Ernai Gazte Antolakundeko kideek duela hilabete batzuk jakinarazi zuten Abadiñoko hitzordua: Apirilaren 2tik 5era. Baina tarte horretan izan da Abadiñon beste data seinalatu bat ere, San Blas eguna, eta gazte independentistek hitzordu hori ere baliatu nahi izan zuten: Gazte Topaguneko abestia aurkeztu zuten bertan Arene 6 eta Sua taldeek.
Bertaratu zuten batzuek oraindik buruan izango dute kantua, pasa den astean zenbait plataformetan entzungai jarri zuten, baina igande iluntze honetan argitaratu dute bideoklipa. Abestiaren nondik norakoen berri emateko NAIZ irratian izan dira Arene 6 taldeko Koldo Ribero eta Ernaiko Maddi Urruzuno.
San blas egunez jo zuten zuzenean lehen aldiz ‘Biharra izan’ abestia, baina aitortu dute askoz lehenago hasi zela prozesua: «Azaroan jaso genuen proposamena, ilusio handia egin zigun eta biltzen hasi ginen abestiaren prozesua abiatzeko». Zergatik talde horiek? Urruzunok azaldu du: «Uste dugu Sua eta Arene6 badierla momentu honetan euskal eszenan pil-pilean dauden bi talde. Estilo musikalak ezberdinak izan daitezke, baina pentsatu genuen bat egiteko aukerak zeudela eta gazteriak entzuten dituen bi talde izanik aukera ona zela bi taldeak elkartuta osatzea abestia».
Arene6ko abeslaria arduratu da letra idazteaz gazte antolakundeko kideekin batera zehaztutako ideien gainean, eta elkarlana izan dela azpimarratu dute. Egungo teknologiak baliatuz zati instrumentalak, letrarenak, doinuak… talde batek besteei bideoz bidaltzen zizkien eta horrela joan dira osatzen, «nahiko erraz egin dugu» aitortu du Riberok. Sua taldeko Ane Barrenetxea izan dute kantuan lagun eta bere inplikazioa eta estilo ezberdinetara moldatzeko gaitasuna txalotu ditu musikari algortarrak.
Herri aske baten bidean
Letrari erreparatuta, eta azken urteetakoekin konparatuz «zuzenagoa» dela kontatu dute: «Hori guztion artean adostu genuen, argia, zuzena eta indartsua izatea zen helburuetako bat, eta hala geratu dela uste dugu». Urruzuno ere ados da hitzen transmititzen dutenarekin: «Urtero saiatzen gara Ernai egiten dabilen horren isla izatea abestia bera, eta abestiak transmititzen duena. Aurtengoan bete betean asmatu da horrekin, Ernairen funtsarekin bat egiten du».
Estribilloan antzeman daiteke hori: «Herri aske baten bidean, garaipenera/ nortasuna ukatzea ipar dutenen aurrean/ bidea hasi zutenen amorrua gaurkotuaz/ gazte borrokan biharra izan».
Oso pozik daude Abadiñon abestiak izan zuen harrerarekin, jende asko bildu zela kontatzen dute eta gazte askoren sorpresarako «bi taldeen arteko estilo ezberdinak ondo geratu» direla baieztatu ahal izan dute.
Topagunerako kartelaren zati bat eta abestia ere jada aurkeztu dituzte. Geroz eta gutxiago falta da Abadiñoko hurrengo hitzordurako, Urruzuno: «Guretzat Topagunea gazte independentistok batzen garen elkargunea da, eta bada aukera bat erakusteko badagoela gazte belaunaldi oso bat independentziara bidean lerratuta, eta horren erakusle nagusietako bat da hitzordu hori bera».

Evacuados los pasajeros del Metro en Leioa tras explotar la batería de un móvil

Pello Reparaz y Amaia Romero, juntos como ‘dantzaris’ en el último mural de LKN en Madrid

Fallece la jueza Ángela Murillo, protagonista de varios juicios contra la izquierda abertzale

«Las pantallas están agravando las enfermedades mentales y haciéndolas más comunes»
