
1.500 buru inguru dituzten bost artaldek Ordiziako erdigunea zeharkatu dute beste urtebetez asteazken honetan, Artzain Egunaren ospakizunean. Jai honek transhumantziaren ohitura gogorarazten du urtero, ardiek haranetik mendiko larreetara egiten duten udaberriko joan-etorria.
Urteko lehen azoka bereziarekin batera ospatu da udaberrian sartzen garela gogorarazten duen ekimena, Idiazabal gazta ere protagonista nagusia izan ohi da. Aurtengo gaztaren aurkezpena udaletxeko osoko bilkuren aretoan egin da. Bertan, Gorka Txapartegi Hondarribiko Alameda jatetxeko sukaldariak moztu du gazta, eta Jose Ramon Agiriano ostalari eta gastronomoak, berriz, Idiazabal Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzailearen omenaldia jaso du.
Txapartegik, kazetariei egindako adierazpenetan, «gaztaren sehaskan» parte hartzea «ohorea» eta «oparia» izan dela azpimarratu du, eta produktu horren inguruko ezagutza eta artzainek egiten duten lana goraipatu ditu. Agirianok, bestalde, gure herrialdeko lehen sektorea eta «zero kilometroko» ekoizpena babesteko beharra azpimarratu du.
Ekitaldi honetan Idiazabal gaztaren erregulartasun eta kalitate sariak ere banatu dira. Artzain egileen kategorian, Segurako Eneko Goiburuk jaso du saria eta gaztandegien alorrean berriz, Olatzagutiako La Vasco Navarra gaztagileak.

Goizeko 09.00ak jota zirela hasi da eguna Ordizian Garagartza plazan, bertan latxa arrazako aharien erakusketa eta lehiaketa egin dira, hogei bat parte-hartzailerekin, baita arkumeen erakusketa eta ardien jezte lehiaketa bat ere. Aurpegi gorriko latxa eta aurpegi beltzeko latxa barietateetako 200 abelburu inguru ikusi ahal izan dira.
Ordiziara hurbildu direnek artzainen mundua gertutik ezagutzeko aukera izan dute, ardiak jezteko aukera izan dute, baita ardiei makinaz zein eskuz ilea nola mozten zaien ikusi eta ikasteko aukera ere. Txikienak Nikolas Lekuona plazan elkartu dira, «artzain jokoak» antolatu baitira bertan.
Arkumeak burruntzira
Ohikoa denez, goiz osoan zehar Garagartza plazan 40 Eusko Label arkume erre dira burruntzi estiloan, Karlos Ibarrondok prestaturik. Arkume pintxoen salmentari esker, bildutako dirua Aspanogi Gipuzkoako haur minbizidunen gurasoen elkartera bideratuko da.
Aldi berean, goiz osoan zehar, asteroko azoka izan da, gazta eta Goierriko artisau-produktuak saltzeko postuekin eta trikitilariek eta dultzaineroek herriko kaleak alaituko dituzte.


Aparece el cadáver de una mujer en la playa de Itzurun de Zumaia

Vuelve a desaparecer el tropezón en recuerdo de Xabier de Frutos, repuesto esta mañana

García Loza, la policía... y el héroe de San Mamés

Un detenido tras la muerte de una mujer que se ha precipitado de una vivienda en Iruñea
