Joseba Salbador Goikoetxea

Andre Madalen, euskal emakume ahaldunduen adibide

Gaur sinestezina egiten zaigun arren, historian zehar euskal emakumea uste baino ahaldunduagoa izan da. Zestoako Andre Madalen izan zen horietako bat, XVII. mendean leinuaren zuzendaritzaz eta etxeko negozioez arduratu zena; ez senarraren ordezkari bezala, erabakitzeko ahalmen osoa zuelako baizik.

Antzezlanak Gipuzkoako XVII. mendeko gizartean barneratuko du bisitaria.
Antzezlanak Gipuzkoako XVII. mendeko gizartean barneratuko du bisitaria. (Ekainberri - Arazi IKT S.L.)

Urola ibaiaren ertzean dagoen Lili jauregiko biztanleak lanpetuta dabiltza beren negozioak aurrera ateratzen: burdinolak, errotak, basoetako egurrak, itsas merkataritza... Baina orain beste buruhauste bat dute; zerbitzari berri bila dabiltza, eta lan bila doazenek jauregiko atea jo eta Madalena Amilibia etxeko anderearekin topo egingo dute aurrez aurre.

Atea jotzen duten horiek gaur egungo bisitariak dira, eta Andre Madalen benetan nor izan zen ezagutzeko aukera izango dute. Izan ere, astero antzeztuko den obra datu historikoetan oinarrituta dago. Magdalena Amilibia Elkaraeta 1640ko hamarkadan jaio zen Debako negozio-familia boteretsu batean eta Lili jauregiko Sebastian Leizaolarekin ezkondu zen. Noblezia-titulua bazuten, baina garai hartan ez zituzten «benetako noblezia» gisa hartzen, batez ere merkataritzari lotutako ondasunak zituztelako eta, besteen lanetik bizi beharrean, beraiek ere lan egiten zutelako.

Eta Euskal Herrian ohikoa izan den moduan, etxeko andereak ere lan egiten zuen, erabakitzeko ahalmen osoarekin gainera. Aitziber Gorrotxategi historialari eta Ekainberriko teknikariak azaldu digun moduan, foru lurraldeetan emakumeek Gaztelako erreinuko beste toki batzuetan izan ez duten ahalmena izan dute. «Nahiko ohikoa zen emakumeak maiorazkoan sartzeko aukera izatea; hau da, ondareak oinordekotzan hartu eta negozioetan sinatzeko boterea izatea. Eta Andre Madalenek erabakiak har zitzakeen, baina ez senarrak emandako baimena zuelako, baizik eta berak zuelako erabakitzeko ahalmena; alegia, bera zen nagusia. Bera joaten zen burdin edo egur tratuak ixtera».

Gorrotxategiren iritziz, antzezlanak gaur egungo ikuspegi batzuk desmuntatzen laguntzen du. «Askotan pentsatu izan dugu garai hartan oso atzeratuta zeudela, baina Andre Madalenek erakusten digu gauza batzuetan gaur egun baino aurreratuago zeudela. Gaur egun enpresa munduan emakumeak erabakiak hartzen hasi besterik ez garen momentu honetan, harrigarria da XVII. mendean emakume batek hori egiten zuela ikustea. Galdu genuen botere bat da, orain berriro berreskuratzen hasi garena. Lehenago ere botere hori bazegoen, baina azken mendeetan, arrazoi desberdinengatik, emakumearen papera oso baztertua egon da, eta beste norbait aurretik jarri behar izan du negozioak egin ahal izateko; baina Andre Madalenek esaten du: ‘Erabakiak hemen nik hartzen ditut’. Bere sinadurak senarrarenak adina balio zuen eta epaitegietara joateko gaitasuna ere bazuen».

Emakume honek, hori bai, bazuen abantaila bat, irakurtzen eta idazten bazekiela, eta hori erabakigarria izan zen familiako negozioak aurrera atera ahal izateko.

MATRIARKATUA

Lilitarren leinua hasieratik «matriarkatua» izan dela nabarmendu du Aitziber Gorrotxategik. Izan ere, oinordekotza betidanik emakumeen artean transmititu izan da. «Jauregiaren lehen aipamena 1383. urtekoa da eta, dokumentu historikoek erakusten dutenaren arabera, 1492an Domenja izeneko Lili etxeko anderea hasi zen gaur egungo jauregia eraikitzen. Beraz, jauregi honen lehen harriak emakume batek jarri zituen. Eta horren ondoren ere Lili jauregian, denbora askoan, emakumeek izan zuten agintea. Andre Madalen, azken finean, bat gehiago besterik ez da izan».