Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Kubara joan ziren migratzaileak dantzan itzularazi ditu Olaeta Balletak

«Antillak zintzilik daude / argazkien paretetan / karta bat idatziko dut / norbaitek erantzun dezan», kantatu zuen Xabier Letek ‘Habanera’-n. Kuban euskaldunek sortutako diaspora hartu du abiapuntu Olaeta Balletak ‘Gogorapenen hegalez’ ikuskizunean, Denis Martinez kubatarraren laguntzarekin. 

Ikuskizunari lotuta, ikus entzuneko bat doa, Eneko D. Ugartek eta Xabi Francok sinatuta.
Ikuskizunari lotuta, ikus entzuneko bat doa, Eneko D. Ugartek eta Xabi Francok sinatuta. (OLAETA BALLETA)

Migrazioari, gaur egun puri-purian dagoen gai bati, heldu dio Olaeta Balletak bere aurtengo ikuskizunean, ‘Gogorapenen hegalez’ izenekoa. Datorren otsailaren 8an (19.00etan) Bilboko Arriaga antzokiaren oholtzaren gainean, eta gure iraganari helduta, migranteengan ematen den barne borroka plazaratuko du konpainia eta eskola beterano honek dantza ikuskizun batean.

Herrimina eta bere baitan hartu duen herriarekiko maitasunaren artean ematen diren sentimendu kontrajarriak dantzan jarriko baitute euskal doinu eta pausuak kubatar folklorearekin elkartuta.

Olaeta Balleta, erbesteko euskal kulturaren adierazle nagusietako bat, XX. mendearen hasierako pizkunde kulturalari estuki lotua dago. Jatorria Elai-Alai dantza taldean du, Euskal Herriko lehen talde koreografikoa izan zena, Segundo Olaetak (Gernika, 1836-Bilbo, 1971) 1926. urtean Gernikan sortu zuen konpainia eta, ordutik, Olaeta familia euskal dantzaren bilakaerari lotuta egon da. 1989an, Victor Olaeta eta ikasleek Olaeta Balleta elkartea sortu zuten eta hor dirau, lanean, gaur egun.

Etxetik alde egitera behartuta dagoen migratzailearen bidaia antzeztu nahi du ikuskizunak. (OLAETA BALLETA)

 

«Mina ematen dizu zure herrialdetik, irteteak zure bizitzaren eta ametsen alde borrokatzeko», irakurri dezakegu ‘Gogorapenen hegalez’ honen sinopsian. «Denbora igaro ahala, integratu egiten zara, bizitza berriaz gozatzen duzu, jendea ezagutzen duzu eta ohitura berriak hartzen dituzu», baina herrira itzultzeko beharra ez da itzali eta «itzultzeko erabakia hartzen duzunean, beste pertsona batzuk atzean uzten dituzu». Hor abiapuntua.

Kutsu kubatarra izango du, beraz, Olaeta Balletaren aurtengo ikasturteko ikuskizuna. Urtero egiten duten legez, Bilboko egoitzan (Eskolapioen ikastetxeko gimnasioan) urtean zehar jarduten diren ikasle eta dantzariak oholtzaren gainera igoko dira, zuzeneko musikarekin –Kantabrik Sinfonietta Orkestra, Iker Sanchez zuzendaritzapeenean–.

Ez da ikuskizun xume bat izango, hemen datuak: 45 dantzari, Deustuko Ondalan erraldoien konpartsa, Basauriko Zirzira emakumeen abesbatzako 40 abeslari –Ius Perezen zuzendaripenean–, eta Asier Gonzalez eta Gorka Pascuas (gaita, txistu eta alboka) eta Julen Murga (akordeoia). Zuzendaritzaren ardura Jone Goirizelaia eta Mikel G. Pujanarena izan da, Denis Martinezen laguntza bereziarekin.

«Bi ‘tempo’ zeharo desberdinak dituzte: euskal dantzak gorantz egiten du; haizea da. Manboa, ordea, lurrari lotuta dago erabat. Baina euskal dantzako dantzariek belarria oso landuta dute, eta nabaritzen da», Denis Martinez dantzari eta koreografo kubatarra. 

Denis Martinez (1990, Camagüey,) dantzari eta koreografo kubatarra, 2014tik Euskal Herrian finkatuta dago. Kubako Dantza Konpainia Nazionaleko (Kubako Dantza Garaikidea) lehen dantzari eta koreografoa izan zen eta, konpainiako kide gisa, nazioarteko birak egin zituen, hala nola Erromatik, Lyonetik... edo Bilbotik. 2012an Arriagan egon ziren. Egun Denis Martinezek bere proiektu propioa du, Aldaketa izenekoa, eta dantza garaikideko hainbat euskal sortzaileekin lan egin izan du. Harrobiak iaztik martxan jarritako ‘Ni prest’ egitasmoan –aktore eta dantzari profesionalei zuzendutako entrenamendua– parte hartzen ari da ere.

«Hasieran Jonek proposatu zidan manboa eta euskal dantza uztar nezala. Bi ‘tempo’ zeharo desberdinak dituzte biek: euskal dantzak gorantz egiten du; haizea da. Manboa, ordea, lurrari lotuta dago erabat. Hortik aurrera, istorioaren alde kubatarra indartzen aritu izan naiz», dio.

Zaila izan al da? «Manboari dagokionez, funtsezkoena da ‘tempo-’-ari adi egotea, belarria horretan jartzea, eta euskal dantzako dantzariek oso belarri landuta dute. Entsaioetan ikusi dudana harritu nau, gehiagotan ikusi nahi ditut! Jone Goirizelaia, koreografo bezala, oso energetikoa da, eta, era berean, samurtasunetik egiten du».

Lan honek Kubara bizitza hobeago baten bila joan ziren euskaldunei buruz hitz egiten du: «Nik gauza bera bizi izan dut, baina alderantziz, noski –dio kubatar dantzariak–. Irrika hori bizi izan dut eta, hemengo odolik ez dudan arren, oso hemengoa sentitzen naiz. Izan ere, joan den udan Dominikar Errepublikara joan nintzen Kubako konpainia batekin lan egitera, nire jatorriak berreskuratzeko asmoz, eta han oso euskalduna naizela ohartu nintzen! Hemen bizi naiz eta nire komunitatea hemendik sortzen dut».