NAIZ

Arrizabalaga-Bergara eta Sagardui-Gamindek jokatuko dute Binakako finala

Arrizabalaga-Bergara eta Sagardui-Gaminde jokatuko dute Binakako txapelketako finala. Martxoaren 22an, Eibarren neurtuko dituzte indarrak. Finalerdietako partidan, Arrizabalaga-Bergarak 22-14 irabazi dute Ruiz de Infante-Mendizabalen kontra eta Sagardui-Gamindek 22-12 garaitu dute Aldai-Arrillaga.

Irudian, Enara Gaminde, Lau eta Erdiko txapelketako finalean, Aldairen aurka.
Irudian, Enara Gaminde, Lau eta Erdiko txapelketako finalean, Aldairen aurka. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Martxoaren 8an, emakumeen nazioarteko egunean banatu dira Agurainen aurtengo Emakume Master Cup zirkuitoko Binakako finalerako txartelak. Arrizabalaga-Bergara (22-14) eta Sagardui-Gaminde (22-12) izango dira martxoaren 22an Astelenan txapel preziatuen bila arituko diren bikoteak, garaipen handiak eskuratuta.

Txapelketa osoan zehar bezala, jendetza bat batu da Aguraingo pilotalekuan, harmailak goraino beteta zirela jokatu dira finalerdiak, frontoiak ere emakumeenak direla aldarrikatuz. Eibarren ere ikusmina sekulakoa izatea espero da, finalak horretarako osagai guztiak ditu eta; errekorrak, txapeldunak, gaztetasuna, esperientzia…eta pilotalekuak ere nekez izan lezake historia handiagorik.

Aurtengo txapelketa aspaldiko irekiena izan da, azken garaipenerako inoiz baino faborito gehiagorekin, eta lehen partida horren isla argia izan da. Orain arteko partida guztiak nagusitasun handiz irabazita aurkeztu diren Olatz Arrizabalagak eta Arrate Bergarak erruz egin behar izan dute lan, azken markagailuak irudika dezakeena baino gehiago, Ruiz de Infante eta Mendizabalen defentsa zoragarria gainditu ahal izateko. Are gehiago, krisi unerik ere pasa dute, esaterako urdinak 8-11 aurreratu direnean.

Frontoi lehor batean, Olatz Arrizabalagari kosta egin zaio erritmoa jarri eta tantoak amaitzea eta honek zenbait momentutan prezipitatzera ere eraman du gernikarra, zenbait akats pilatuz. Ainhoa Ruiz de Infantek bizi ibili du pilota eta Mendizabalek ondo bilatu du ezker pareta tarte horretan, faboritoak estuasunetan ipiniz.

Une kritiko horretan, ordea, asmatu dute atsedenaldia eskatzen eta hortik aurrera partidaren gidoia asko aldatu da. Bezperan partida jokatzetik zetozen arren, Arrizabalaga-Bergara fisikoki indartsuago agertu dira bigarren erdi horretan, gernikarrak ere ulertu du indarka irabaztea ezinezkoa izango zela Aguraingo pilotalekuan, bere lekua egin du eta, lasaiago jokatuta, partidaren aginte makilarekin egin da. Azkenerako 15 tanto bukatuta, horietako hiru sakez. Aurtengoan ez dirudi seigarren txapel horri ihes egiten utzi nahi dionik.

Ruiz de Infantek ere partida ederra jokatu du, baina unerik desegokienean sakez egindako bi faltek ez diote batere lagundu. Atzean indarrak nahikoa parekatuak egon dira, baina azken txanpara Arrate Bergara osoago heldu da eta honek finalera partidarik galdu gabe ahalbidetu die iazko azpi-txapeldunei.

Gaminderen erritmora

Bigarren finalerdian, ligaxkan puntutara berdindurik amaitu zuten bi bikote aritu dira elkarren aurka (Sagardui-Gaminde eta Aldai-Arrillaga), baina gaurko partidan oreka gutxiago egon da eta denbora guztian Alize Sagardui eta Enara Gaminde markagailuan aurretik joan dira.

Jokoan gehiegi arriskatu beharrik gabe, gazteek atzean Laukizkoak irekitzen zituen zuloetan jarri dute esperantza, goizuetarrak, aukera izan duenean, errematera pasatzeari muzin egin gabe. Rolak oso ondo banatu ditu bikote urdinak eta 14 urte besterik izan ez arren, patxada ederra erakutsi du goizuetarrak.

Ekinean aritu dira Aldai-Arrillaga beteranoagoak Enara Gaminde kantxan mugitzen –2025 urte borobila osatu zuen Laukizkoak eta urte hau ere bide beretik hasi du–, aurkarien bikotearen zama bizkaitarrak eramango zuela ondo ikusita, baina ezker-eskuin ondo mugitu du pilota eta jokoa aurrean nahasteko oso aukera gutxi etorri zaizkio Aldairi. Pilotari beste abiadura bat ematen dio eta egungo txapeldunak eta ia ezinezkoa egiten zaio edozein bikoteri erritmo horretatik ihes egitea.

Saiatu da Amaia Aldai, baina erasora pasatzeko oso behartuta egin behar izan du eta kosta egin zaio zuloak topatzea, arriskatu beharraz zenbait akats pilatuz. Lan erdietarako zortzi tantotako aldea pilatu dute (11-3) eta gerora ez dute aparteko zailtasunik izan alde hori kudeatzeko.

Markagailuan beti urrun egon diren arren, gorriek partidari eutsi diotela eta azkenerako luzea eta gogorra izan dela, baina Sagardui-Gamindek apenas egin dute oparirik partida osoan zehar eta horrela ezinezkoa egin zaie aleak murriztea.