Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Hondarribiko II. Berdintasun Plana onartu du Udalbatzak, EAJ eta PSEren ezezkoekin

Abotsanitz eta EH Bilduren baiezko botoekin onartu da Hondarribiko II. Berdintasun Plana. EAJk eta PSEk ezetz bozkatu dute. Eztabaida plana osatzeko prozesuak sortu du, izan ere, Hondarribiko Emakumeak taldea bere ideologiagatik baztertua izan dela salatu du oposizioak. 

Hondarribian egin da gaur ohiko osoko bilkura, eta bertan eztabaidatu da II. Berdintasun Plana onartzea.
Hondarribian egin da gaur ohiko osoko bilkura, eta bertan eztabaidatu da II. Berdintasun Plana onartzea. (Andoni Canellada | FOKU)

Hondarribiko II. Berdintasun Plana onartu du ostegun arratsalde honetan Udalbatzak ohiko osoko bilkuran. EAJk eta PSEk ezetz bozkatu badute ere, Abotsanitzen eta EH Bilduren gehiengoarekin aurrera egin du, zortzi ezezko boto eta bederatzi baiezkorekin. Alardearen inguruan jasotzen diren bi puntuek sortu dute eztabaida herrian azken asteetan; ohiko osoko bilkuran, aldiz, plana osatzeko prozedura izan da eztabaidagai nagusia. 

Igor Enparan alkateak azaldu ditu planaren nondik norakoak, eta edukian jarri nahi izan du arreta. Batez ere, ekintza planaren nondik norakoak eman ditu. 2026ko asmoak ikerketa feministarako beka bat martxan jartzea eta indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa egitea dira. 2027an, Lgtb+ kolektiboaren inguruko diagnostikoa eta ekintza plana zein jabekuntza eskola sortzea aurreikusten dute. 2028an, besteren artean Udal barruko berdintasun plana egitea, berdintasun ekintzetarako diru laguntzen lerroa sortzea, zaintzaren ekipamenduak baloratu eta zerbitzu berrien balorazioa. Eta 2029 urterako emakumeen etxearen beharrezkotasuna baloratzea eta zaintzaileen lan eta bizi baldintza duinen aldeko sentsibilizazio lana aipatu ditu. 

Garoa Lekuona EH Bilduko ordezkariak ere ekintza asko «sorreretara» bideratuta daudela azpimarratu nahi izan du. Eta gaineratu du berdintasunak ez duela ez «salbuespenik, ez mugarik. Sinesten dugu emakumea gizonen parekoa dela bizitzako edozein esparruetan». Eta oposizioko indar politikoen ezezkoen aurrean zera gehitu du: «Batzuek egun bakarreko salbuespena zuritzen duzue, zuritzekotan zuritu daiteke egun bat, edo zuritu daitezke 365 egun. Hori jarrera antifeminista da».

Eztabaida prozesuaz

EAJko zinegotzia den Maria Serranok, planaren neurri gehienekin ados egon arren, arazoa «prozesuan» egon dela salatu du: «Diagnostikoan ezin izan dute parte hartu hainbat emakumek, Alarde bakarra eta parekidea babesten ez dutelako alde batera utzi zaie, eta ezin izan dute parte hartu. Emakume horien iritziak gutxiago balio du? Ezin dute berdintasunaren inguruan beren ekarpena egin?». Hondarribiko Emakumeak elkarteari egin dio erreferentzia, osoko bilkuraren amaieran hitza hartu duen eragilea. Jesus Ignacio Alvarez PSEko zinegotziak ere salaketa bera egin du: «Ezin da onartu emakumeen kolektibo bat kanporatzea kriterio propio bat izateagatik Alardearen inguruan».

Enparan alkatea bera izan da bazterketa hori gezurtatu duena, bera pertsonalki bildu zela esanez aipaturiko elkartearekin. Zehaztu du 2025eko otsailean publikatu zela diagnostikoaren zirriborroa, eta «plana egikaritzerakoan, proiektuaren amaieran egin du eztanda, hain zuzen Alardearekin zerikusia zuten bi gai horiek jakinarazi zirenean», eta hori ez dela kasualitatea iradoki du. Era berean, parte-hartzeak «legezkotasuna» betetzen duela berretsi du. Parte hartzeko espazio eta bide ezberdinak egon direla azaldu du: «Parte-hartzeak ez du esan nahi espazio guztietan egotea, baizik eta egituratutako espazio batean parte hartzea, arau eta bide argiekin. Parte-hartze ordenatu eta anitz batean aurrean gaude, ez bazterketa baten aurrean». 

Hondarribiko Emakumeak elkarteak ere hartu du hitza arratsaldean. Hasteko argi adierazi nahi izan dute ez daudela Berdintasun Planaren aurka, prozesuari lotutakoa dela beraien kexa eta «baztertuta» sentitu direla salatu dute: «Alkateak teknikariarengana bideratu zigun, teknikariak Emakundera, eta orain, Emakunderen hitzorduaren zain gaude». Era berean, beraiek adierazitako sei gaietatik bi soilik landu direla kontatu dute, eta zuzenean «Udalak Alarde parekidearen aldekoek emakumeen eskubideen defentsan pairatutako indarkeria aitortzeko moduak pentsatu behar ditu» puntua kentzea eskatu dute.