NAIZ

Imanol Lopez bere jaioterrian erretiratuko da, Zumaiako Master Seriesean

Imanol Lopez badoa. Azken mende laurdeneko atzelari onenak erretiroa hartuko du Zumaiako Master Seriesean. Eraman Jai Alai elkarteak iragarri duenez, «badoa Goikoetxea herrikidearekin batera zesta-puntan aro ahaztezin bat markatu duen pilotari handia».

Imanol Lopez iaz jokatutako Nazioen Ligako finalerdian
Imanol Lopez iaz jokatutako Nazioen Ligako finalerdian (Aritz LOIOLA | FOKU)

Imanol Lopezek azken txapelketa 42 urte egin berritan jokatuko du eta Zumaian, bere jaioterrian, emango dio amaiera bere ibilbide profesionalari. Martxoaren 30ean eta apirilaren 6an jokatuko dira Zumaia Jai Alai Master Serieseko finalerdiak, eta apirilaren 13an, San Telmo egunez, final handia.

Eraman Jai Alai elkarteak asteazken honetan azpimarratu duenez Lopez «onena izan da, ia debuta zuenetik, erretiroko egunera arte. Frontoi guztietan jokatu du, formatu guztietan eta denetariko aurkarien aurka».

Sei bider Binakako Txapeldun (2008, 2009, 2010, 2011n bi aldiz -Munduko Pilota Batzarra eta Nazioarteko Federazioa- eta 2022), Banako beste bi txapel (2017 eta 2019), Eusko Label Winter Series bat (2023) eta beste dozenaka txapel garrantzitsu jantzi ditu (Daniako eta Miamiko tituluak, Orlandoko Citrusak, Mexikoko txapelketak eta Euskal Herrian, Biarritzeko Urrezko Xisterak, Donibane Lohizuneko Nazioartekoak, etb…).

«Kontaezinak dira Imanol Lopezek Atlantikoaren bi aldeetan irabazitakoak», gaineratu du Eramanek, «historiara igarotzen diren kirolariak, palmaresaren gainetik» daudela azpimarratuz. «Kontua ez dira soilik tituluak, titulu horiek lortzeko 23 urtez eman dituen erakustaldiak baizik».

Zentzu honetan nabarmendu du pilotari berezia dela Lopez, «zentzu guztietan. Izaera propio oso indartsua izan du gazte-gaztetatik, kantxan eta kantxatik kanpo kriterio handiko mutila da, lehiakorra eta benetako liderra. Erronka handiak eta zailtasunak maite izan dituen pilotaria da eta presiopean jokatzea gustatzen zaiona».

«Horri bere ezaugarri fisiko eta teknikoak gehitu behar zaizkio: pilotan jokatzeko berezko gaitasun sinestezina (jokatu duen azken txapelketan, huts bakar bat egin gabe jantzi berri du Gasteizko txapela), kantxan ondo kokatzeko berezko sena dauka, berea da guk inoiz ikusi dugun errebesik onena, errebotea ere bikaina eta besteen gainetik jartzeko, bere gorputzak (1,93m, 98 kg) ematen dizkion indarra eta boterea», gaineratu du, eta Jai Alai League-ko txapeldunaren Urrezko Gerrikoa jantzita erretiratuko dela ohartarazi du.

Frida Watkins, Winter Seriesetik

Zumaiako Master Seriesean, momentuko aurrelaririk onena izango du Lopezek lagun: Aritz Erkiaga, urte luzez berarekin kantxa konpartitu duen ispastertarra. Hala ere, beste bi zumaiar ere izango dira kantxan, Jai Alai Leagueko proba puntuagarrian: Unai Uranga eta Frida Watkins. Azken honek Euskotren Winter Serieseko txapela irabazi berri du astelehen honetan bertan Durangoko Ezkurdi pilotalekuan eta etxean estreinatuko du titulua.

Jai Alai League-a irits zenetik, azken urteetan indarra hartu du Zumaiako Master Seriesak. Giro ederra egoten da Aitzuri pilotalekuan eta, Eramanen esanetan, eserlekua bermatuta izateko komenigarria da sarrerak edo bonoa aldez aurretik eskuratzea www.eramanjaialai.com webgunean.

NAIZi eskainitako azken elkarrizketa

Iaz NAIZi eskainitako elkarrizketa batean adierzi zuen zestaren bilakaera «oso pozgarria» dela Euskal Herrian. «Ikusten dudana da joaten naizenean frontoi batera mila pertsona daudela. Frontoia txikiagoa bada, Lekeition adibidez 700 pertsona sartzen direla, ikusten duzu frontoia beteta. Hori da, gaur egun, gauzarik garrantzitsuena zesta puntarentzat».

«Horrenbeste urte hemen egonda, egon izan naiz jenderik gabe frontoian, beraz jendea dagoenean orain niretzat disfrutea da. Preokupazioa ere ematen dit, azken finean badakit gero eta gazte gehiago daudela eta niretzat kirolak duen handicap handiena gaur egun erreminta da: zeinek egiten dituen erremintak, zein kapazitate dagoen gazte horiek guztiak erremintarik edukitzeko... Baina uste dut bide onetik doazela gauzak, bai telebista, bai instituzioak, bai enpresak, bai eskolak bultzada handia ematen ari dira kirolari eta ea momenturen batean lortzen den erreminta estandar bat edo behintzat erreminta errazagoa lortzea, gazteek errazago izango baitute kirola praktikatzea», gaineratu zuen.