
Etxeratek astearte honetan aurkeztu du aurtengo Kinkea, Aitor Etxeberria Egiguren artistaren lanarekin osatuko dutena. «Euskal presoen dispertsioa bukatu zen baina, lanean jarraitu behar dugu, berandu baino lehen, preso, iheslari eta deportatu guztiak etxean izateko. Eta bitartean, Kinkea promozioak bidelagun izango ditugu», azpimarratu du.
Astearte honetan Astigarragan egindako agerraldian elkarteko kideek gogoratu dutenez, bederatzi urte betetzen dira Kinkea izeneko egitasmoa abiatu zutenetik, eta «berebiziko garrantzia izan du gure senide presoen asistentzia juridikoa eta osasun asistentzia bermatzeko eta Etxeraten jarduera posible egiteko».
«2018 urtearen bukaeran, konpromiso berriak hartu zituen elkarteak bere gain, gure senide presoen asistentzia juridikoa eta osasun asistentzia alegia. Erronka garrantzitsua izanik, plangintza ekonomiko eraginkorra jarri genuen martxan eta Kinkea izan zen plana garatzeko zutabe garrantzitsuena», adierazi dute.
Eta azpimarratu dute ekimenak ez lukeela «ezertarako balioko, milaka pertsonak Kinkearen konpromisoa hartu izan ez balute. Beste behin ere, herri honen elkartasuna funtsezkoa izan da presoen eta senideen aldeko lana zorroztu ahal izateko. Bederatzi urte horietan, euskal preso, iheslari, deportatu politiko eta haien senideekiko elkartasunari bide eman diogu».
«Balio hori aitortu eta helarazi nahi dugu Aitor Etxeberria Egigurenek aurtengo Kinkea promozioetarako utzi dituen artelanen aurkezpenean. Konponbiderako eta behin betiko bakerako, preso eta errefuxiaturik gabeko gizarterako bide honi aurre egitea ahalbidetzen digun elkartasuna», gaineratu dute, eta eskerrak eman dizkiote artistari, «bihotzez, elkartasuna lehen pertsonan uztartu duelako bere obra eskainiz».
Lau artelan
Lau artelan prestatu ditu Etxeberriak aurtengo Kinkea izeneko promozioen bitartez Etxerat elkartearen behar ekonomikoei aurre egiteko. ‘Morphosis’ seriearenak dira lau artelanak, Udaberriko, Udako, Udazkeneko eta Neguko promozioetarako banatuko direnak.
Beti bezala, 25 euroren truke ilustrazioa jasoko duen bakoitzak zozketa baten parte hartzeko boleto bat jasoko du. Zozketak notarioaren aurrean, aplikazio informatiko baten bitartez gauzatuko dira martxoaren 21ean, ekainaren 21ean, irailaren 21ean eta abenduaren 21ean. Banatutako boleto guztiak sartuko dira zozketa horietan.
Zozketa bakoitzean 20.000 euroko sari bat, 5.000 euroko bi sari, 1.000 euroko hamar sari, 300 euroko 40 sari eta 100 euroko 60 sari zozketatuko dira. Informazio gehiago eta promozioaren oinarriak kinkea.eus webgunean dira.

Pello Reparaz y Amaia Romero, juntos como ‘dantzaris’ en el último mural de LKN en Madrid

Evacuados los pasajeros del Metro en Leioa tras explotar la batería de un móvil

«Las pantallas están agravando las enfermedades mentales y haciéndolas más comunes»

Buscan en el río Bidasoa a un hombre de Irun de 32 años tras una persecución de la Ertzaintza
