NAIZ

Jende andana gerturatu da Mutrikuko XXIX. Berdel Egunera

Mutrikun XXIX. Berdel Eguna ospatu dute larunbat honetan. Eguraldia kontra izan badute ere, jende ugari gerturatu da egunerako prestatu dituzten 1.200 kilo berdel dastatzera. Egitarau oparoa antolatu dute herritarrek.

 

Berdela, besteak beste, parrillan errea eskaini diete bertaratu direnei.
Berdela, besteak beste, parrillan errea eskaini diete bertaratu direnei. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Berdel Eguna ospatu dute Mutrikun larunbat honetan. Urteroko ohiturari jarraiki, egitarau oparoa antolatu dute arrain espezie honen inguruan, haren kontsumoa bultzatzeko.

Goiz osoan zehar haurrentzako arrantza tailerra izan da kofradia zaharreko arkupean eta baita IX. Belauntzien Arteko Txapelketa ere. Gainera, portuan Merkatu Txikia eta Artisau eta Sortzaileen Azoka egin dute. Portuan bertan egin dute, halaber, eguerdiko 13.00etan, berdel pintxo dastaketa herrikoia.

Gainera, grabni txapelketak izan dira, goizean banakakoa eta arratsaldean binakakoa. Eguna portuan egitekoak diren kontzertuekin itxiko dute.

Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitzari antolakuntzak adierazi dionez, guztira 1.200 kilo berdel erabili dituzte egunean zehar, plater eta pintxo desberdinak presttatzeko. 600 kilo egosi dituzte eta 600 fresko ere baliatu dituzte, parrillan erretzeko edo marmitakoa bezalako errezetetan erabiltzeko.

Eguraldia ez dute alde izan, baina, hala ere, jende andana gerturatu da jaira eta egunerako jarritako karpa txiki geratu zaie hainbat unetan.

Berdel Eguna aspaldiko ohitura da Mutrikun. Izan ere, garai batean asko arrantzatzen zen, baina, oso prexio baxuan saldu eta, horregatik, 1993an berdelaren kontsumoa bultzatzeko ekimena abiatu zuten.

Ordutik urtero ospatu izan da jaia eta, normalean, herriko zein inguruko sukaldariek prestatutako 2.500 razio inguru zerbitzatzen dituzte. Ospakizuna herritarren lanari esker ateratzen da aurrera, bolondres aritzen baitira antolakuntzan.

Urteetako ahaleginari esker, egun berdelak salmentan prezio hobea egiten du eta baxurako arrantzaldirik garrantzitsuena bilakatu da.