Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Binakako Txapelketako finala: Sagardui-Gaminde, Eibarko katedralean erreginak

14 urteko aurrelariak eta gaur egun dagoen atzelaririk onenak Binakako txapelak jantzi dituzte oso ausart aritu den Arrizabalagari eta une oro aurkariaren bizkarra ikusi behar izan duen Bergarari 22-17 irabazi eta gero.

Alize Sagardui eta Enara Gaminde, Binakako txapelekin.
Alize Sagardui eta Enara Gaminde, Binakako txapelekin. (Gorka RUBIO | FOKU)

Alize Sagardui eta Enara Gaminde dira Emakume Master Cup zirkuituko Binakako txapeldun berriak. Aurrelari goizuetarrak bere debutean lortu du txapela, 14 urte besterik ez dituela, eta Laukizko atzelariak hirugarren txapelketa irabazi du hiru aurrelari ezberdinekin.

Abenduan hasitako txapelketa luzeari amaiera bikaina eman diote igande honetan gorriz jantzitako bi pilotariek. Olatz Arrizabalaga esperientzia handiko pilotaria aurrean egonda, arraroa dirudi gernikarra gorriz jantzi ez izana. Baina horrek badu bere arrazoia. Gaminde egungo Lau eta Erdiko txapeldun izanagatik 'pribilegio' hori izan du.

Eta gaurkoan, Eibarko Astelena pilotaleku mitikoan, laukiztarrak beste behin erakutsi du zergatik izan behar dioten beldurra. Partidako zama guztia beregain hartu du atzelariak, jakinda aurrean 14 urteko bikotekidea zuela eta esperientzia falta eta urduritasuna goizuetarraren gorputzean egon zitezkeela.

Gamindek ez du parekorik izan. Kuriositatez, finala hasierako lehenengo zortzi tantoak (5-3koa arte) lau pilotariek egindako hutsengatik iritsi dira. Egia da Gamindek zerikusi handia izan duela horietako batzuetan, baina atzetik erraz samar eramateko pilotak egon dira tartean.

Hala ere, hurrengo kintzeetan bai iritsi direla, aitzakiarik gabe, egindako jokaldiak. Aipatzekoa izan da 8-3koa, Enara Gamindek egindakoa alegia. Arrate Bergara oso atzean mantendu du Laukizkoak 41 pilotakada izan dituen tantoan eta bizkaitarrari tantoa zabalera botatako dejada batekin amaitzea bururatu zaio. Baita bikain atera ere!

Astelenako harmailetan zeuden ehundaka zaleren txalo zaparrada sortarazi du horrek. Sagarduik herritar ugari ekarri ditu Goizuetatik eta aurrelari gazteak bikain erantzun die. Egia da joko segurua egin duela partida osoan zehar, pilotak erraz eramanda, baina amaieran aitortu duenez, «partidaren erdialdean urduritu egin naiz eta ez naiz gustura sentitu».

Nafarrak zenbait pilota erraz galdu ditu, baina azpimarratzekoa da bere lana ez dela erraza izan gaurkoan. Gamindek tantoen zama guztia hartuta zuenez, Sagarduiren eginkizuna tantoak amaitzea zen, eta horretan saiatu bada ere, pilota gutxi batzuk huts egin ditu. Hori bai, lau tanto egin ditu sakez.

Desesperaziotik aukera minimora

Beste aldean, urdinak desesperatzen hasiak ziren. Arrate Bergararen anaiak, Aitorrek, atsedenaldia eskatzen zuen bakoitzean, gauzak hobetzeko hitzak entzuten ziren. Izan ere, atzelariak frontisetik oso urruti jokatu du gaurkoan Gaminderen indarrarengatik.

Aurrean, Arrizabalagak seigarren txapela zuen buruan, baina momentu garrantzitsu batzuetan hutsak pilatu ditu desesperazioaren erruz. Tantoak behar zituzten bai ala bai, are gehiago markagailuak 20-10ekoa zuenean.

Hil ala biziko jokaldiak behar zituzten urdinek partidan sartu ahal izateko, eta kuriositatez, dena galduta zutenean, orduan agertu da Olatz Arrizabalagaren abilezia tantoak amaitzeko. Erantzukizuna beregain hartu eta tresna guztiak jarri ditu martxan gorriei urduritasuna sartzeko (21-17).

Hala ere, ez da nahikoa izan eta 14 urteko pilotariak erabaki du finala, azken tantoan, bien tartera bidalitako pilota batekin. Eibarko Astelenak eztanda egin du eta Sagardui-Gaminde katedraleko erregina bilakatu dira.

PARTIDAKO FITXA:

Sagardui-Gaminde: 22

Arrizabalaga-Bergara: 17

Pilotakadak: 384. Iraupena: 54:16. Markagailua: 0-2, 3-2, 3-3, 8-3, 8-7, 11-7, 11-8, 14-8, 18-9, 18-10, 20-10, 20-13, 21-13, 21-17 eta 22-17. Sakez egindako tantoak: 4 Sagarduik eta falta bat eta 2 Arrizabalagak. Jokoan egindako tantoak: 1 Sagarduik, 6 Gamindek, 8 Arrizabalagak eta 0 Bergarak. Galdutakoak: 4 Sagarduik, 2 Gamindek, 7 Arrizabalagak eta 4 Bergarak. Gertakariak: Sarrera bikaina Eibarko Astelena pilotalekuan Emakume Master Cup zirkuituko Binakako Txapelketaren finala ikusteko. Lehen sakea urdinentzat izan da.