Inurria

Inurriek banaka egiten dute lan, banaka eta taldeka era berean. Norberak ahal duen lana egiten du, baino lan egiten du era berean. Bakoitzaren onurarako da egindako esfortzu eskergaren ondorioa, baino ongizate kolektiborako inbertitzen den izerdi jarioa da era berean.
Ez dakit non ematen diren militantzia-eskolak, zein unetan barneratzen den kolektibotasunaren garrantzia, eskuzabaltasunaren esanahi hondoena eta lehenesten den orokorra interes pertsonalaren aurretik. Non irakasten den pentsamendua garatzen, jakinmina egunero ase behar izatearen ardura lantzen, intelektoa subjektu independente bat bezala tratatzen.
Denborak, bizitzak, egiten omen ditu irakasle lanak, gero bakoitza zer motatako ikaslea den, hori beste kontu bat da! Horregatik, bakoitza bere eremutik, gaur entzuten da jendea espetxeaz eta gatibualdiaz hitz egiten, aitaren eta senarraren oroitzapenak pilatzen, literaturaz eztabaidatzen, elikagai bihurtu zen "Ametsen liburua" loriatzen...
Tabakoa erredakzio pareko tabernan erosi eta kafearen bueltaz ere ariko gara gaur, naturzaletasunaz, eztabaida politikoez, preso zirenei eskainitako zutabe bakoitzaz, umiltasunaz, gozo hitz egiten zuen ahots eztiaz, begirada samurrez, irrifar lotsatiez, agurrik esan gabeko agurrez. Baina bereziki gizatasunaz. Hanpatzen ez den jakinduria itzelaz, egoa bazterrean uzten duen itzalaz, eskuzabaltasunaz, harrokeriarik gabeko tratuaz, gozamen sinpleaz, apaltasunaz, zutaz.
Isilpean egiten dira, ziur aski, iraultzarik handienak -eta konplikatuenak- eta protagonista anonimoak izaten dituzte maiz, isiltasun horrek lurperatuta uzten dituenak. Hain zuzen, lurrak gozo har zaitzala desiratuko dugu gaur, baina exhumazio bat da agian aldarrikatu beharrekoa, paradoxak paradoxa, bizi osoko lana ainubetik atera eta eguzki galdatan jartzearena. Edo ez al zara oraindik ohartu inurriok zure eskolan ere ikasi genuela? Artikuluetan ikusiko dugu elkar, Kixkur. Doakizu hemendik gure esker ona.

Lutxi Urigoitia: Una película a quemarropa para una sentencia inexistente

Jokin Urain ‘Kixkur’ idazle eta preso ohia hil da

La crisis PNV-PSE sube de nivel: Esteban suspende una reunión tras un tuit del PSE

«Lenguados made in Euskadi» para dar uso a las ruinas de la central nuclear de Lemoiz


