
2025eko apirilean Lynn Gilbert argazkilariak egin zion erretratuan, Denise Scott Brown (Nkan, Zanbia, 1931) bere Filadelfiako etxeko goiko solairuko txoko batean dago, chaiselongue batean jarrita. Asko bidaiatu eta ikusi dutenen ukitu hori du emakume honek; eta bere etxeak berak kitch estiloa duela esan daiteke.
Atzean, Erromako oroitzapenak eta Leninen erretratu handi bat agertzen dira eta Denise bera Batmanen motiboak dituzten kuxin batzuen gainean etzanda dago. ‘Denise Scott Brown. Hiria. Kalea. Etxea’ (otsailak 11tik maiatzaren 31era) erakusketan ikusgai dauden lanetan ‘proletariotza’ hitza behin baino gehiagotan aurkitu dugu.
Argazki horretan Deniseri antzematen zaio adina, baita koketeria puntu bat ere. 94 urte zituela atera zioten argazkia; urtebeteren buruan, beti bezain argi dagoela esan digute. «Kamararen aurrean hartzen duen jarrera munduari zabalik dagoen norbaitena da. Duintasunaren eta indarraren irudia ere bada», gehitu du Lynn Gilbertek astelehenen goizean egin den erakusketaren aurkezpenean.
Beste hau ere iragarri dute aurkezpenean: Petronorrek museoaren patroi estrategiko izaera hartu duela orain dela gutxi, eta orain ikusgai dagoen erakusketa hau udazkenean irekiko den diseinuari, arkitekturari eta teknologiari eskainitako areto berriaren egitarauaren nolabaiteko aurrerapena dela. 900 metro karratu izango ditu areto berri horrek.
«Arkitektoek etxe idealaren inguruan duten ideia birdefinitu behar dute», esan zuen 80ko hamarkadan
XX. mendeko bigarren erdialdeko arkitektorik garrantzitsuenetakoa da Denise Scott Brown. Bidaiari, argazkilari eta aktibista hau nobela bateko protagonista izan zitekeen: jatorri letoniar eta lituaniarreko familia judu batean jaio zen Nkanan (Zambia); Johannesburgon hazi eta arkitektura ikasketak Londresen egin zituen.
Bere bizitza bi zatitan bana daiteke: lehenik, Robert Scott Brown senarrarekin bizi izan zituen urteak, Afrikan eta AEBn; eta bigarrenik, 1959an alargundu zenez geroztikoa. 35 urte zituen senarra hil zitzaionean. Irakaslea zen eta mundu askearekin amesten zuen, hippyen iraultza betean.
1966an Bob Venturi arkitekto lankideari elkarrekin Las Vegas ezagutzea proposatu zion. Hiriarekin maitemindu ziren, eta euren artean ere sortu zen maitasuna. Ordutik aurrera bizitza eta lanbidea partekatu zituzten.
Elkarrekin jarduera teoriko eta profesional handia garatu zuten, baita irakaskuntza arloan ere, hirigintza eta herri-kultura diseinu arkitektonikoan txertatuz. Dena den, hainbat urtez, Denisen lana ez da behar bezala aitortu, eta bazkide eta senarraren itzalpean egon da.
Bere proposamen ikonografikoek, artearekin argiki loturikoek, eragin handia izan dute XX. mendearen bigarren erdiko eta XX. mende hasierako arkitekturan eta diseinuan. Bere lan garrantzitsuenetako bat ‘Learning from Las Vegas’ (1972) da, Venturirekin eta Steven Iznourrekin batera egindako saiakera kritiko iraultzailea, amerikar herri-kultura eta automobila arkitektura-proiektuan sartzen dituena.
Saiakera horrek arkitekturaren lengoaian eragin handia izan zuen, arkitekto garaikideek erabiltzen zituzten analisi metodoak eta kodeak aldatu zituelako. Berak asmatutako eta erabilitako zenbait kontzeptu hauek dira: monumentaltasuna, herrikoitasuna, zeinuak...
Emakume honen ekarpen handietako bat kalea (strip, zerrenda) leku sinboliko gisa interpretatzea izan zen.
Maria Pia Fontana eta Miguel Mayorga arkitektoen komisariotzapean, lehen aldiz 120 lan original baino gehiago bildu dira erakusketa honetan (marrazkiak, argazkiak, kartelak eta maketak), emakume honek kultura garaikideari egin zion ekarpen handia bistaratzeko. Bere bilduma pribatuko hogei bat artelan eta altzari ere ekarri dituzte Bilbora –aulkiak asko maite zituen–; horien artean, Andy Warhol eta Roy Lichensteinen lanak.
Erakusketarako espresuki egin den 30 minutuko dokumentalak Scott Brownek aretoan bertan eginiko gogoetak jasotzen ditu. Bere pentsamendua zuzenean entzuteko aukera ematen du horrek. Eta kaleratu den katalogoan –euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez–, 1983an arkitekto honek idatzitako artikulu interesgarri bat irakur daiteke, ‘Familia-eredu aldakorrak’ izenburua duena.
Lau hamarkada igaro diren arren, gaur egun pil-pilean dauden gaiak aztertzen ditu: familiak aldatzen ari dira, eta, beraz, etxebizitza eta hirigintza egiteko modua aldatu beharko lirateke. «Hirigintzako plangintzaren alderdi guztietan hartu beharko lirateke kontuan familia-ereduen bilakaera eta horien aniztasuna (...). Arkitektoek etxe idealaren inguruan duten ideia birdefinitu behar dute. Arkitekturan pentsamendu utopikorako tartea dago berriz ere: bizi-baldintza eta familia-eredu aldakorrei zerbitzu ematea izan beharko litzateke xedea», irakur daiteke bere artikuluan.

Evacuados los pasajeros del Metro en Leioa tras explotar la batería de un móvil

Pello Reparaz y Amaia Romero, juntos como ‘dantzaris’ en el último mural de LKN en Madrid

Buscan en el río Bidasoa a un hombre de Irun de 32 años tras una persecución de la Ertzaintza

«Las pantallas están agravando las enfermedades mentales y haciéndolas más comunes»

