
Erraldoia da Imanol Lopez, Zumaiako Master Seriesean bigarren jokoko 11-8 tantoan erakutsi duen legez. Dotoreziaz jantzita, eskua luzatu, pilota saskiratu dantza bat bailitzan eta kolpe zitala. Hamarnaka aldiz errepikatu duen jokaldia da baina astelehen honetan, betirako itzaldu da. Zumaiarraren agintaldia akabatu da, erabaki propioz, agur esateko garaia iritsi zaiola iritzita. «Erregea izaten jarraituko» duela esan zioten herritarrek, gertukoenek, kideek eta aurkariek, rantxera doinu dotorez.
Lopezek, hain zuzen ere, konexio berezia eraiki zuen Mexikorekin, bere ibilbidearen bigarren zatian. Esan genezake hiru aro izan dituela zumaiarrak: lehena, gazte-gazte AEBtara bidaiatzean, 2003. urtean; 2017an etenaldi bat egin zuen eta hor hasi zen eraikitzen harreman estua Mexikorekin, bertako frontoian lehiatuz; eta azkena, etxean, Euskal Herrian, zesta-puntaren loraldi berrian.
Hirutan banatu izanagatik ere, urrezko aroa eraiki du Zumaiako titanak, eta Greziako mitologiako Zeus bat etorri gabe ere jakin izan du amaiera ederra ematen bere agintaldiari. «Bakean» eman dio bukaera, bere testigua nork jaso. Badaude hautagaiak, zerrenda ederra da, baina akaso ez da Lopez bezalakorik egongo atzeko koadroetan. Zesta-puntaren sasoia ez da berdina –ez behintzat AEBtako negozioa hautsi zenetik– eta horrek belaunaldi haustura bat ekarri du. Hala eta guztiz ere, atzokoan aurkari izan zuen Lekerika edo Basque, Ibarluzea, Manci eta Atain, besteak beste gogotsu daude, prest, beraien erreferente izan denaren aholkuak jasota, atzeko koadroetatik ahotsa altxatu eta zesta-puntaren osasuna gorenera eramateko.
Zesta-puntaren defentsa
Emozioa ezin eutsita zegoela, «eskerrik asko» ahoskatzea ere kostatzen zitzaiola, jaso duen babesa eskertu –batez ere etxekoena– eta zesta-punta babesten jarraitzea ezinbestekoa dela azpimarratu du bere azken mezuan. Kirol honekiko «maitasunak» eraman du 23 urte luzetan kantxan borroka egitera, norberaren ibilbiderako ez ezik, zesta-puntaren biziraupenerako ere bai.
Kolpe asko jasotakoa izan da alde horretatik. Profesionaletako bere hastapenetan zesta-punta ez zegoen egoerarik onenean, baina diruz osasuntsu zegoen. Desoreka horrekin konforme ez eta Lopezek zenbaitetan onartu du kirolaren bilakaeran hazi bat jartzea zela bere helburua. Jarritako hazia zenbateraino ereingo den baloratzea zaila da oraindik ere, baina aro bat markatu du Lopezek, eta ez edonola.
79 txapela gordeta dituela oheratu zen atzo, mota guztietakoak, aro guztietakoak. Eta hauei gehitu behar zaie Euskal Selekzioarekin irabazitako Nazioen Liga, sinbolikoa baina garrantzitsua pilotaren eta herriaren bilakaerarako. Kasik laurogei txapela irabazita 23 urteko ibilbide batean; kalkulu errazak aterata, batez beste, urtero hiru txapel baino gehiago jantzi ditu zumaiarrak. Azkena, urrezko gerrikoa soinean zuela, Jai Alai Ligako txapeldun bezala, loraldi berri honetan ere atzealdean titana izanda. Titana bere zentzurik abstraktuenean, bortizkeriari dagokionez titana izatetik oso urrun egon baita. Umila, gazteenen poderioarekin harrapatuta, aholkulari izateko prest, helburu batekin: zesta-puntaren onurarako lan egitea.
Frida Watkinsen bigarrena
Astelehen honetan, herrian izan da errege, Master Seriesa irabazita, Aritz Erkiaga piztia lagun zuela. Olharan eta Lekerikak zaildu diote partida. Hasierako partziala 10-0ekoa alde izan arren, gora etorri dira horiak (15-12) eta bigarren jokoa detaileetan erabaki da (15-10). Detaileetako bat zumaiarraren handitasuna izanik. Apenas lortu dute aurkariek gainetik pasatzea, bere gorputz luze eta esku dantzariarekin, erabakigarria izan da.
Aurretik, atzeko koadroetan erabakigarria izan dena Frida Watkins herrikidea izan da, bere bigarren Zumaiako Master Seriesa irabazita, aurtengoan Elaia Gogenolarekin bikotea osatuz. Zumaiarrak bere sasoi ona berretsi du, aste batzuk lehenago Winter Seriesean gailendu baitzen, Erika Mugartegi ‘Atain’ bikote zuela.
Atzetik aurrera egin dute berriatuarrak eta zumaiarrak Itzurun pilotalekuan, Ihart Arakistain eta Maialen Aldazabalek hasieran erakutsitako ziurtasuna (0-4) apaldu eta markagailuari buelta emateko (15-9). Lehen seta bereganatuta, hala ere, kosta zaie bigarrengoan jarraikortasuna ematea eta Arakistain eta Aldazabalek eskarmentuaren lasaitasunarekin berdinketa ezarri dute (11-15). Kiterako jokoan, atzelari zumaiarrak hautsi du partida, 2-1ean hormabiko izugarria egin eta konfiantzaz hauspotzeko (5-2).

Zupiria y ertzainas han podido hacer un uso ilegal de las grabaciones de bodycams en Loiu

La Polla Records: Reeditando mensajes necesarios de una banda imprescindible

Errenteriako alkateak «biktimak eta haien nahia» babestera deitu du Xenpelar eta Maya auzietan

Maya pide «prudencia y respeto» tras hacerse públicas las denuncias por agresiones sexistas

