NAIZ

Herreran, Donostian, 30 pertsona etxegabetu eta «kale gorrian» utziko dituztela salatu dute

Hilak 26rako desalojoa iragarrita dagoenez, azken hilabeteetan Donostiako Herrera eremuko Jolastokieta 4. pabiloian bizitzen egon diren 30 pertsonak «kale gorrian» geratuko dira. «Ez da kasu isolatu bat, gero eta ohikoagoa da etxegabetzeak modu azkar eta isilean gauzatzea», nabarmendu dute.

Larunbat honetan etxegabetxea salatzeko egindako agerraldia.
Larunbat honetan etxegabetxea salatzeko egindako agerraldia. (DONOSTIAKO HARRERA SAREA)

Donostiako Herrera Zardoya eremuko Jolastokieta 4. pabiloian bizi diren 30 pertsona etxegabetuta izango dira urtarrilaren 26rako iragarrita dagoen desalojoa dela eta. Donostiako hainbat gizarte eragilek larunbat honetan egindako agerraldi batean salatu dutenez, «kale gorrian» utziko dituzte alternatibarik gabe eta «ez da kasu isolatu bat».

«Egoera hau ez da kasu isolatu bat. Donostian gero eta ohikoagoa da etxegabetzeak modu azkar eta isilean gauzatzea, pertsonen egoera soziala edo ekonomikoa kontuan hartu gabe, eta benetako alternatibarik eskaini gabe. Horren adibide argia da iazko abenduan Martutenen gertatutako desalojoa», azaldu dute.

Gaineratu dutenez, etxegabetzearen data jarrita zegoela argudiatuta, doako justizia eskatzeko aukerarik ez zaie eman 30 pertsona hauei, «beren burua juridikoki defendatzeko eskubidea ukatuz». Eragileen ustetan, honek «berriro ere agerian uzten du sistemak baliabide ekonomikorik ez duten pertsonak zein zaurgarritasun egoeratan uzten dituen».

«Egoera hau ez da salbuespena, baizik eta etxebizitzaren merkantilizazioaren ondorio zuzena: etxebizitza eskubide bat izan beharrean, espekulaziorako eta irabazi ekonomikorako tresna bihurtu da. Eta bitartean, instituzioek ez dute inolako neurririk hartzen pertsonen interesak babesteko, ez eta alternatiba duinik eskaintzeko ere», deitoratu dute.

Donostian etxerik gabe bizi diren 500 pertsonei eskaintzen zaizkien alternatibak «oso urriak» direla salatu dute ere. Hiru hilean behin bost gau aterpe batean pasatzea, alegia. «Hori igarota, kalea da ematen zaien alternatiba bakarra. Gainera, polizia indarrek sistematikoki botatzen dituzte espazio publikoetatik: parkeetatik, portaletatik eta, oro har, Donostiako kaleetan lo egiten saiatzen diren edozein tokitatik», adierazi dute. Horrekin batera, arrazakeria areagotzen ari dela uste dute.

Donostiako Harrera Sarea, Kaleko Afari Solidarioak, Herripe Auzo Elkartea, Altza XXI, Saretxe Etxebizitza Sindikatua, Guztiontzako Egia Auzotar Sarea, Ehgam Gipuzkoa, Donostiako Asanblada Antiarrazista, JARDUN Koordinadora, CNT, Steilas, LAB, Amara Berri Ehuntzen, Donostiako Bilgune Feminista, Martuteneko Harrera Taldea, Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialista, Basajaun Elkartea, BiziLagunEkin dira salaketa hau egin duten taldeak.