NAIZ

Zabala autoritatez sailkatu da Buruz Buruko ligaxkara, eta Peña II.ak arantza kendu du

Javi Zabalak ez dio aukerarik eman Joanes Bakaikoari Buruz Buruko final-zortzirenetako kanporaketan (5-22) eta Peña II.ak Peio Etxeberria hartu du mendean Zarautzen (22-20). Artola eta Larrazabalekin elkartuko dira B multzoan.

Javier Zabala, Binakako txapelketako partida batean.
Javier Zabala, Binakako txapelketako partida batean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ordu erdi pasatxo iraun duen partidan, Javi Zabalak bere nagusitasuna erakutsi du Logroñoko Adarragan, Joanes Bakaikoa kanporatuta (5-22). Modu honetan, errioxarrak Buruz Buruko ligaxkara egingo du jauzi, Peña II.arekin batera. Tolosarrak, partida gogor batean, Peio Etxeberria hartu du mendean (22-20).  Artola eta Larrazabalekin elkartuko dira B multzoan.

Logroñon jokatutako partidan, Joanes Bakaikoaren kemena kolpe indartsuz eta erritmo biziz ezerezean utzi eta autoritatez nagusitu da Zabala, Buruz Burukoan aurrera egin eta ligaxkara sailkatzeko.

Baikoko aurrelariak onartu du uste baino makalago somatu zuela bere eskua eta horek ere huts egin diola. «Pentsatzen nuen gehiago eutsiko nuela baina ezinean ibili naiz, sufritu egin dut», azaldu du ETBko kameren aurrean. Hala ere, korrikaldi ederra bota du 5-21ekoan, zabalera iritsi eta dejada ederra eginda. Ordurako, ordea, guztiz akituta zegoen nafarra, zeinari borrokarako intentzioa ukatu ezin dakiokeen.

Penatuta bat eta pozarren bestea, kanporaketetan ohi bezala. Javier Zabalak, egungo Lau eta Erdiko txapeldunordeak, bere joko bizia atera du kantxara, kolpe indartsuz Bakaikoa atzean utzi eta hutsuneak probestu asmoz. 17 egindakorekin bukatu du partida Naiarakoak (Errioxa). Bakaikoak 5 hutsegite besterik ez ditu pilatu eta beraz, estatistikok nahikoa dira partidaren nondik norakoa ulertzeko.

Peña II.a, aurrera

«Orain lanean jarraitu behar dugu, topera jarri behar naiz», esan du Zabalak. Adierazpenok egin zituen unean, bere hurrengo aurkaria ezagutzeke zegoen eta beraz, jada sailkatuta daudenen gaitasunak azaleratu zituen. «Artola iaz txapela lortzeko zorian geratu zen eta Larrazabalek sekulako indarra  dauka kolpe bakoitzean», azpimarratu zuen aurrelari errioxarrak.

Dena dela, ligaxkan bere lehendabiziko aurkaria Peña II.a izango da, bi aste barru. Partida prestatzeko denbora nahikoa izango dute biek ala biek, eta seguru aurrelari tolosarrak eskertuko duela.

Oso gogor joan da Zarauzko partida, Peña II.a eta Peio Etxeberriaren artekoa. Azkenerako, balantza gipuzkoarraren alde jausi da eta esan daiteke arantza bat kendu duela Baikoko aurrelariak. Binakako txapelketa nagusitik kanpora geratu zen Jon Ander Peña eta garaipen honekin, lehen lerrora itzuliko da, ligaxka aurreko bi kanporaketak irabazita.

Peio Etxeberria, bestalde, burua ezin altxatuta dabil. Lau eta Erdiko txapela eskuratu zuenetik, jarraikotasun faltarekin dabil nafarra. Binakakoan ligaxkan kanporatua izan zen eta orain beste kolpe bat jaso du Aspekoak.

A multzoari dagokionez, igande honetan erabakiko da laugarren partaidea, Ezkurdia eta Jakaren arteko norgehiagokan.