik zetorren Eibarren kargu egiteko izan zen. Hasiera zaila izan arren, armaginak iazko zenbakiak berdintzen ari dira eta helburua eskura dute.

Iñaki Goikoetxea.
Iñaki Goikoetxea. (Gorka RUBIO | FOKU)

Zubietak Realaren eta Eibarren arteko derbia hartuko du gaur (12.00). Sendo dira donostiarrak hirugarren postuan, eta mailari eusteko helburua ondo bideratuta dute armaginek, talde biek lehen itzuli bikaina egin ostean. Bigarrenaren hasiera, ordea, hobea izan da txuri-urdinentzat: Sevillan irabaztetik datoz, eibartarrek Madrilen aurka Ipuruan galdu zuten bitartean.

Ez dakit zerk egin zizun min gehiago Madrilen aurka: galtzeak edo hiru gol jasota egiteak aurretik jarri ondoren.

Galtzeak, partida nola joan zen ikusita. Aurretik jarri ginen, gainera lehen zati nahiko txukuna eginda, eta bigarren zatiaren hasieran gola jaso baina nahiko ondo aguantatu genuen. Gero bigarren eta hirugarren golak nolakoak izan ziren ikusteak ere mindu ninduen, gure akats nabarmenak egon baitziren tartean... Horrek eman zidan pena, amorrua ikusten bainuen zerbait atzeratzeko aukera genuela.

Hala ere, 17 puntu dituzue: helburua eskura dago.

Liga nola doan ikusita, horrela ematen du. Baina, hala ere, oraindik puntu batzuk lortu behar ditugu ziurtatzeko. Eta gero, beste helburu txiki batzuk jartzen joango gara: hobetzea, orain ere bi derbi dauzkagu denbora gutxian, beste erronka bat dena, iazko puntuaziora iristen saiatzea...

Lehen itzulian iazko puntuazioa gainditu duzue...

Egia da, baina zaila izango da, bigarren itzulian puntu asko lortu baitzituzten. 38 puntu lortzea urruti ikusten dut uneotan, baina gure helburu txikiekin jarraituko dugu, poliki joanez, partidaz partida ikusten zer hobetu dezakegun, izan dugun eboluzioari jarraipena emanez...

«Hasiera ez zen erreza izan, baina bagenekien kostatuko zitzaigula. Entrenamenduak onak izan dira hasieratik eta zuzendaritzatik lasaitasuna transmititu digute»

Denboraldi hasieran ere ez zenuen erraz ikusiko lehen itzulian 17 puntu lortzea.

Ez, ez da erraza izan. Taldea akoplatu beharra zegoen, nik ere egokitu beharra nuen... Baina duela bizpahiru hilabete staffari 17 puntu lortuko genituela esan nion! Ikusten nuen aste barruko lanean izaten ari ginen eboluzioa, zelaian sendoago geundela, gora gehiago heltzen ere hasi ginen... Eta begira, asmatu nuen.

Martxa hartzea kostatu zitzaizuen. Ulergarria da, taldea asko berritu delako eta talde teknikoa ere berria delako. Lasaitasunari eutsi diozue ala antsietatearen aurka ere borrokatu behar izan duzue?

Ez, antsietaterik ez dut ikusi. Urduritasun puntu bat egotea normala da, baina bagenekien kostatuko zitzaigula. Entrenamenduak onak izan dira hasieratik eta zuzendaritzatik lasaitasuna transmititu digute, eta horrek ere lan egiteko konfiantza ematen dizu.

Behin puntuatzen hasita, martxa hartu duzue. Jokoak ere nahi bezala eboluzionatu du? Zer azpimarratuko zenuke zuk zeuk?

Lehenik eta behin, beste intentsitate eta txispa batekin entrenatzen dugula; beste tentsio bat ikusten dut. Azken partidetan ikusi moduan, golak ere hasi gara sartzen; kostata, baina gero eta gehiago. Lehen jardunaldietan ez ginen iristen; egia da ere ez genuela aurrelaririk, Carmen lesionatuta zegoen eta Opah oraindik heldu barik. Pixkanaka bagoaz.

Zer falta zaio taldeari guztiz pozik egoteko?

Gustatzen zaidana da azken aldi honetan izaten ari garen intentsitate hori, dueluetan-eta. Azken partidan salbu, horretan ondo gabiltza. Eta gustatuko litzaidake baloia lapurtzean, Atletico Madrilen aurka bezala egitea, agresiboagoak izatea, bertikalagoak. Gure jokalari tipoagatik, hobetu behar duguna dela uste dut. Badakit ez dela erraza, baina eman beharreko aurrerapausoa izango litzateke. Eta bestea, baloi jabetza pixka bat gehiago izaten saiatzea, partida gehiago kontrolatzea, ez egotea hain sartuta gure zelaian.

