Asier Aiestaran
Kazetaria

Dariok erakustaldi batekin samurtu du bezperan jasotako kolpea

Ezustean B Serieko txapelketaren finaletik kanpo geratu arren, gai izan da 24 ordu baino gutxiagoan Jokin Altunaren ordezko lanetan sekulako erakustaldia eman eta Ezkurdiarekin batera Jaka eta Iztueta 7-22 menderatzeko.

Dario, aurreko partida batean pilota astintzen.
Dario, aurreko partida batean pilota astintzen. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Dario Gomez izan da gaur Tolosako Beotibar pilotalekuan jokatu den Binakako Txapelketako partidaren protagonista nagusia. Ezcarayko aurrelariak sekulako kolpea jaso zuen ostiral arratsean Loiun, B Serieko txapelketaren finaletik kanpo geratu baitzen ezustean, baina 24 ordu baino gutxiagoan gai izan da Jokin Altunaren ordezko lanetan sekulako erakustaldia eman eta Ezkurdiarekin batera Jaka eta Iztueta 7-22 menderatzeko.

Ostiralekoa sekulako ezustea izan zen, eta sekulako kolpea Dario-Loza bikote errioxarrarentzat. B Serieko txapelketan bikote onena izan dira ezbairik gabe. Final-laurdenetako ligaxkan erraz lortu zuten lehen postua eta finalerdietakoan lehen bi partidak irabazi egin zituzten. Ostiralean Loiun nahikoa zuten 12 tanto egitea, baina Peña eta Landaren aurka 22-10 galdu zuten, eta beste deman Murua-Gabirondoren garaipenak finaletik at utzi zituen.

Erabat ulertzekoa litzateke gertatutakoak gaurko partidara begira Darioren errendimendua baldintzatzea, baina ez da horrela izan. Eta eraginik izan badu, seguruenik eragin positiboa izan da. Errioxarra gogotsu aritu da hasiera-hasieratik, oso inspiratuta, eta Ezkurdiak bikain lagunduta bera izan da laukoteko pilotari onena.

«Nik ere ez nekien ziur gorputzak eta buruak nola erantzungo zuten gaur. Baina kirola horrelakoa da, batzuetan dena ongi ateratzen zaizu eta besteetan dena gaizki. Gaur zorionez dena ongi atera da, baina egia esateko aldatuko nukeen bat bestearengatik. Pena handia da finaletik kanpo geratzea, baina ez dago besterik. Irribarrea berreskuratu eta datozen erronkak prestatzen hasi beharra dago», onartu du Ezcaraykoak ETBri egindako adierazpenetan.

Lehen sakea, tanto horma-bikoz

Dariok lehen tantotik erakutsi du bere nortasuna. Lehen sakean horma-bikoa jo du pilota zabaleratuz, eta horrela lortu du aurreneko tantoa. Era berean, argi ikusi da Martxel Iztueta ez zegoela neurketan behar bezala sartuta, eta bere bi oparirekin eta Jakak galdutako beste erremate batekin 0-4 aurreratu dira urdinak.

Eta horixe izan da joera ia partida osoan. Dario kolpez fresko, atzelariari asko laguntzen; Ezkurdia oso seguru, azken partidetan airez erakutsi duen txisparekin; Iztueta oso deseroso, etengabe mugitu behar horretan; eta Jaka errematean kamuts, normalean ongi amaitzen dituen jokaldiak huts eginez. Takadaz takada, aldeak irekitzen joan dira markagailuan, 1-15 eta 3-18 emaitza eskandalagarriak igoaraziz.

Azken txanpan Erik Jakak hiru gantxo on sinatu ditu aurrean eta horiei esker lortu dute markagailua apur bat apaintzea, baina amaierako 7-22koak argi islatzen du Tolosan gertatutakoa.

Norgehiagoka azkarra izan da, 50 minutura iritsi ez dena, eta horrekin pozik amaitu duena Joseba Ezkurdia izan da, jada finala prestatzen hasteko prest. «Sentsazio onekin amaitu dut. Orain hamabost egun polit ditugu aurretik. Finaletara sailkatzea asko kostatzen da, urteak igaro ahala gero eta gehiago, eta horregatik egun hauek gozatu nahi ditut. Ongi nago fisikoki, buruz ere bai, eta ea final on bat egiten dugun», adierazi du Arbizuko pilotariak.

FITXA

Partidaren iraupena: 47 minutu. Markagailua: 0-4, 1-4, 1-15, 3-15, 3-18, 7-18 eta 7-22. Sakez: 1 Jakak eta 3 Dariok. Jokoan egindakoak: 3 Jakak, 1 Iztuetak, 5 Dariok eta 3 Ezkurdiak. Galdutakoak: 6 Jakak, 4 Iztuetak, 2 Dariok eta 1 Ezkurdiak. Gertaerak: Sarrera ederra Beotibar pilotalekuan. Lehen sakea, urdin.