
Lakuako Gobernuko Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak iragarri du hobetu egingo dituela 2026-2027ko ikasturteko deialdian aplikatuko diren unibertsitateko ikasketa eta beste goi mailako ikasketa batzuk egiteko bekak eskuratzeko baldintzak. Helburua da onuradunen kopurua handitzea eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako errealitate sozioekonomikora egokitutako laguntza-sistema bidezkoago baterantz aurrera egitea.
EH Bilduren eskari bati erantzuten dio gaur iragarritako neurriak. Koalizioak EAJ, PSE eta Sumarrekin adostu zuen. «Pozgarria da ikustea Jaurlaritzak aintzat hartu duela EH Bilduk 2025eko ekainaren 18an Legebiltzarrean egin zuen proposamena eta lortu zuen akordio zabala. Neurri honekin urrats bat egin dugu aurrera Unibertsitatean aukera berdintasuna bermatzeko norabidean», adierazi du sareetan.
Pozgarria da ikustea Jaurlaritzak aintzat hartu duela @ehbildu|k 2025eko ekainaren 18an Legebiltzarrean egin zuen proposamena eta lortu zuen akordio zabala.
— EH Bildu Legebiltzarra (@ehbildu_legebil) February 6, 2026
Neurri honekin urrats bat egin dugu aurrera Unibertsitatean aukera berdintasuna bermatzeko norabidean. https://t.co/fb1kNvvvTv pic.twitter.com/kMz1wPjhCz
Ostiral honetan Juan Ignacio Perez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak azaldu duenez, neurriak azken urteetan atzemandako «joera kezkagarri» bati erantzuten dio: 2023-2024ko ikasturteaz geroztik, ukatutako beken kopurua handiagoa izan da emandakoena baino. Egoera hori 2025-2026ko deialdira arte mantendu da, eta, batez ere, espainiar Estatuko errenta atalaseak izozteari lotuta dago, ez baitute behar bezala islatzen EAEko bizitzaren kostua.
Datuek bilakaera hori berresten dute: 2023-2024ko ikasturtean 20.401 eskabide aurkeztu ziren, eta horietatik 9.593 eman; 2024-2025ean, 20.430 eskaera egin ziren, eta 9.633 beka eman; ikasturte honetan, 20.068 eskaera izan dira, eta ukatutakoak emandako bekak baino gehiago dira oraindik.
1.500 familia gehiagori
Egoerari buelta emateko, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak errenta tarte berria sartuko du datorren uztailean argiratuko den hurrengo deialdian. Tarte horrek %10 igoko du familia errentaren muga eta goiko atalaseari dagozkion zenbatekoak mantenduko ditu; hala, Estatuan indarrean dauden hiru atalaseak gainditu arren errenta doituak dituzten familiak artatzeko aukera emango du.
Neurri horrekin, familia onuradunen kopurua %15 inguru handituko dela kalkulatu da, eta horrek ekarriko du 1.500 familia berri inguru sartzea unibertsitate beken sisteman eta goi mailako hezkuntzan sartzeko aukera berdintasuna benetan indartzea.
Perez Iglesiasek azpimarratu duenez, «beken deialdi orokor honen lehentasuna da zailtasun ekonomiko handienak dituztenei unibertsitaterako sarbidea erraztea, sistema bidezkoago eta euskal errealitate sozioekonomikora egokituago baterantz aurrera eginez».

Pello Reparaz y Amaia Romero, juntos como ‘dantzaris’ en el último mural de LKN en Madrid

Evacuados los pasajeros del Metro en Leioa tras explotar la batería de un móvil

Buscan en el río Bidasoa a un hombre de Irun de 32 años tras una persecución de la Ertzaintza

EH Bildu pide a Insausti que «recule» en la publicación del origen de los detenidos