Eta Ipuruan emaitza hobeak lortzea? Askoz puntu gehiago lortu dituzue etxetik kanpo.

Egia esan, ez dakit zergatik. Planteamenduak antzekoak izaten dira. Ez dut uste kanpoan erosoago gaudenik, eta etxean gogo handiz irteten gara. Agian, eta horrela esan diet jokalariei, aurrekoan 1-1ekoarekin partidaren bila joate horrek gauza positiboak dauzka, irabazi nahi dugula erakusten du, baina kontrolatu behar dugu, puntu bat ez dela txarra jakin. Bost partida irabazi ditugu, bi berdindu eta bederatzi galdu; gehiegi galdu ditugu. Granada, Espanyol..., banakoarekin puntu bat genuen eta irabazteko gogo horrekin azkenean galdu egin genuen. Ez da txarra anbizioa, baina neurtu behar da, oreka bilatu.

Bueno, hurrengo partida etxetik kanpo duzue.

Hurrengo biak! Baina Zubietakoa oso partida zaila izango da, Reala nola dagoen ikusita. Ipuruan ere nahiko partida ona egin genuen, baina bigarren zatian, lehen golaren ondoren, ezin izan genuen beren erritmoarekin. Eta antzeko jarraitzen dute.

Antzeko bai, baina Ipuruan erabakigarria izan zen Edna Imade barik. Sevillan irabazi zuten, baina asko nabarituko dutela uste duzu?

Agian gehiago kostatuko zaie area inguruan baloiarekin pasatzen diren gauza horietan. Baina joko aldetik, Sevillan egin zutena ikusita, antzeko jarraitzen dute, oso erritmo altuarekin eta area ingurura asko iristen diren oso jokalari onekin. Ednarekin errematea errazago zuten eta seguruenik gehiago kostatuko zaie erdiraketak errematatzea, baina hainbeste jende sartzen dute arean, azkenean beti izaten dituztela aukerak.

Zer partida ikusiko dugu?

Realak erritmo altua jarriko du eta guk sendo egon behar dugu. Batez ere intentsitatea izan, dueluetan, zaintzetan, oso solidarioak izan gure artean... Horrek emango dizkigu aukerak. Ez bagaude ehuneko ehunean, piloa kostatuko zaigu. Eta taktikoki, ikusiko dugu zer egin dezakegun beraiei min egiteko eta beraiek guri ahal den min gutxien egiteko.

Partida luzea izango dela aurrera daiteke? Aurkari biak oso saiatuak zarete jokoan.

Realak erritmo bat jarri eta horrela jarraitzen du amaiera arte. Eta berdin zaie atsedenaldian hutsean joatea, ez dira urduri jartzen. Jarraitu, jarraitu egiten dute; horregatik sartu dituzte gol asko bigarren zatian. Aulkian maila berdindu edo igotzen duten jokalari piloa dituzte, martxa bat gehiago sartzen diote jokoari. Erritmo handiarekin jokatzen dute denbora luzez eta horri aurre egitea oso zaila da. Partida luze baterako prest egon behar dugu; energia eta gure joko-ideia 90 minutuetan zehar mantendu beharko ditugu.

«Realak erritmo handiarekin jokatzen du denbora luzez. Partida luze baterako prest egon behar dugu»

Partida berezia da zuretzat. Oroitzapen onak ekarriko dizkizu, ezta?

Oso berezia. Gipuzkoarra izanda eta, gainera, han bizitakoa eta gero... Oso esperientzia polita izan zen Realarekin Kopa irabaztea. Berezia da, bai.

Realean laguntzailea izan zinen. Aurten lehen entrenatzailea zara lehen aldiz. Nolakoa izaten ari da?

Pozik nago. Ez nuen buruan emakumeen futbolera bueltatzea, baina deia jasotzean, ‘zergatik ez?’ pentsatu nuen. Lehen Mailan, Eibar bezalako talde batean.. Oso esperientzia polita izaten ari da. Hasieran gogorra, gauza berri batzuetara ohitu beharra izan baitut. Adibidez, jendearen aurrean hitz egitera; oso lotsatia naiz eta asko kostatzen zitzaidan hasieran. Baina pixkanaka egokitzen noa, hobetzen saiatzen eta batez ere jokalariei laguntzen saiatzen. Esperientzia ona izatean ari da.

Berritzeko bezain ona? Urtebeterako sinatu zenuen eta denbora aurrera doa.

Oraindik urtarrila da. Lehenik eta behin, eskaini egin behar didate, eta, gero, ikusiko dugu. Baina, egia esan, oso gustura nago. Lan egiteko erosotasun piloa ditugu; Kirol Hiria jauzia izugarria izan da, batez ere neskentzat. Gustura nago eta ikusiko dugu.