‘Datorren udan ez gara hemen biziko’ ipuin liburua kaleratu du Ane Zubeldiak

Gorputzen eta zentzumenen hitzei bide eman die Ane Zubeldia Magriñák bere bigarren argitalpenean. Sei ipuinez osatutako bilduma bada ere, poetikaz beteriko narratiba ondu du Hondarribikoak. Kutsu magikoz bete ditu paisaiak, garaiak eta giroak pertsonaiek baino gehiago esan dezaten.

Literaturarekiko duen konpromisoa azpimarratu du autoreak aurkezpenean
Literaturarekiko duen konpromisoa azpimarratu du autoreak aurkezpenean (Gorka Rubio | FOKU)

‘Kontra’ (Susa, 2025) poesia-bildumaren ostean, ipuinen mundura egin du jauzi Ane Zubeldia Magriñák (Hondarribia, 1994). Bigarren argitalpena Elkar argitaletxearen eskutik aurkeztu du asteazken honetan Donostiako egoitzan. Berekin batera izan dira Xabier Mendiguren editorea, Beasaingo alkate Leire Artola eta Irati Zubia filosofoa. Azken horren «pribilegioa» eta ardura izan da liburuaren lehen irakurle ofiziala izatea eta beraz, haren eskutik etorri dira aurkezpeneko sarrera-hitzak. Sintonia agerikoa izan da, Zubeldiaren txanda iritsi denean, autoreak aitortu baitu haren asmoekin bat egiten zuela bete-betean Zubiaren irakurketak.

‘Datorren udan ez gara hemen biziko’ 2024ko Igartza bekari esker ondutako lana da. Aurkezpenekin hasi aurretik, Mendigurenek ñabardura bat egin nahi izan du 2025eko irailean Palestinako genozidioaren testuingurupean bertan behera gelditu zen sariari dagokionez. «Ez dugu azpimarratu nahi, baina ezta ukatu nahi ere, azken batean sari horren laguntzaz idatzi duelako egileak». Beasaingo alkateari bertaratzeagatik eskerrak emateko probestu du unea editoreak, Igartza saria «agian egunen batean berriz hartzeko» aukera baztertu gabe.

Bizitza iheskorrak

Sei ipuinek osatzen dute Zubeldiaren bigarren liburua, hainbat pertsonaia, pasaia, kokaleku eta garaien bitartez azalpenak baino, deskribapenak eskaintzen dituztenak. Zubiaren aburuz, Zubeldiaren idazkerak asko du «intuiziotik eta sentsaziotik». Hain zuzen ere, irakurleak bidea ustez modu «arrazional» batean ez egin arren, liburuaren amaieran, «osotasuna harrapatzean, denak hartzen du zentzua». Puzzlearen piezak enkajatzearen «poz txiki edo garaipen» sentimendua gailentzen dela azaldu du Zubiak. Liburuaren dohainetako bat da beraz irakurleak berak egiten duela bidea. «Idazleak ezin du gehiegi, baina ezta gutxiegi ere kontatu».

Efimerotasuna liburuaren «atzeko oihala» dela nabarmendu du filosofoak, «ihes egiten duten gauzak» ageri baitira ipuinetan: heriotza, amaitzen diren harremanak, memoria.. Deskribapenak pisu handia du, «irudiek, sentsazioek, testurek» kontatu egiten baitute, «eta ez azaldu». Hartara, «giroak hitz egiten du» pertsonaien partez; horiek, Zubiaren aburuz, «eskuekin zerbait heldu nahian, baina behatzen artean ihes egiten duen sentipenarekin» ageri baitira. «Batzuetan ihes egiten duen hori da bizitza bera». Egungo garai likidoetan «ziurgabetasuna, probisionaltasuna, efimerotasuna...» nabarmentzen direla gaineratu du eta horrek sortatutako antsietatearen aurrean, heldulekuen beharra azpimarratu du. Zubeldiaren ipuinetan «kontsolamendu» hori topatu duela aitortu du filosofoak.

Liburu «ukigarria»

Poztasunez beteta agertu da prentsaurrean Zubeldia. Duela bi urtetik hona collage batean islatzen joan diren ideiek bere asmoekin bat egin eta ipuin-bilduma «sensorial» bat ontzea lortu baitu. «Zentzumenak eta gorputzak asko interpelatuko zituen liburu bat idatzi nahi nuen». Gorputzak hitz egin eta diskurtsoetatik aldendu nahi izan duela azaldu du idazleak, bestela «oso erraza da narrazio handietara jotzea edo mundua modu maximalistago batean azaltzen saiatzea». Horregatik «garaiak pertsonaien bitartez hitz egin zezan» saiatu da, eta ez hainbeste narratzailearen ahotik. Paisaiak ere «pertsonaien baldintzatzaile» dira. Biografia pertsonaleko paisaiak hautatu ditu: Bilbo, Zuberoa, erreka bat edota Burgoseko herri txiki bat, besteak beste.

Susmo batzuei tiraka aritu da lanean: «nire konpromisorik handiena ipuin bakoitzaren haziarekin izan da». Horretarako, eta esperimentatzeko tartea galdu gabe, ipuinen forma hazi horren mesedetan moldatu du. «Nire plumero poeta agerikoa da», aitortu du aurkezpenean idazleak. Poesiatik asko edaten dute narrazioek; olerki forma hartu du esaterako ipuinetako batek. Eguneroko itxura edo bestelako forma bereziagoak ere topatuko ditu irakurleak. Narrazioetan kutsu magiko, subrealista eta baita distopikoa ere usaintzen dela azaldu du autoreak. Idazketa prozesuak bere burua ezagutzeko baliagarri egin zaiola azpimarratu du Zubeldiak: «Uste dudana baino konpromiso gehiago dut literaturarekin». Mundua zaintzeko beste modu bat idaztea dela gaineratu du Hondarribikoak.