NAIZ

Esteban haserre dago Anduezarekin, baina ziurtatu duenez ez da gobernu hausturarik gertatuko

Lakuako bi gobernukideen arteko ika-mikaz betetako bost egunen ondotik, Aitor Esteban EBBko presidenteak esan du ez dela onargarria halako memeak zabaltzea kontu ofizial batetik, ez hainbeste irudiagatik, baizik eta «gezurretan aritu direlako». Dena den, gobernua mantenduko dela iragarri du.

Aitor Esteban EBBko burua, Aberri Egunean.
Aitor Esteban EBBko burua, Aberri Egunean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

EAJ eta PSEren arteko tirabirek markatutako bost egun eta gero, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, Aitor Estebanek, adierazi du haserre dagoela PSErekin, ez zaiolako onargarria iruditzen gobernukide batek halako meme bat zabaltzea kidearen kontra. Eneko Anduezak agindu omen zion ez duela gerrarik egingo euskararen inguruan, baina ez du hitza bete. Eta, okerragoa dena, gaineratu du Estebanek, «gezurretan ibili da», euskara langileentzako mehatxu dela esanez. «Ulertezintzat» jo du PSEren jarrera, baina horrek ez du gobernua hautsiko, ziurtatu duenez.

«Kontakizun bat zabaldu nahi dute gizartean, eta ezin dugu hori onartu», azpimarratu du EBBko presidenteak larunbat honetan, ETBri emandako elkarrizketan. «Aurreko asteko asteartean, batzar batean egon nintzen Eneko Anduezarekin eta esan zidan ez zirela euskararen arloko akordio batean sartuko, baina onartzen zutela aurrerapauso handiak eman ditugula, ahalegina egin dugula. Berba eman zidan ez zutela euskararen inguruan gerra bat egingo. Baina handik egun gutxira, adierazpen batzuk eta memea etorri ziren».

Jeltzaleen proposamena

Kontatu duenez, urtebetez aritu dira lanean. «Hemen, sententzia batzuk egon dira eta hori ukaezina da. Eta begiak itxita ez dugu ezer konpontzen. Zer edo zer egin behar da. Guk zer proposatzen dugu? Segurtasun juridikoa ematea, ez bakarrik euskaraz dakitenei, ez dakitenei ere bai. Azken batean, Enplegu Eskaintza Publiko bat behar den moduan eta denboran burutuko dela ziurtatzea. Horretarako egin dugu planteamendua».

Argitu duenez, beren proposamen hori ez doa langileen kontra; areago, ez dakitenentzako ere egiten da eskaintza, denbora batean hizkuntza ikasteko. Gaineratu duenez, bitartekoak emango dizkiete. Proposamen zabala dela defendatu du EBBko buruak, eta orain dagoen arazoa ekiditen duela baieztatu du, dagoen eredua indarrean mantenduz.

PSEk «ez du ezer aldatu gura». EH Bilduk, aldiz, «ereduaren aldaketa oso bat» planteatu du, laburbildu du Estebanek. Jeltzaleen iritziz, «gauzak dauden moduan, ez da unerik egokiena eredu aldaketa hori aurrera eramateko. Orduan, indarrean duguna mantentzea proposatzen dugu, epai horiek zabaldu duten zuloa konponduta», azaldu du. Beren proposamenaren inguruan adostasun handi bat lor litekeela uste du.

«EAJ eta ni neu ez gara polemiketan hasiko, ez dugu zaratarik egingo, formak zainduko ditugu, baina ez gara isilduko, ze barruan gauza bat esatea eta kanpora begira beste bat egitea, politika zarata baino ez balitz bezala, hori ez dugu onartuko. Hori ez da politika eta ez gara isilduko. Koherentziaz jokatuko dugu. Gobernua mantenduko dugu, baina PSEk uste badu zarata atera dezakeela inolako kalterik barik, hori bere iritzia izango da», adierazi du.